“Diktaduraren aurka zerua ere margotuko dugu!”

Halaxe zioten Txileko Ramona Parra brigadako (BRP) kideek 1970eko hamarkadan. Pintura arma eta kalea mihise hartuta, muralgintzan lan oparoa egin dute azken lau hamarkadetan, baita Pinocheten diktadura odoltsuaren garaietan ere.

Belgikako Michel Collon idazle, kazetari eta dokumentalgile ezkertiarrak osatutako bideoan muralgintza politiko eta sozialean BRPk egindako lan ederrari gain-begiratua eman dio. Txileko Alderdi Komunistako horma-irudien brigada da, 1968an sortua. Ramona Parra, 1946ko manifestazio batean Poliziak hil zuen 19 urteko emakumearen izena da. Salvador Allende presidente izateko aurkeztu zen hauteskunde-kanpainan egin ziren ezagun beren horma-irudiak.

Herritarrek osatutako taldea da, artista profesionalik ez da eta ibilbide luzearen ostean estilo propioa sortzeko gai izan dira, Hego Amerika eta Ertamerikako hainbat herritan muralgintzan dagoen tradizio oparoari ekarpena eginez. Kolore biziek eta figura ikonikoek ezaugarritzen dute beren lana, baina ororen gainetik lehentasun izan dute herritar ororentzat gertukoa egitea eta gai sozial eta politikoen isla izatea. Doako hezkuntza integratzailea, kultura herrikoia, Txileko kobre harrobien nazionalizazioa, jatorrizko herrien –maputxeak bereziki– aldeko aldarria, giza eskubideen defentsa… Txileko mugak gainditzen dituen ikuspegi internazionalista oso presente izanik.

Sormenaren bidetik aldarrikatzen dute artea eta kultura herritar guztiek eskura izan behar dutela, mundua eraldatzeko ezinbesteko tresnak  direla praktikara eramatearekin batera.

50 urte lanean, baita diktadurapean ere
1973ko Pinocheten estatu kolpearen osteko errepresio orokorrak ez zuen BRPko kideekin salbuespenik egin eta hainbat kide hil edo kartzelaratu zituzten, eta beste batzuek Txiletik ihes egin behar izan zuten. Eta jakina, AEBen babesa zuen diktadurak zentsuratu egin zituen beren lan guztiak. Errepresio giro horretan sortu zen beren lelo nagusi bilakatu zena: “Diktaduraren aurka zerua ere margotuko dugu!”.

Klandestinitatean izanik ere, diktadurari aurre egin zioten hobekien zekitena egiten: margotzen. “Ezinezkoa zen mural handiak margotzea, beraz sarri R bat margotzen genuen zirkulu baten barruan, alboan izar bat zuela. R letrak erresistentzia adierazi nahi zuen, zirkuluak batasuna eta izarra BRPren ikurra zen”. Juan Tralma, brigadako sortzailearen hitzak dira.

Diktaduraren amaieraren hasiera izan zen 1988ko erreferenduma. 17 urteko zentsuraren ostean, orduan berragertu ziren tamaina handiko muralak kalean. 17 urtetan Txilen 1.151 lagun hil zituzten, eta 979 atxilotu edo desagerrarazi, Rettig izeneko txostenaren arabera.

50 urte igarota ere, egun egiten dituzten muralek ez dute orduko aldarrikapen eta bizitasunik galdu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude