Adur, lagun ezezagun hori

argia
0

[Itsaso Zubiria] Uste dut noizbait hitz egin dizudala Ametzagaña taldeaz, ezta irakurle? Bai, ziur naiz, 1980ko hamarkadako Egia hura, ARGIA, Antza, Adur, Iametza… Ametzagañaren lau ertzak. Baina Adur ez dut pentsatzen askotan aipatu dizudanik, eta badu berrikuntzarik gure lagun ezezagunak. Orain gutxira arte Lasarte-Oriako pabilioian ondoan izan dugunak txoko berria aurkitu du Hernanin.

Nire lehen galdera: zer da Adurrek egiten duena? “Garraio eta logistika softwareak egin eta aplikatzen dituen enpresa da”, jaso dut erantzun modura. “Ufa, ez haiz oso abila hain gauza teknikoak ulertzen”, esan diot neure buruari; eta irribarre atseginez adibide zehatz bat jarrita azaltzeko eskatu dut. “Portu batean, esaterako, itsasontzi bat heltzean dakarkien karga non utzi, zein biltegitara eraman, nola banatu eta abarretarako programa informatikoak dira”. Eta orain hobeto kokatuta, jarraitu dut elkarrizketa.

Lasarte-Orian egin du bere ibilbidearen zatirik handiena Adurrek, esan bezala, ARGIAren, Antzaren eta Iametzaren ondoan; Ametzagañan bidelagun. Futbol taldean jokalari bakoitzak bere lana eginez taldea aurrera ateratzen den bezalaxe, hauek ere berdin: batek laguntza informatikoa eskaini, besteak app bat egin, hurrenak esku-orria inprimatu… eta denen artean aurrera.

Lasartetik Hernanira

Orain Adur Hernanira mugitzeak, baina, ez du harremana eten denik esan nahi. Nagusiki bi arrazoirengatik lekualdatu dira: batetik, handitzen ari da kooperatiba, eta txiki geratu zaie espazioa; eta bestetik, lantoki moderno, eroso eta egokiago baten beharra nabaritu dute, bezeroei harrera egiteko, enpresa berrantolatzeko… Baina Hernanin egonik ere Ametzagañaren parte izaten jarraituko du Adurrek, ez dute zalantzarik.
Bitartean, langileek ilusioz hartu dute aldaketa, kooperatiba denez erabaki-guneetan ere partaide izan dira, eta inplikatuta daude pauso berri honetan. Leku zaharra uztearekin batera lan egiteko hainbat molde zahar ere bertan utzi dutela azpimarratu dute, eta txoko berrian antolaketa eredu berriei heltzeko gogoz agertu dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA