Baiona-Bilbao (1/2)
Aurten oporretako bi aste ditut, eta lehenengoa 13 urteko J. semearekin eman berri dut: Ander Izagirreren gida erabiliz, Lapurdiko eta Gipuzkoako kostalde osoa oinez zeharkatu dugu, Baionako barran hasi eta Saturraraneko hondartzan bukatu. 7 egun, 6 camping, 20 kg guztira gure motxiletan eta hainbat ikasketa (esate baterako, pisu hori gehiegizkoa dela).
Hasteko, twitterreko lagunek ezagutarazi zidaten Imanolen kantua, Koldo Izagirreren koplekin hornitua:
Baionatik Bilbora
itsaso euskara
Baionatik Bilbora
galduak ez gara.
Euskaraz hitz egin dugu, gure artean eta jendearekin, batez ere Gipuzkoan. Baina zertaz? Paisaiaren neurri gizatiarraz, peak oil delakoaz, anime japoniarraz eta bideojokuak 8. artea izateko baldintzetaz. Ezer gutxi idatzi dut –bideak eta solasak ez didate betarik eman–, baina Jorge Riechmannen Autoconstrucción liburua irakurri dut, eta bertan dagoen poema bat itzuli:
100 kilometrotan badago zer esan eta –are garrantzitsuago– zer entzun. J.k gogoko duen musika hobeto ezagutzeko parada eman dit bideak, eta egia esan niri ere gustatu zait oraino ezagutzen ez nuen Glaukoma. Semeari mesedea itzuli diot, kantu honen erreferentziak ez baitzituen ezagutzen:
Kantuari esker Irungo Alardeaz ere hitz egin dugu, eta genero berdintasunaz, feminicidioa areagotu den aste batean. Izan ere, bi norabideko bidea da harremana. Abuztuaren erdian, bigarren zatia: Ondarroatik Bilboraino.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks