Egunsenti desobedientearen bizipenak eta irakaspenak

Axier Lopez
0

Aske Gunearekin izandako lehendabiziko hartu-emana 13an, larunbatean, izan zen. Aske Gunearen inguruan antolatzen ari zena interesgarria zelakoan, Beranduegirako bideo erreportajea egitea bururatu zitzaidan. Horren bitartez hango 8 auzipetuak ezagutzeko aukera izan nuen eta erakutsi zidaten gizatasunak, Bulebarrean sumatu nuen giro biziak eta jendeak zer edo zer berria egiteko grinak eraman ninduten, atxilotzeko agindua jaso zutenean, asteazkenetik ostiralera bitarteko egun eta gau guztiak Aske Gunean pasatzera, asmo bera zuten beste hamabost bat zumaiarrekin batera.

Gaua lotan Bulebarrean eman, goizeko 7etan esnatu, lanera etorri eta arratsaldean lanetik zuzenean Donostiara buelta egin nuen. Eta egun eta gau horiek, Twitter eta Facebook bidez han gertatzen ari zena kontatzeko balitu nituen, baita hango antolakuntzari gure laguntza txikia eskaintzeko ere. Maila pertsonalean hasieratik ikusi bainuen han gertatzen ari zenak, artean ostiralean gertatuko zena irudikatzen ez bagenuen ere, bide berri bat irekitzeko gaitasuna zuela, baita aztarna luzea uztekoa ere.

Apirilaren 12an, gaueko 12ak. Ertzaintza Aske Gunean azaldu zen lehenengo aldia.

Osteguneko gauerdian Ertzaintza estreinako aldiz azaldu zenean bizi izandakoa izan zen esandako hau guztiaren berrespena. Sirena hotsak entzun eta segundo batzuen bueltan nire burua 300 bat lagunekin elkar lotuta ikusi nuenean, hango metro karratu eskasetan sortu zen urduritasun, amorru, beldur eta, gehien bat, indarrak txundituta utzi ninduen. Orduan garbi ikusi nuen nire lekua harresi horren barnean zegoela eta ez kioskoan kazetarientzako prestatuko zuten konfinamenduan. Halaxe egin nuen ostiralean, gaueko 6ak aldera 30 furgona Bulebarrera bidean zirela abisatu gintuztenean.
Erabaki horri esker bertatik bertara ikusi ahal izan nuen klase politikoaren gehiengoak aparteko edo eredugarri izendatu duen Ertzaintzaren jokabide horren egiazko aurpegia. Momentuko adrenalina txuteak harresitik nola atera ninduten memoriatik ezabarazi dit. Lepoan jaso nuen ukabilkadaren arrastoa, hanka eta besoetako urraduren aztarnak eta ezkerreko besoa bihurritu zidan ertzainaren irripar txikiaren soinua dira dauzkadan pista bakarrak. Halere, beste 900 bat lagunei lotuta eserita eman nuen ordubete eta erdian ikusi nuen komunikabide ofizialek jaso ez duten Ertzaintzaren jokamoldearen alde iluna. Gertutik emandako ukabilkadak, erauzitako ile-xerloak, filma yankeetan azaltzen diren droga-mafiosoek darabilten hizkera sexista eta bortitza ertzainen ahotan (erdaraz noski),  bereziki emakumeei emandako tratu iraingarria, bertatik bertara ikusi genuen Argiako lankide batek jasandako eraso zentsuratzailea…
Ostiral goizaldeko une bat

Gertaera hauek denak, soilik bertatik bertara, metro gutxitara, ikusi, sentitu eta deskribatu ahal diren kasuak dira. Kazetaritza baldin bada errealitatearen interpretazioa eta zabalpena, gau horretan ehunka gazte eta helduen artean zegoen egia. Ordubete luzez nire eskuineko besoari lotuta beldurrez negar batean igaro zuen, baina lurretik arrastaka eraman arte eserita iraun zuen, neska oiartzuarraren aurpegian zegoen. Lau ertzainen artean lurretik arrastaka eraman ostean sabelean ukabilkada jaso zuen berrogeitamapiku urteko auziperatuaren amaren amorruan atzeman nuen nire ezkerrean metro gutxitara. Metro batera nuen 40 kilo ere pisatuko ez zuen neska gaztearen egundoko indarrean ikusi nuen; bost ertzainen artean borra, ukabilak eta botak erabilita ere lanak izan zituzten harresitik kanporatzeko eta behin lurrean etzanda zutela, ertzain baten botaren zola aurpegian zuela eta gainerako lauren golpeak jaso bitartean, neskak alboko ertzainaren hankari lotuta jarraitu zuen handik bidal ez zezaten. Edota Iruñeko nire lagun baten kasua ere. Jaso zuen jipoiaren eraginez besoa lekutik aterarazi bazioten ere, inguruetan gazteei babesa eskaintzen jarraitu zuen Ertzaintzak alde egin arte.
Sei gazteak atxilotuta, dozenaka zauritu eta ehunka lagun jipoituak izanik ere, hiru orduko erresistentziaren ostean bertan zirenen “Gaur guk irabazi dugu” oihua nekez uler daiteke giza-harresiaren barrenetik bizi izandakoa kontutan hartu gabe. Izan ere, bizi gaituen sistemaren krudelkeria ulertzeko osagai guztiak ispilu baten aurrean jartzeko gaitasuna izan du Aske Gunearen ekimenak.  Baita kazetariontzako zenbait irakaspen eta kontradikzio azaleratu ere.
‘Zure argazkiak ez badira behar bezain onak, behar beste hurbildu ez zaren seinale’ Robert Cappa argazkilari eta kazetariaren esaldiak zentzu osoa hartu zuen otsailaren 19an. Ehunka lagunek bidegabea den agindu bati men ez egitea erabaki zuten egunean. Desobedientziaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA