ARGIAren mahaian, gurutzatu hesia

argia
0
Urtero legez, Argia eta Bizi Baratzearen txokoan giro ederra izango da (arg: Dani Blanco).

Durangoko Azoka ate joka da eta ARGIAk urtero bezala bere txokoa izango du Landako gunean, ohi bezala Barrenkaleko lehenengo hiru mahaietan, sarrera nagusiaren eskuinaldean. Oztopo eta hesiak gainditu eta informazio burujabearen aldera pasatzeko abagunea izango duzu.

Hor aurkituko dituzu aurten argitaratu ditugun azken nobedadeak eta produktuak; gainera, ARGIAkoa egiteko eta komunikazio proiektu honen inguruko zure iritzia partekatzeko aukera badaukazu. Eta jakina, Bizi Baratzeko lantaldea ere izango da Jakoba Errekondorekin batera, sinadurak, aholkuak eta letxugak banatzen.

Hauxe duzue aurtengo uzta:

ZULOAN. Bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena

Abiadura Handiko Treneko obretan barrena ibili da Urko Apaolaza ARGIAko kazetaria, ELA sindikatuarekin batera. Hesi laranja gurutzatu eta hor ondoan daukagun lan-esplotazioaren azpimundu batekin egin du topo: ordua 6 euro kobratzen duten beharginak, gaueko bidaia arriskutsuak, Gizarte Segurantzari iruzurra… Lehen eskuko dokumentazio eta testigantzen bidez, liburu honek erakusten du Euskal Y deiturikoan teoriak eta errealitateak askotan ez dutela bat egiten.

Lan hau Manu-Robles Arangiz Institutuarekin elkarlanean argitaratu dugu eta ARGIAn zabalduko dugun kazetaritza-liburu ildo berri baten lehen zenbakia izateko bokazioa du. Aurkezpena abenduaren 12an izango da, Donostiako Kaxilda liburu-dendan, 19:00etan

Egilea abenduaren 6an eta 7an izango da Durangoko gure mahaian gaiari buruzko iritziak partekatzen.

 

LANDAREAK LANTZEN. Urte osoko gida-liburua

Era erraz eta ulergarri batean eskainita landareak nola baliatzen hasi eta ikasteko gida izango da. Bertan arlo desberdinak landuko ditugu: Baratzea, lorategia, fruitu arbolak eta basoa. Aldi berean alor bakoitzean zein bide jorratu behar diren era xume eta “pedagogiko” batean azalduko dugu: Hazia eta hazitegia, mintegia, landaketa, txertaketa, inausketa, uzta etab. Gida liburu honen gakoa edo ardatza, urtean zeharreko lanak sasoi eta aste bakoitzera lotuak ematea izango da. Urtea asteetan banatuko da eta aste bakoitzean zer lan egin behar den  eskainiko da.

Jakoba Errekondok osaturiko liburua, Antton Olariagaren marrazkiekin, orain gutxi kaleratu genuen eta dagoeneko bigarren argitaraldia da honakoa. Aurkezpena abenduaren 9an izango da Ahotsenea gunean, 18:00etan.

Errekondo azokak  iraun bitartean ARGIA eta Bizi Baratzearen txokoan izango da eguneroko landareen kontsultategian.

 

ILARGIAREN EGUTEGIA.

Aurten ere egutegi sonatua argitaratu Usurbilgo Alkartasuna Kooperatibak, Pello Zabala eta Jakoba Errekondoren eskutik. Nekazaritza ekologikoa eta ahalik eta naturalena sustatzeko tresna paregabea.

Aurkezpena Areto Nagusian izango da, abenduaren 8an, 16:30ean.

 

2018KO ARGIA EGUTEGIA

Egutegi tako klasikoa. Zenbaki bakoitzaren atzealdean jarri ohi dugun asmakizun, kontakizun, aipu eta bitxikeriaren edukiari aniztasuna eman nahi izan diogu. Batzuk umoretik, beste batzuk jolasetik, serioagoak hurrengoak, baina baratzea, feminismoa, hizkuntza gutxituak, hezkuntza edo kirola bezalako gaiak aurkituko dituzu. Besteak beste, sare sozialetan arrantzatutako ipuin-laburrak, Euskal Herriaren historiako hainbat pegatina…

 

ELS CARRERS SERAN SEMPRE NOSTRES

Kamiseta hau erosita, La Directa herri hedabideari eta ARGIAri lagunduko diezu Kataluniako Independentzia prozesua zorrotz jarraitu dezaten.

 

EGIN ZAITEZ ARGIAKOA!

ARGIA iritsi dadin Euskal Herrian gertatzen diren gai gehiagori jarraipena egitera eta jende gehiagori ahotsa ematera, proiektua gehiago indartu nahi dugun jendea bagara. Jendearen babes ekonomikoa handitzeko, gure gurea den harpidetza eredua egokitu dugu eraikitzen ari garen mundura, gure betiko logika eta balioei eutsiz.

Durangon gure proiektua ezagutzeko aukera izango duzu, baita proiektuaren parte izateko ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA