ARGIA Eguna Oñatin irailaren 20an

argia
0

Badugu 2015eko ARGIA Egunerako data eta tokia: Oñatin irailaren 20an, igandea! Helburuak: ARGIAren proiektua kalera ateratzea, elkarrekin egun eder bat pasatzea, harpidedunei babesa eskertzea, harpidetzak sustatzea, ARGIAtik bultzatzen ditugun baloreak praktikan jartzea eta autofinantzaketan pauso bat ematea.

Zergatik Debagoienan? Donostialdearen ostean, proiektua babesten duen harpidedun kopuru handiena bertan dagoelako, esker moduan zonaldean egitea erabaki dugu.

Egun horren antolakuntza aitzakia hartuta, Bergara, Aretxabaleta, Arrasate eta Oñatiko harpidedunekin bilerak egin ditugu. ARGIAn zertan ari garen azaltzeaz gain, haien iritzia aurrez aurre jaso nahi izan dugu.

ARGIAn ez daukagu atzean inongo multinazional, banku edo alderdirik proiektua bultzatzeko. Horregatik, herritarrongana jotzen dugu, elkar babestuz mantenduko baitugu gure independentzia. Kazetaritza kritikoa eta eraikitzailea egiten saiatzen gara, hainbat baloreren inguruan eraikia: euskaltzaletasuna, independentzia, feminismoa, giza eskubideen defentsa, demokrazia zuzena, herrien mundua, oroimen historikoa, erabakitzeko eskubidea, elikadura burujabetza, sexu askapena, ingurumenaren defentsa…

Euskarazko kazetaritzaren defentsa egiten dugu eta uste dugu garrantzitsua dela zazpi lurraldeetako herritarrak gai beren inguruan gogoetatu eta biltzea. Herrigintzatik planteatzen dugu gure jarduna.

Azken urteetan webgunean eta aldizkarian aldaketak egin baditugu ere, batez ere barne antolaketan aritu gara indarrak jartzen. Langileok gara enpresaren jabeak eta ekonomia sozialean ari gara.

1982an egin zen lehen aldiz ARGIA Eguna, eta 20 urteko geldialdiaren ostean, iaz berreskuratu genuen ekimena. Usurbilen egun ederra igaro genuen. Aurten, beste pauso bat eman eta Debagoienako herri mugimendu eta eragileekin elkarlanean antolatu nahi dugu, eta haiek ARGIA Eguna baliatzea nahi duten gaiak lantzeko tresna moduan.

 

Hurrengo pausoak: Debagoienako eragile, herri mugimendu eta harpidedunei ARGIA Egunean parte hartu nahi duten gonbidapena zabaldu nahi diegu.  Hitzordu bat jarriko dugu eta epe bat irekiko dugu egitaraua prestatzen hasteko. Inork egitarauan ekarpenik egin nahi badu, idatzi harpide@argia.eus helbidera. Ongi etorria izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA