Egin zure #ArgiaSarienPorra

argia
0

ARGIASARIENPORRA

Top secret. Hainbat astez adituen iritziak eta ARGIA osatzen dugun komunitateko kideen ekarpenak bildu ondoren, gure lantaldeak erabaki du zeinek jasoko duen ostiralean, hilak 29, komunikazioaren esparruan egindako lanagatik merezitako errekonozimendua. Baina top secret da.

Alferrik saiatuko zara inoren mihiari tiraka, jartzen baduzu ere ARGIAko bat zangotik zintzilik, geratuko zara fitxik jakin barik. Hemen ez dago euskaleaks­ edo crackerrik informazio konfidentzial hori dekodifikatuko duenik.

Elukubrazioa da aukera bakarra, eta behin apustutan hasita, Twitterren antolatu dugun porran jokatu dezakezu. Bota txio bidez zure ustez zein izango diren aurtengo saridunak, #ArgiaSarienPorra traola erabiliz.

Gogoan izan sei esparrutako sariak eman ohi ditugula –inoiz baten bat geratu da hutsik, hori ere kontuan eduki–:

  • Ikus-entzunezkoak
  • Irratia
  • Prentsa-idatzia
  • Internet
  • Sustapen-ekintza
  • Merezimenduzkoa

 

Saridunak zein diren asmatzen duenak urtebeteko ARGIAren harpidetza edo gure produktuen saskia izango du opari. Animatu!

Iazko saridunak hauek izan ziren: Entzun!-en urtekaria (Prentsa idatzia); Zebrabidea (Irratia); IDEMtitateak saioa, Hamaika Telebista (Ikus-entzunezkoak); Iparraldeko euskal hedabideen hauteskundeetako jarraipena (Internet); Gure Esku Dago (Sustapen ekintza) eta Aiaraldea Komunikazio Leihoa (Merezimenduzko saria).

Aurreko urteetako saridunak jakiteko hemen aurkituko duzu informazio gehiago, eta Argia Sarien historiaren berri 25. urteurrenean eman genuen sakon.

Aurtengo saridunen izenak urtarrilaren 29an Usurbilgo Atxega jauregian egingo dugun ekitaldian jakinaraziko ditugu, bazkalosteko garaian. Sarien banaketa-ekitaldia zuzenean jarraituko dugu gure webgunean eta Twitterren #ArgiaSariak traola erabiliz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA