Ahed Tamimik ez du epaiketa justurik izango

2017ko abenduaren 20an, Israelgo okupazio indarrak Zisjordaniako Nabi Saleh herriko etxe batera sartu ziren eta 16 urteko palestinar bat atxilo eraman zuten. Gazte hori Ahed Tamimi da eta askatasunaren aldeko palestinarren borrokaren ikono bihurtu da. Igandean –martxoak 11– epaituko du Israelgo epaitegi militar batek. 10 urteko espetxe zigorra jaso lezake.

Bere abokatua Gaby Lasky da. Judu israeldarra da eta hamar urte daramatza palestinarrak epaitegietan defendatzen. Meretz alderdi israledar ezkertiarreko zinegotzi da Tel Aviv-eko udaletxean.  Laskyk garbi dio: “Ahed Tamimik ez du epaiketa justurik izango, epaitegi militarren helburua ez delako justizia egitea, okupazioa betikotzea baizik. Israelgo epaitegi militarretan epaitutako palestinarren %99,7-k zigorra jaso du”.

Bada beste datu esanguratsu bat Laskyk dioenari gehitzeko: Palestinan bizi diren kolono israeldarrak justizia zibilaren arabera epaitzen dituzte, baina aldiz palestinarrei justizia militarra ezartzen diete, askoz zurrun eta zigorzaleagoa dena.

8.000 bat ume palestinar atxilotu eta epaitu dituzte Israelgo epaitegi militarretan 2000 urtetik hona. Egun 350 bat dira Israelgo espetxeetan dauden adingabeko palestinarrak. Ahed-en eta gainerako haur palestinarren askatasuna eskatzen ari dira mundu osoko hainbat talde eta ekintzaile. Ahedek 17 urte bete zituen urtarrilaren 31n, ziega baten barruan.

Infografia kalitate handiz deskargatzeko: Ahed-Tamimi-EUS.pdf

ARGIAren eta Visualizing Palestine kolektiboaren arteko elkarlanari esker sortutako lana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude