¡Que soy periodista!

Axier Lopez
0

Espainiako poliziak kazetariekin izandako gehiegikerien bilduma egin du Ruan Ramon Robles kazetariak, Amnistia Internacional taldearentzat egindako bideoan. Lander Arbelaitz lankideak Donostiako Askegunean ezagun egin zuen “Que soy periodista!” behin baino gehiagotan oihukatu behar izan dute kazetariek Madrilen ere azken urteotan. Ugalduko diren irudi eta oihuak, Espainiako Gobernuaren Herritarren Segurtasunerako Legea indarrean sartuz gero.
Lege proposamen horren barruko 36.26 artikuluak debekatzen du Estatuko autoritateen eta segurtasun indarren irudiak grabatzea. Hau da, polizia agertzen den irudiak grabatzeak 30.000 euroko isuna ekar lezake. Ezin grabatu eta jakina, ezin partekatu, sare sozialen bitartez adibidez. Beraz, azken urteotan sarri ikusi ditugun herritarren aurkako poliziaren bidegabekeriak salatzeko babesik gabe geratuko ginateke legearen aurrean. Eta artikulu honen garapena dirudi beste puntu honek: “Funtzionario publikoen lana oztopa dezakeen materiala aurrez konfiska daiteke”. Hau da, etxegabetze edo herri harresien kasuak adibide hartuta, poliziak kazetariei kamerak aurrez kentzeko aukera izango lukete, beren lanarentzat oztopo izan litezkeela argudiatuta.
Txaleko identifikatzailea
Lege horren eztabaidaren haritik, kazetariarentzako txaleko identifikatzailearen erabilpenak polemika sortu du, ARGIAn informatu dugunez. Kazetariek zenbaki identifikatzailea duen txaleko zuria erabili beharko dute manifestazioetan lan egin ahal izateko, Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioa (FAPE) Espainiako Barne Ministerioarekin negoziatu duenaren arabera.
Hedabide konbentzional baten informatzailea ez izateak poliziaren jomuga bihurtzen zaitu, txaleko edo txalekorik gabe, informatzaile independenteek kritikatu dutenez. Gaur egungo profesional eta ‘ez-profesionalen’ arteko bereizketa horretan sakonduko luke txalekoen etorrerak, hedabide txikien lana eta herritarren informatzeko eskubidearen kalterako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA