Kanpaina berria martxan: lagunduko diguzu #GureErrepublika irudikatzen?

argia
0

“Gure errepublikaren alde” kanpaina martxan jarri dugu ARGIAn, proiektu komunikatibo hau posible egiten duen jendearekin elkarrizketa abian jartzeko asmoz. Erdigunean galdera bat: nolakoa litzateke gure artean sortuko genukeen errepublika?

Noski, ez dugu kasualitatez aukeratu errepublika hitza: jabetu gara hedabide honen jarraitzaileen artean interes berezia piztu duela Katalunian azken hilabeteetan abian den prozesu independentista demokratikoak; eta asko direla gure inguruan, esperientzia horretaz ikasiz, etorkizunean hemen ere proiektu kolektibo berri bat abian jarriko luketenak.

Erritmoak diferenteak dira, gizarte bakoitza ere desberdina delako. Baina edozein aldaketa handik eskatzen ditu aurretik jende askoren aldaketa txikiak. Batzuk ari dira jada horrelako pausoak ematen gainera, ARGIA babesten duten pertsonen artean egunero ikusten dugu. Eta gehiago izango bagina?

“‘Hori ezin da gertatu’ esaten dutenean, ‘gertatzen ari da’ erantzutea da gure errepublika”, irakur dezakezue kanpaina honi hasiera emateko argitaratu dugun manifestuan: inguruan jada sortu diren gure errepublika txikiei eskaintzen diegu arreta informatiboa ARGIAn; bihar eta etzi sortuko direnei ere merezi duten tartea eskaini nahi diegu, iruditzen zaigulako hori dela modu eraginkorrena geroz eta jende gehiago beste klabe batzuetan pentsatzen hasteko.

Horregatik uste dugu ARGIA ere badela sortzen ari den gure errepublika horren parte. Eta zuk, testu hau irakurtzen ari zaren irakurle horrek, ba al daukazu oraindik gure errepublikara pasa ez den lagunik?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA