Olerki-potea
[Hemen saio osoaren audioa.] Herri honetan kalimotxoa, bertso afaria eta pintxo potea asmatu baditugu, zergatik ez olerki-potea? Hona hemen 10 urratsetan,
Poesia txotx egiteko metodo laburra:
- Sagardotegia edo taberna hautatu. Ez handiegia, ez txikiegia. Data adostu, bai parte hartuko duzuenon nukleo gogorrarekin bai lekuaren arduradunarekin. Hobeto egun buruzuri batean egiten baduzue; lasaiago ibiliko zarete.
- Elkarrekin irakurri nahi duzuen poesia liburua aukeratu. Ez dadila luzea izan; 100 orrialde baino gutxiagokoa izatea komeni da. Luzera eta estilo ezberdineko poemak baldin baditu, hobe. Eta irakurleekiko lotura baldin badu, are hobeto. Hurbiltasuna bilatu.
- Zuetako batek DJ-aren lanak egingo ditu, poemen artean kantuak eta musika uztartuz. Poemekin zerikusia duen musika aukeratu. Mikrofonoa, bozgorailuak eta nahasketa mahai txiki bat lagungarriak dira, eta onena zuzeneko emanaldiak egin ohi dituen toki bat aukeratzea da.
- Parte-hartzaileak bilatu. Lagunak, senitartekoak, literaturazaleak, kultura yonkiak, poetagaiak, poesia bera izan nahi dutenak, eusnobak, tabernako langile eta bezeroak… edonork irakur ditzake. Horien artean liburua banatu, fotokopietan edo beste euskarri batean, papera edo posta elektronikoaren bidez.
- Adibidez, digitalizatu eta dropbox edo google drive batean utzi. Gero, poemak banatu. Hori egiteko bide bat poema zerrenda google doc batean jartzea da. Horrela, sartu ahala ikusiko duzue zein poema dago oraindik hartu gabe, eta horien artean bat edo bi aukeratu dezakezue.
- Poema guztiak banatuta direnean, ekitaldiaren berri eman, egingo den herrian bertan eta hedabideetan, sare sozialak erabiliz. Parte hartzaileez gain, publikoa ere beharrezkoa da. Ez da ekitaldi literario edo elitista izango. Auzolan poetikoa baizik.
- Txartelak edo afixak egun batzuk lehenago jartzea komeni da. Zerrenda egunean bertan banatu, nork bere txanda hartzeko aukera izan dezan irakurtzeko. Izena eman duen baten batek huts egingo balu, publikoaren artean bilatu ordezkoren bat.
- Irakurtzerakoan, bakoitzak nahi bezala egin dezala: irakurrita ala buruz emanda, antzerki pixka batek eginez ala serio-serio jarrita. Kontua da elkarrekin eta liburuarekin ondo pasatzea.
- Bukatutakoan, parte hartu dutenen artean oroigarri bat banatzea oparitxo polita litzateke, baina ez da derrigorrezkoa.
- Olerkigintza gauza serioa da, baina demaseko solemnitateak poesia hiltzen du. Ez jardun serioegi. Erlaxatu eta gozatu!
Dekalogo hori ez da nik asmatua. Antzeko ekitaldi batean parte hartu nuen apirilean, eta ikusitakoa gutxi gorabehera laburbiltzen saiatu naiz. Hernaniko lagun talde batek ideia izan zuen afaltzen ari zirela: Xabier Montoiaren Anfetamiña liburua osorik elkarrekin irakurtzea, ekitaldi publiko batean.
Marta Luxan, Andoni Tolosa, Ibon Zapiain eta Josu Landa, besteak beste, gutxi asko aritu ziren antolakuntzan. Liburua eta zerrenda partekatu, eta epe bat jarri zuten poemak aukeratzeko. Irakurraldia apirilaren 27an, asteazkena, 20:00etatik aurrera, Hernaniko Goiz Argi tabernan egin genuen.
“Modu naturalean sortu eta garatutako kontua izan da, literatura lagun-artera ekartzeko modua, sinplea eta pretentsio handirik gabekoa”. Horra Andoni Tolosaren hitzak irakurraldia bukatu zenean; hura arduratu zen Montoiaren liburuarekin egokitzen zen musika jartzeaz, alegia David Bowie, Lou Reed, Talking Heads, The Clash edota The Doors-en kantuak. Horri esker, ez zen isilune deserosorik sortzen poemen artean, eta festa giroa nagusitu zen.
Egia esan, oso ondo pasa genuen han bildutakoek; 40 bat lagun guztira. Izan ere, Montoiaren liburua ezin aproposagoa da horrelako txotx bat egiteko. Jakina denez, pop kultura euskarazko poesiara ekartzen lehenetakoa izan zen Montoia liburu horrekin, eta David Bowieren heriotzak gaurkotasuna eman dio berriz lanari.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks