Flandriarrek prentsa independentea nahi dute

argia
0
Michel De Cock, Dicter Delrue, Wautier Johan, Erik Vranken, Dirk Rimbaut eta Karel Strecx ARGIAko erredakzioan, Bego Zuza eta Estitxu Eizagirrerekin.
Michel De Cock, Dicter Delrue, Wautier Johan, Erik Vranken, Dirk Rimbaut eta Karel Sterckx ARGIAko erredakzioan, Bego Zuza eta Estitxu Eizagirrerekin.

Urriaren 11n, 17:00etan genuen hitzordua. Lasarteko egoitzako atea ireki eta sei flandriar independentista ageri ziren, Katalunia-Euskal Herria-Eskozia-Flandrian erabakitzeko eskubidearen aldeko Ja garagardo botiltzarrak eta flandriako bonboiak eskuan. Kamiseta laranjek adierazten zutenez, Deustuko Askegunetik zetozen eta biharamonean Independentistak sareak deitutako manifestaziora joatekoak ziren. Bi edo hiru muxu ematea bihurtu zen talde dinamika eta hortik aurrerakoa iritzi eta esperientzia trukez betetako arratsaldea izan zen.

 

Prentsa alderdi politikoetara oso lerratua

Bego Zuzak eta Estitxu Eizagirrek erakutsi genien lantegia, azaldu genizkien Argiaren oinarriak eta lan egiteko modua, eta baita euskal prentsan urratutako ibilbide luzea ere. Kafeak elkarrizketa elikatu zuen eta “hemen-han” zazpi ezberdintasun-antzekotasunen jolasean murgildu ginen. Interesgarriago izango zaizkizu hangoak, hemengoei zuk jarriko diezu hitza, irakurle: “han komunikabide bat sortuko balitz, berehala alderdiek eurenganatzeko saiakera egingo lukete. Han komunikabideak oso lerratuta daude”. “Han ‘ezkerreko’ alderdi nagusiak Belgika du herritzat, ‘eskuineko’ alderdiak dira Flandria aldarrikatzen dutenak. Gu ezkerra-Flandria lotzen dituen mugimendu independentistako kideak gara baina kosta egiten zaigu jendeari binomio hori ulertaraztea”. “Hango independentistok begiratzen diogu Eskoziari, Kataluniari, Euskal Herriari… hemengo independentistek ez diozue begiratzen Flandriari”.

Karel Sterckx-ek prentsa independentea hizpide, esan zigun aspalditik dela Argiako harpidedun eta asko estimatzen dituela gaien eta iritzien aniztasuna. “Guk ez dugu gure hizkuntzan halako aldizkaririk eta horregatik erakutsi nahi nien nire lagunei”. Eskerrik asko, halako gozokirik ez zegoen Godiva kaxan.

 

(bi ordura) …eta zu nolatan ari zara euskaraz?

Gurekin harremanetan jartzeko email trukea eta bi orduko jarioa erraz eta eder darabil Karelek, aldi berean nederlanderaz gainerakoei dena itzultzen diela. Halako batean jabetzen da bat ordura arte ingelesen “normalidadeaz” bizi duela Tribuaren berbak telebista saioko kapitulu bat izan daitekeena, eta galdera astuntxo horietako bat egitera doanaren beldurrez galdetzen dio bere hizkuntza bizipenez. Amak oparitutako norberak ikasteko metodo bat, eta seina hilabete Maizpide eta AEKko barnetegietan, eta emaitza begien bistan daukagu. “Beno…” aitortu digu “eta herriko taberna batean lan egiteko zortea izan nuen. Hori bai dela euskara ikastea!”.

Flandrian eskolan lau hizkuntza ikasten dituzte: nederlandera, frantsesa, alemana eta ingelesa. Bizitza osoa nederlanderaz egiteko modua omen dute, ez dute gure berreskurapen beharrik sentitzen. Baina sumatzen dute datorrena “gazteak kalean ingelesez hasi dira, guaya omen da eta…”.

 

Ez adiorik

Euskal Herriaren maitale handi den Ludo Docx ageri den Argia (“nire maisua, berak erakutsi zidan euskaldunen berri” hunkitu zen Karel), azken Larrun eta astekariak, Argiaren “galderak zabaltzen du bidea” kamiseta eta Flandria-Katalunia-Eskozia-Euskal Herria gainerakoekin herri diren Europako herrien mapa eskuan zituztela agurtu genituen. Izango dugu elkarren berri.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA