Donbasseko gerraren beste aldea erakusteko asmoz crowdfundinga abiatu dugu

argia
0

“Donbass: Gerra Europaren bihotzean” izeneko dokumentala kaleratzeko diru bilketa martxan jarri dugu karena.eu plataforman. Ibai Trebiño eta Mikel Arregi ARGIAko kolaboratzaileek Ukraina, Krimea eta Donbassen jaso dituzten lehen eskuko testigantzetan oinarrituta dago lana.

“Donbasseko gerra-frontera joateko asmoa daukagu Mendebaldeko masa komunikabide gehienek erakusten ez duten beste aldeari –ezkutatzen duten besteari– ahotsa emateko.” Oso argia izan zen Ibaik eta Mikelek ARGIAko lantaldeari egindako proposamena. Gogoz heldu zioten abenturari eta horren emaitza dira argitaratu ditugun erreportajeak, argazki-bildumak, bideoak eta iritzi artikulu ugariak. Ikuspegi kritikoz jorratutako lanak, Europako kazetari gutxik jaso duten lehen eskuko testigantzez lagunduta.

Lan oparo horren emaitza biribiltzera dator “Donbass: Gerra Europaren bihotzean” dokumentala. Euskal Herriko jendartearen gehiengoarentzat oraindik oso ezezaguna den gerra baten testuingurua eta ondorioak azaldu nahi dituzte ARGIAk sustatutako dokumentalaren bidez.  Dozenaka orduko grabazioak editatzeak, euskaraz gain beste hainbat hizkuntzatara itzultzeak (ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, italieraz…) lanaren produkzioaren kostuak… lan handia dago dokumentalaren atzean. Beraz, lana baldintza egokietan egin ahal izateko eta egileek –freelance gisa– egin duten lan duinak ordainsari duina merezi duelako, diru-ekarpenak jasotzeko crowdfundinga abiatu dugu.

ibai
Ibai Trebiño
mikel
Mikel Arregi

Euskal Herrian sortua, euskaraz pentsatua eta gainerakoek baino baliabide gutxiagorekin egina ere, munduko geopolitikaren lehen lerroko gai bati heldu nahi diogu. Jakitun garelako, komunikabide handietako jabeen interes ekonomikoek behartuta, ezkutatzen den ikuspegiaren zabalpena hedabide independenteen esku baino ez dagoela.

Diru ekarpenak egiteko helbidea: http://karena.eu/proiektua/donbass-gerra-europaren-bihotzean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA