Paul McCartney ere errebeldea izan zen

Asko harritzen dira oraindik ere irakurtzean, John Lennonek Provisional IRA talde armatua eta WRP (Langileen Alderdi Iraultzailea) diruz lagundu zituela. Edo Beatles-zaleen gorrotoaren jomuga, Yoko Ono, bera ere 70eko hamarkadan Ipar Irlandako okupazioaren aurkako manifestaldietan agertzen zela . Garai bateko Lennonen joera ezkertiarrak kontu ezagunak dira baina Paul McCartney bere taldekidearenak ez hainbeste.
The Beatles taldea 1970an desegin ostean gaur egunera arte luzatu den bakarkako ibilbide musikalari ekin aurretik, McCartneyk osatu zuen Wings taldea Linda emaztearekin batera. Hamar urteko ibilbidea egin zuen talde honek sortutako kanta da bideoan entzungai dagoena. Taldearen lehen diskoko abesti honek ondorengo estrofak dauzka, besteak beste:

“Britainiarrak itzelak zarete gero! Zer ari zarete egiten itsasoaren bestaldean? Lanerako bidean soldadu irlandar batzuek zu atxilotzea gustatuko al litzaizueke? Zer egingo zenukete… ahaztu ala sutu? Itzuli Irlanda irlandarrei, ez itzazue behartu guri kentzera.”

The Beatles-ek ohikoa zuten doinu alaiz apaindutako hitz hauetan, 70eko hamarkadaren hasierako gizartean pil-pilean zen inperioalismo britainiarraren aurkako mezu zuzena islatzen da. Ipar Irlandako gatazka politiko-armatuaren azken fase historikoaren hasiera-puntuak, Bloody Sunday-k, eraginda konposatu baitzuten abesti hau. Ez ziren bakarrak izan, besteak beste, John Lennon taldekide ohiak Yoko Onorekin batera beste kanta hau sortu zuen edota mundu mailako sona hartu zuen Sunday Bloody Sunday argitaratu zuen U2 taldeak. Paul McCartneyk berak zenbait elkarrizketatan aitortu moduan, armada britainiarrak 1972an Derryn egindako sarraskiak (atzo 41. urteurrena izan zen) askori begiak ireki zizkion. Askori bai, Ingalaterrako diskoetxe multinazionaletako buruzagiei izanezik. Izan ere, EMIk bultzatuta kanta hau komunikabideetan zentsuratu zuten. Debekuak debeku, ordea, Irlandan arrakasta handia lortu zuen eta horri esker Euskal Herriko irratietan ere entzun zen abestia.

Baina, Markel Olanok Twitterren sarri esan izan duen moduan nola aldatzen diren gauzak, kamarada!.Errekorren Guinness Liburuaren arabera, “musikaren historian arrakasta handiena izan duen musikari eta konposatzailea” den McCartney, gaur egun ezagunagoa da irlandarrenak baino animalien eskubideak defendatzeagatik. Gehien bat fokenak eta, tarteka, haren luxuzko etxeetatik ahalik eta urrunen dagoen gerraren bat edo beste pairatzen duten umeenak ere. Baina batez ere, imajinatzen dugu, abeslari ingelesak gustuko duena, MPL Communications bere enpresaren bitartez abestien copyrighta kobratzea dela. McCartney-k sona handiko egile askoren 25.000 bat lanen eskubideen jabetza erosita dauzka eta hau da, hain zuzen ere, bere aberastasunaren diru-iturri nagusia. Bere ondasuna 2010ean 475 milioi liberakoa zela estimatzen zen. “Arrakasta” hau ospatzeko Ingalaterrak seme kuttun izendatu zuen herrialdeko estilora. Paul McCartneyi 1997tik hona Sir Paul deitzen zaio, urte horretan gaztetan kritikatzen zuen Inperio Britainiarreko Zaldun izendatu zuten eta.

“God save the Queen” esan zuen McCartneyk-ek, Sex Pistols-en ironiarik gabe, Ingalaterrako erreginaren omenez antolatutako azken kontzertuan.

McCartneyek bizi izan duen garapena –eufemismoa da– ez da oso bestelakoa ‘protest song’ garaiko Bono, Bob Dylan, Pete Seeger edota gertukoak diren Serrat edo Labordeta bezalako musikari gehienek izan dutena baino. Irlandarren erresistentzia goratzetik, zergak zuritzeko baliogarriak diren munduko gosearen aurkako ekitaldiak edota Barack Obamaren aldeko kanpaina egitera pasa izana ez baita oso arraroa progreak izandako edade horretako musikarien artean.

Belfasteko nire lagunak galtzeko arriskua izanik ere, amaitzeko proposamen txiki bat luzatu diot Sir Pauli. Iazko ekainean Ingalaterrako Erreginaren 60 urteko agintaldia ospatzeko kontzertua antolatu zuen McCartney-k garaiko beste hippie ezagun batzuk alboan zituela. Musikari famatuek ohikoa duten ekidistatzia kontutan izanik, zergatik ez, probestu, agi denez, eskoziarren bidea hartzera doan Ipar Irlandaren prozesu berria eta oraindik guztiz sendatu gabe dagoen Igande Odoltsuaren zauriaren beroan Bono, McCartney eta enparauek konposaturiko abesti horiek irlandarren eskubideen mesedetan, berriz ere, eskaintzeko?

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

Current day month ye@r *