Motxiladun jeltzaleak

Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula kaleko giro politiko apalduko Euskal Herri “normalizatu” honetan 100.000 lagun kalera ateratzea, are gehiago eguraldi petralak PPren nahiekin bat egiten duenean. Iazko 80.000 lagunek, 2014ko 130.000ek edo aurtengo manifestariek, kopuruak kopuru, agerian utzi dute preso politikoen aurkako salbuespen neurriak bertan behera uzteko nahia sakon errotuta dagoela. Euskal Herriko aldarrikapenik zabalena eta transbertsalena izaten jarraitzen du.

Larunbatekoa “ezker abetzalearen ekitaldia” dela esanez solitarioan tranpetan ari da EAJ. Ezker abertzaleak jende kopuru hori mobilizatzeko gaitasuna balu, beste kezka batzuk izango lituzke EAJk. Ezetzaren arrazoia nekez azalduko diete agintari jeltzaleek hilero-hilero espetxeetara milaka kilometro egin behar dituzten umeei, adibidez. Ala horiek ere ezker abertzalekoak dira? Sakabanaketaren aurka kalera ez ateratzeko arrazoiak politikagintza instituzionalaren mahai-jokoan aurkituko ditugu. PPrekiko aldebikotasunaren garaiotan, ez da “abertzaleekin” batasuna irudikatzeko unea, argazki baterako eta egun batez bada ere. Zalantzarik ez da jeltzaleak sakabanaketari amaiera ematea eta preso gaixoen etxeratzearen alde daudela. Baina hori lortzeko ez dute arriskuan jarriko Espainiarekiko negoziaketak eta EAEko gobernagarritasunaren makuluekiko “rollo ona”. Motxila hori astuna bezain gozoa dute.

Parisen, Madrilen ifrentzua

Euskal Herriko gatazka armatu eta politikoa ez da Pirinioen bi aldeetan berdin bizi. Pernandoren egia hori, Luhusoko ekintzaileen lan eskergak agerian utzi eta Parisek presoak hurbilduko dituela dioten hotsek berretsi dute egunotan. Frantziako Gobernuak bere sentitzen ez duen aspaldiko harri txintxor bat gainetik kentzeko aukera paregabea du, bake artisauen bueltan lortutako adostasun zabalari esker. Eta gainera, eskuak libreago izango ditu ate joka duen beste gatazka bati ekiteko: Korsika. Korsikarrak, gu ez bezala, badira “barne afera” Parisko agintari chauvinistentzat.

Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren eta alderdi politikoen arteko adostasunak goraipatzen dira Hegoaldean, bide horrek ere noizbait oihartzun praktikorik izan dezan. Baina Madril ez da Paris. Espainiako Estatuaren erantzun historikoa autoritarioa eta mendekuzalea izan da gai honetan. Eta egun gerra baten garailetzat dute beren burua. Txema Matanzas preso ohiak Hala Bedin adierazi bezala, “gerrate batean galtzaileak ez ditu sekula idazten armistizioaren baldintzak; Estatu espainiarrak finkatu ditu ‘bakearen’ terminoak”. Bakearen prezio sadiko hori presoen senideek ordaintzen jarraitzen dute, beste askoren artean. Elefante hori mugiarazteko, alderdi politikoen arteko adostasuna baino indar gehiago beharko dugu Hego Euskal Herrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude