Nola abortatu kartzelara joan gabe?

Txileko diktadura odoltsua azkenetan zela, 1989an, abortua –baldintza eta kasu guztietan– debekatu zuen Augusto Pinochet Ugartek. Lege horrek bere horretan jarraitu du gaurko egunera arte. Txiletarren gehiengoa ez dago ados eta legea moldatzearen aldeko jarrera hori probestu du Miles taldeak munduari buelta eman dion kanpaina bat abiatzeko. Abortatzeko eskubidearen urraketaren ondorioz, legeak krimentzat hartzen ez dituen abortu bakarrak istripuz izandakoak direla salatu dute.

Txileko legeak abortua debekatu eta egilea zigortzen du. Ukazio horrek eraginda, 2012an 221 txiletarrek zigorra bete behar izan zuten abortatzeagatik edota abortatzen laguntzeagatik. Urtero klandestinitatean egindako abortuen kopurua Txilen 70.000 eta 140.000 artekoa dela kalkulatzen da. Baliabide ekonomikoa dutenek AEBetara edo Argentinara jotzen dute, baina bidaiatzeko aukera ez dutenek tresna arriskutsuak erabiltzen dituzte: belarrak, sondak, artaziak, burdin hariak eta abarrak.


Egoera tamalgarri horri aurre egiteko apirilean kanpaina abiatu zuen sexu eta ugalketa eskubideen aldeko Miles gobernuz kanpoko erakundeak. #LEYabortoTERAPÉUTICO izenpean, hiru bideo sareratu zituzten. Fikzioa erabiliz, abortua eragiteko hiru kasu gogora ekarri dituzte; Txileko legearen aurrean zigortuak ez izateko moduko hiru istripu: Eskaileretatik behera erortzea, auto batek harrapatzea eta kalean kolpea hartzea. Esan gabe doa, kasu horiek ez dituztela konponbide bezala proposatzen. Baizik eta, irudiaren indarraren bitartez, eskubide urraketa horren atzean ezkutatzen den egoera gogor bezain surrealistaren alde iluna argitara ekarri nahi izan dute. Kalapita handia sortu du ekimenak, eta askoren kontzientzia astintzearekin batera, Txileko eliza katolikoaren eta eskuineko sektoreen erreakzioa azkar etorri da. Respublica lobby neoliberalaren eledun Jorge Acostak, BBCri egindako adierazpenetan, 13 urteko ume baten bortxaketaren kasua adibide hartuta, abortatzeko eskubidearen ukazioa horrela justifikatu du: “Ume horri abortuak eragingo liokeen kaltea handiagoa izango litzateke (bortxaketaren ondorioz izandako) umea edukitzeak sortuko lukeena baino”.

Bacheleten erreforma

Txileko presidente Michelle Bacheletek abortuaren legea aldatzeko proposamena eztabaidatzen ari dela zabaldu dute kanpaina. Izan ere, diktadura garaiko legea leuntzea proposatzen badu ere, oso baldintza zehatzak proposatzen ditu abortua osasun berme guztiekin egin ahal izateko. Txileko sozialdemokraten proposamenak hiru kasutan baino ez du ahalbidetzen abortu eskubidea: ama arriskuan egotea, fetoaren malformazioa edo bortxaketa.

Emakumeen erabakitzeko eskubidea ukatzen duen munduko ‘klub selektoa’ 6 herrik osatzen dute. Dominikar Errepublika, Malta, El Salvador, Honduras, Nikaragua eta Txile dira munduan abortua debekatuta duten herrialde bakarrak. Eta Vaticano, noski. Abortuari dagozkion legeak anitzak badira ere errealitatea da 2008an 47.000 emakume hil zirela bermerik gabe egindako abortuengatik, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera.  Beste era batera esanda, urte horretan haurdunaldiarekin lotutako heriotzen %13.


Ekimenak piztu dituen eztabaida eta erreakzioen berri izateko #LEYabortoTERAPÉUTICO traola erabili Twitterren edo www.mileschile.cl webgunera jo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude