Literaktum 14 Benartegin
2006az geroztik ez dut maiatzeko hitzordu hori galtzen, eta hala nola Literaktumera joan izan naiz beti. Ekitaldi guztien artean badago bat biziki maite dudana: Benartegi baserriko irakurraldi musikatua. Aurtengoan atzo Ana Malagonen ipuinak irakurtzen aritu ziren Ana Morales eta Iban Zaldua, Giorgio Bassmattirekin batera. Borobila izan zen saioa, ezin hobea. Besteak beste, arrazoi hauengatik:
- Eguraldia, noski. Udaberria bere onenean, Urumeako bazter ezezagun eder horretan.
- Musika parkean. Dudarik gabe, gora doan ekimen honek lagun pila bat erakarri zuen, eta horietako asko geratu ziren, familia/retro giroan. Donostiak badu parodia goxorako sena eta bide horretatik luze joko du.
- Literatura konpainia onean. Poesia eta prosaren arteko mugak gaindituz (Anaren testuetan baliabide poetiko franko daude, aliterazioak kasu, “Artilea” edo “Asma” ipuinetan adibidez), atzokoa literatura zen eta kito. Kategoriakoa: gazi-gozoa, freskoa, sobrioa (liburuaren kontrazalari esker ikasi dut hori euskaraz nola esaten den). Baina ez zen literatura bakarrik, bazegoen soziala den beste zerbait. Horrela, Ibanek, Xerezaderen artxiboko Anak, eta Giorgiok osatu zuten hirukotearen konplizitatea eta eskarmentuari esker, distira egin zuen ipuin hautaketak: “Anbulategi aurreko bankua”, “Pijamaren azalpena”, “Beti bezala”, “Banaketak”, “Saskia”, “Menestrak”, “Hezetasuna”, “Zoriak”, “Txanda” (horrek guregan zirrara berezi bat eragin zuen, familiako kontuak direla medio), “Unikornioarena”, “Konbinazioa”, “Pelusak”, “Eulien sakrifizioa”, “Desilusioaren mugak”, eta abar. Ipuinotan oinarritutako Giorgioren kantuek liburuari zukua ateratzen lagundu zuten, eta Ibanek bere azken liburuko “Literatura autobiografikoaren arriskuak” irakurri zuen, omenaldi gisa.
- Euskara hutsez egin zen, goitik behera. Eta lasai, ez zen ezer gertatu. Edo bai, horietako ipuin batean esaten den moduan: “zerbait gertatzen da. Ezer gertatzen ez denean batez ere.”
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks