Historiako 100 argazkirik indartsuenak

AEBtako Time aldizkari ezagunak eskatu die nazioarteko zenbait historialari, editore, arte komisario eta argazkilariri historian gordeta geratu(ko) diren 100 argazkiak aukeratzeko.

Telebistako informatiboetako lehen albisteetan, alderdi politiko eta herri mugimenduen karteletan, musika talde askotako diskoen azaletan, mota guztietako iragarkietan… zabalpen eta eragin handia lortu duten argazki bilduma osatu dute Time-k hautatutako adituek. 1826tik –Joseph Nicéphore Niépcek urte horretan egindakoa lehen argazkitzat hartu dute– 2016ra arte egindako milioika argazkien artean, gizartea astindu, beldurtu, asaldatu edo alaitu duten irudiak aukeratu dituzte, horietako asko ikono bilakatutakoak.

Irizpidea, noski, guztiz subjetiboa da. Proiektua beste kultura edo herrialde batean sortu izan balute, hautapena oso bestelakoa izango litzateke, eta akaso emakume gehiago agertuko lirateke hainbeste arren artean, baina emaitza ikusgarria dela ez daiteke uka.

100 horietatik esanguratsuenak ekarri ditugu blogera, bilduma osoa 100photos.time.com webgunean ikusgai dago.

(Richard Drew – 2001) New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoaren ikurretakoa. Desesperazioak jota bere burua leihotik behera bota zuen gizonarena.

(Nick Ut, 1972) 9 urteko Phan Thi Kim Phuc-en gorputz erreak Vietnamgo gudaren krudela erakutsi zion mundu osoari. AEBetako armadaren aliatu Hego Vietnamgo hezgazkinen napalmak arropa eta azala erre zizkion neskatoari. Argazkilariak berak eraman zuen ospitalera.

(Ezezaguna, 1943) Varsovian (Polonia) naziek ghettoetan sarrarazi zituzten judu, homosexualak, komunistak, ijitoak… Eta handik kontzentrazio-esparruetara mugitu zituzten. Heriotzarako lehen pausua izan zen gehienentzat. SSetako Jürgen Stroop jeneralak egindako txostenei esker dago orduko lekukotza grafiko hau.

(Ivan Frederick sargentua, 2003) Torturaren ikono modernoa sortu zuen, nahi gabe, AEBetako Ivan Frederick sarjentuak Irakeko Abu Ghraib kartzelan hartutako irudiaren bitartez, eta bide batez, balio izan zuen AEBek esportatzen duten demokrazia ereduaren “onurak” gogorarazteko.

(Neil Armstrong, 1969) Urte horretako uztailaren 20an zapaldu zuen gizakiak lehendabiziko aldiz Lurrekoa ez zen beste lur bat. Eta Buzz Aldrin astronautari egindako argazki hau gertakari historikoaren testigantza bilakatu zen.

(Jeff Widener, 1989) Ekainaren 4an Beijingo Tiananmen Plazan ehunka gazte hil zituen Txinako armadak. Hurrengo egunean Widenerrek plaza inguruko hotel batetik egin zuen argazki entzutetsua: erosketako boltsak eskuan zituela tankeei bidea moztu zien gizona. Erresistentzia baketsuaren ikur bilakatu ziren pertsona ezezaguna eta argazkia.

(Yevgeny Khaldei, 1945) Munduko iruditeria komunistaren eta nazismoaren aurkako garaipenaren sinbolo nagusiena da Khaldei ukrainiarrak Berlingo Reichstagen –nazien kuartel nagusia– egindakoa. Ogonek aldizkari errusiarrak inprimatu zuen lehen aldiz eta orduz geroztik kontaezinak dira irudiak munduari emandako itzuliak.

(Eddie Adams, 1968) Vietnamgo gudaren beste irudi nagusia da 1969ko Pullitzer saria izabazi zuen hau, Nguyen Ngoz Loan Hego Vietnam kapitalistaren Poliziako jeneralak Ipar Vietnamgo preso komunista bat hil zuenekoa, kale erdian. Mugimendu bakezaleek gerraren zentzugabekeria salatzeko sarri erabiltzen duten irudia da. Halere, AEBetako argazkilariak jeneralari barkamena eskatu zion argazkiagatik, borreroa gerrako heroia zela argudiatuz.

(Ezezaguna, 1934) Izena duen guztia bada. Beraz, nork ez du ezagutzen Eskoziako Highlandsetako Ness lakuan bizi den munstroa? Gaur egunera arte heldu zaizkigun munstroari buruzko mota guztietako teorien lehen pizgarria irudi hau izan zen. Photoshop gurean egon aurretik, montajeak egiteko gaitasuna bazela erakusten du argazkiak.

(Susan Meiselas, 1979) Nikaraguako Somoza diktadorea boteretik bota eta atzerrira joan baino egun bat lehenago egindako argazki honek irudikatu zuen sandinisten garaipena. Pablo de Jesus “Bareta”k jaurtitako molotov koktelak kamiseta askotan inprimatuta amaitu du.

(William Anders, 1968) 1968ko abenduaren 24an Apollo 8-ko astronautetako batek egin zuen gure planetaren lehendabiziko argazkia koloretan.

(Joseph Nicéphore Niépce, 1826 edo 1827) Gaur gaurkoz ezagutzen dugun lehendabiziko argazkia, “camera obscura” batekin egindakoa Frantziako Saint-Loup-de-Varennes herrian.

(Louis Daguerre, 1839) Gizakiak bere buruari egindako lehen argazkia. Beste era batera esanda, pertsona bat argazkitan agertu zen lehen aldia Parisen izan zen, 1839ko udazkenean, dagerretipoari izena eman zionaren eskutik.

(Bradley Cooper, 2014) Gizakiak lehen aldiz bere burua argazki batean ikusi zuenetik, gaur arte utzi ezin izan dugun droga bilakatu da. Inoiz selfierik egin ez duenak jaso beza eskua. Meryl Streep, Brad Pitt, Kevin Spacey eta gainerako aktore koadrilaren argazkia Twitterren zabalpen handiena izan duena da (3 milioi bertxio baino gehiago). Egun bilioi bat dolar balio du argazkiak.

(Ezezaguna, 1932) Argazki honetan oinarrituta egin diren moldaketekin entziklopedia bat osa liteke. New Yorkeko Manhattango ikuspegi ederra zuen “txokoa” aukeratu zuten etxe-orratzetako hamaika langilek hamaiketakoaz gozatzeko.

(Co Rentmeester, 1984) 1979an jaio nintzen eta nerabezaroaz gordetzen dudan irudien artean Michael Jordanena dago ezbairik gabe. Nike multinazionalak azkar atzeman zuen berarengan negoziorako aukera eta Jordanen silueta munduko ezagunenetakoa bilakarazi zuten zapatillen industriari esker. Eta hala, orduan batere ohikoa ez zen “maitasun” harreman bati hasiera eman zioten: kirolariak, dirua eta publizitatearen artekoa.

(Alfred Eisenstaedt, 1945) Argazkilaritzaren historiako muxurik ezagunenetakoa da Bigarren Mundu Gerraren amaiera iragartzean, abuztuaren 14an, New Yorkeko kaleetan egindakoa. AEBetako itsas-armadako soldaduaren eta erizainaren arteko muxua. Baina dena ez da dirudien bezain “polita”, izan ere begi-aurrean duguna orduko eraso matxista bat baita.

(Brent Stirton, 2007) Argazki hau askorentzat ezezaguna izango da. Hala zen niretzat orain dela urtebete ingurura arte, baina behin ikusita ziur ez dizula erraz ihes egingo gogotik. Gerrak eta sistema kapitalistak (neurririk gabeko egur ustiaketa, besteak beste) desagertzeko arriskuan jarri duten zilar koloreko gorila bat garraitzen ari dira hamabi lagun Kongoko Virunga parke nazionalean.

(Nilüfer Demir, 2015) Alan Kurdiren gurasoek eta anaiak Siriako gerratik ihes egin zuten, baina Turkiatik Greziako Kos irlarako bidaian, hiru urteko Alanek, itxitako mugekin batera heriotza ere aurkitu zuen bidean. Beste milaka pertsona Alanen patu bera izatera kondenatzen ari diren Europako politikarien ankerkeriaren ikur bilakatu da bere argazkia.

(Kevin Carter, 1993) Gosea eta biolentziarekin lotutakoa da komunikabide handi gehienek Afrikaz ematen duten irudia. Halakoa dira 90eko hamarkadan Sudanek sufritu zuen gosetean egindako argazki gordinak. Carterrek kritika handiak jaso zituen, umea lagundu beharrean, begira geratzeagatik argazkirik “onena” lortzeko. Umeak biziraun zuen, baina 14 urte geroago hil zen malariak jota.

(Joe Rosenthal, 1945) Hilabete batean AEBetako 6.800 soldadu eta 21.000 japoniar hil ziren ozeano Barean galdutako Iwo Sima irla kontrolatzeko. Bosgarren egunean Suribachi mendia menpean hartu zuten estatubatuarrek, baita AEBetako nazionalismoak ikur handi bat irabazi ere.

(Margaret Bourke-White, 1946) Ghandi hil ostean argitaratu zuten argazki hau eta desobedientzia zibilaren bultzatzaile nagusitzat dugun Indiako buruzagiaren irudirik ezagunena bilakatu zen.

(Robert Capa, 1936) Gerra argazkilaririk onenetakoa da Capa, eta lehena izan zen borrokan hildako pertsona baten argazkia argitaratzen. Espainiako Estatuko 1936ko gerran egin zuen lana oso ezaguna da eta denen artean, bereziki, argazki hau. Francoren aldeko indarren metrailadore batek miliziano bat akabatu zuen momentua. O.D. Gallagher kazetariak dio Capak aitortu ziola argazkia montajea izan zela, baina hori ez du inork baieztatu.

(Malcolm Browne, 1963) 1963an askok ez zekiten Vietnam ezta non zegoen ere, baina Thich Quang Duc monjeak bere buruari su eman zioneko argazki honek herrialdea mapan kokatu zuen. Irudi ezagun hau leku eta testuinguru askotan erabili da; Rage Against The Machine musika taldearen lehen diskoren azala izan zen, bat aipatzearren.

(Charles Levy, 1945) AEBetako armadak Japongo Hiroshima eta Nagasaki gizakiaren historiako orri ilunenetan sartu zituzten. Little Boy hegazkineko Charles Levy tenienteak bonba atomikoa milaka lagunen gainera jauritzeaz gain, argazkia egiteko tarterik ere izan zuen.

(John Dominis, 1968) AEBtako Tommie Smith eta John Carlos korrikalarien ekintza Mexikoko Joku Olinpikoetan afroamerikarren harrotasuna eta indarraren erakusle bilakatu zen. Larruzko eskularru beltzetan bildutako ukabilek –Pantera Beltzek ohikoa zuten agurra– munduari bira eman zioten. Korrikalari zuria Peter Normanek ere bat egin zuen protestarekin, beste bi podiokidek egin bezala, bularrean arrazakeriaren aurkako pegatina jarriz.

(Pete Souza, 2011) Bertsio ofizialak dio Osama Bin Laden maiatzaren 1ean hil zutela Pakistanen, AEBetako armadako operazio berezi batean. Hillary Clinton estatu idazkariak babestuta, AEBetako presidente Barack Obamak agindu zuen hilketa, nahiz eta gaur egun beste iritzi batzuek bertsio hori gezurtzen duten. Zuzenean jarraitu omen zuten hilketa, eta AEBetako bertsioa berresteko zabaldu zuten argazki hau.

(Luis Orlando Lagos, 1973) Txileko presidente demokratikoaren aurkako estatu kolpearen argazki ezagunena da. Salvador Allende, gobernutik bota eta hil aurreko orduetan, Pinochet kolpistaren hegazkinei so dagoela. AEBetako gobernuaren laguntza izan zuen estatu kolpearen ostean eratu zuten diktadurak 40.000 txiletar torturatu, hil edo desagerrarazi zituen. Lagos argazkilariak irudia anonimoki zabaldu zuen, errepresioaren beldur. 2007an jakitera eman zen argazkia berea zela. Lagos urte batzuk lehenago hil zen.

(Neil Leifer, 1965) Ringeko zoruan botata dagoen Sonny Liston boxeolariak agian ez du berdin ikusiko, baina Mouhamed Aliren argazki hau XX. mendeko kirol irudirik indartsuenetako bat da. Minutu bat eta 44 segundu behar izan zituen 24 urteko Alik 34 urteko beteranoa nokeatzeko. Momentu hori kartel, kamiseta, poster eta slogan politiko eta sozial askoren laguntzaile bilakatu da orduz geroztik.

(Albeto Diaz ‘Korda’, 1960) Zer esan Kordaren argazki honi buruz? Argazkia baino ikono deitu beharko genioke? Nork ez du noizbait ikusi kamiseta, pin, kartel edo Zarako denda batean? Inoiz historian gehien inprimatu/erabili den irudia dela diote askok. Argazkia egin zuen unea azaltzen du egileak berak bideo honetan: https://youtu.be/Znb4xk5hldk

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude