Ciutat Mortaren irakaspenak Euskal Herritik

Axier Lopez
0

4F kasuari buruzko Ciutat Morta dokumentala Kataluniako telebista publikoan emateak lurrikara eragin du Kataluniako gizartean. Euskal Herrian kazetaritza independentea egiten dugunontzat haize bolada gozoa izan da, eta gure kontzientzia astintzeaz gain, ikasgai batzuk ere utzi dizkigu.
*Gai honetaz Info7n izan genuen solasaldiaren harira sortutako hausnarketak.
Bi lagunen artean egindako lana da Ciutat Morta. Kostuaren %10 (4.710 euro) crowdfunding bidez lortu zuten. Gainerako %90 esfortzu militanteak, gutxi batzuen patrikatik alegia, jarritakoa da. Urtarrilaren 17an TV3ko bigarren katean 570.000 lagunek ikusi zuten, ikusleen %20. Bi orduko emanaldiaren ostean ehunka lagun Generalitatera joan ziren protestatzera.
Ehunka milaka lagunek ikusi dute dokumentala sarean, Vimeo, Youtube edo TV3eko webgunearen bitartez. Adibidez, Youtubeko bertsio honek 270.000 bisita izan ditu dagoeneko:
Baliabideak, kalitatea eta irismenaren arteko eztabaidari erantzun ezin hobea eman diote Xavier Artigas eta Xapo Ortega egileek. Kazetaritza konprometitua, herritarren justizia gosea eta lan militantea eskutik hartuta lor daitekeenaz lezio batzuk eman dizkigute:
Kemena. Dokumentala telebista publikoan agertu izan ez balitz ez genuke kasuaz edo dokumentalaz hitzik ere egingo. Herritar guztien diruak sostengatutako telebista publikoan herritarren sorkuntzak agertzea, mundu normalago batean munduko gauzarik ohikoena litzatekeena, pribilegio bilakatu dute. Eta hasieran ateak itxita aurkitu arren, Xavier Artigasek eta Xapo Ortegak ez diote eskubide horri uko egin. TV3 ez da ETB. Gure telebista publikoa Tele5tik gertuago dago TV3tik baino. Badakigu. Baina horrek ez dio arrazoirik kentzen guztiz zilegia den aldarrikapenari: denontzat irekia izango da ala ez da telebista publikoa izango.
Zentsura. Baliabide gutxi izatea ez da gainditu duten muga bakarra. Telebista publikoan zentsuratutako zatia 5 minututakoa bada ere, ez dezagun ahaztu Bartzelonako Udaltzaingoak ezarri nahi zien debekua erabatekoa zela. Ez zuten lortu eta kontrako eragina sortu zuten: ikusmina handitzea.
Kazetaritza independentea. Zentsuratutako pasartea La Directako kazetari Jesus Rodriguez azaltzen den tartea da. 4F-n gertatutakoaz inon inor mintzo ez zenean, ezta egun hortaz ari diren komunikabideetan ere, La Directako lagunek, kasuaren larritasunak mugituta, informatzen jarraitu zuten. Presioak, poliziaren jazarpena, (heriotza mehatxu bat tartean), 45.000 euroko zigor eskaera… eta halere, kasuari eutsi zion Jesus Rodriguezek. Kazetaritza independenteak ohikoa duen gisan aurre eginez: diru eta baliabide teknikoen urritasunari lan militantearekin erantzunez.
Zigorgabetasuna. “Honezkero ez dakit justizia nahi dudan. Bizitakoa bizi eta gero, mendekua nahi dut”. Bartzelonako polizia munizipalek torturatu zuten Rodrigo Lanzaren hitz hauek dira dokumentalaren hasiera. Torturatzaileak ero batzuk, sistemaren errore puntualak besterik ez direla dio bertsio ofizialak. Baina Euskal Herrian ondo ezagutzen dugun zigorgabetasun sistemikoa bere formarik gordinenean azaltzen digu dokumentalak. Gure gatazka politiko eta armatutik urrun dagoen gai bat izanik ere, inpunitateari lotutako jarrera eta argudio berdinak errepikatzen direla ikusteak ezinegona sortzen du. Korporazio beraren adar batzuk balira lez egiten dute lan elkarrekiko independenteak ei diren sistemaren egiturek: polizia (munizipalak eta mossoak), mediku forentseak, epaileak, botereko politikariak (alkatea buru), espetxetako funtzionarioak eta komunikabideak. Izan ere, Jesus Rodriguezek salatzen duen moduan, ate birakarien fenomenoa kazetarien artean ere oso zabaldua dago: “Kazetari asko erakundeetako prentsa bulegoetara pasatzen dira egun batetik bestera”. Sarri hedabideetan sumatzen den kritika eza errazago ulertzen da horrela.
Besteari gorroto. Sistema, normala omen den eredutik at dagoenaren kontra jotzeko entrenatuta dagoela dirudi. Jatorri hegoamerikarra dutenak dira tortura sufritu duten atxilotu bakarrak. Kartzelaren estutasunak bere buruaz beste egitera eraman zuen Patricia Heras Queer mugimenduko kidea zen. Polizien eta epaileen zigorrik handiena jaso dute bestelako kultura eta itxura dutenek.
Partzialtasuna. The thin blue line dokumentalak heriotza zigorrera kondenatutako AEBko lagun baten zigor bidegabea salatu zuen 1988an. Zuzendariari, Ciutat Mortako egileei bezala, ikuspegi partziala izatea leporatu zioten, harik eta salaketa egiazkoa eta beharrezkoa zela egiaztatu arte. Film hori gaur egun altxor gisa hartua da, Jordi Ballok La Vanguardian gogora ekarri duenez. Gaur egun jende guztiak badaki Ciutat Morta dokumentala onuragarria izan dela justiziara hurbiltzeko eta Patricia Herasen memoria era zuzenean oroitzeko.
Hauspoa. Egia ezkutatu zaigun beste zenbait kasu berraztertzeko bidea eman du dokumentalak:
– Bartzelonako udaltzain ohi batek salatu ditu ditu orain 10 urte Gracia auzoko 3 gazteri egindako torturak. Polizia torturatzaileak zeintzuk ziren identifikatu bazituzten ere, kasua itxita egon da.
– 2013an, Vendrellen, Yassir El Yanoussi gaztea komisaldegian hil zen Escuadra Mossoek atxilotuta zutela. Poliziak dio bere buruaz beste egin zuela, baina zenbait frogak dio torturen ondorioz hil zela.
– Cabacas kasua, poliziaren gehiegikeriak gurean izan duen adibide mingarrietako bat, oraindik oso bizirik dugu Euskal Herrian. Bizirik baina geldi. 4F-rekin gertatu bezala, justizia beste alde batera begira baitago. Bien bitartean, aste honetan bertan Garak gogorarazi digu Ertzaintzak Cabacas hil zuen operazioko buru Jorge Aldekoak Gernikako Jone Amezagaren atxiloketan parte hartu zuela. Aholkulari eta informatzaile gisa, Bartzelonako Guardia Urbanako Victor Gibanelen antzera.
Polizia eta kartzela. Bi gai deseroso (batez ere ezkertiarrentzat) erdigunean kokatu ditu dokumentalak. Zigorgabetasunaren arazoa egiturazkoa dela erakustearekin bat, egungo polizia eta espetxe ereduen aurrean alternatibak kaleratzeko beharra agerian utzi du. Bere burua atxilotzen duen animalia bakarra gara. Kontraesan horretatik abiatuta, gizartean poliziak duen rolaz sakon hausnartu beharra dago. Askok amesten dugun poliziarik eta kartzelarik gabeko gizartea utopikoa da. Oso, bai. Baina aldi berean guztiz beharrezkoa. Atzoko utopiak gaurko eskubideak direlako.
Bide horretan, ikuspegi zigortzaile eta errepresiboen gainetik, giza eskubideen errespetua, prebentzioa eta heziketa hobetsiko dituen polizia eta espetxe sistemaz hausnartzeko parada ere eskaintzen digu Ciutat Mortak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA