Hiru aldiz errebelde, hiru aldiz internazionalista

Axier Lopez
0

Sistema politiko eta ekonomikoaren DNAn txertatuta dauden baloreei hozka egitea gaitza da. “Genero bereizketa + matxismoa” bikoteari aurre egitea, txikitatik gurekin daroagun arra hori akabatzea, ez da xamurra. Egungo errealitate sozial eta politikoaren muinari hazka egin nahi dion orok ondo daki hori.
Bide pertsonal eta kolektibo horretan bada mugarri bat, edozein mugimenduk edo komunitatek sorreratik bertatik eutsi beharreko erronka: “GU”a sortzea. Eraiki nahi duzun errealitate berriaren eskuak, ahoa eta belarriak izango direnak elkar lotzea. “Ekipoa” eratzea, finean. Eta segituan, ohiko galdera dator: Nongo “gu” ordea? Kultura eta hizkuntza kontuan hartuta ala inposatutako muga geografikoen araberakoa? Puntu hori, Euskal Herrian oso ondo dakigun bezala, sarri izan da talde askotan eztabaidarako eta zatiketarako gaia.
Feminismo erradikalak kontu horretan asmatu duelakoan naiz: Berdintasuna aldarrikatzea simetria exijitzea da. Hau da, berdintasuna ez da uniformetasuna edo homogenitatearen sinonimoa. Bestera era batera esanda –hizkuntza txosteneroak ito ez gaitzan– helburua ez da guztiok berdin egingo gaituen mugimendua, kontrakoa baizik. Kapitalismoaren ezaugarri nagusietako bat uniformizazioa izanik, harremantzeko, maitatzeko, hitz egiteko edo txortan egiteko ematen diguten erantzun estandarraren aurrean, herrien eta kulturen aniztasuna biltzen dituen mugimendu feministaren alde egin izana aitortu beharreko garaipena dela uste dut.
Salbuespenak salbuespen, horren froga nagusia da mugimendu feministaren praktika eta mezuan zeinen barneratua dagoen izaera internazionalista. Oso urrun joan gabe, Euskal Herrian bertan, Emakumeen Mundu Martxa edota talde internazionalistek eta feministek konpartitzen dituzten espazio ugariak, berbarako.
Mintzaira, kultura eta, finean, pertsonen (ez emakume, ez gizon) arteko espazio eta hitz komunak sortzen asmatzen ari direnei aitortza egiteko egun aproposa da Emakume Langileen Nazioarteko Eguna. Norberaren identitatea ezbaian jartzeko marroia proposatzearekin batera, erantzunak sortzen ari diren emakume horiei. Inposatutako mugez harago, gorputzarenak zein geografikoak.
(Goiko bideoa Maria Mercè Margal poeta katalanaren Dibisa olerkian oinarrituta dago, Itxaro Bordak itzulia)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA