Ander Perez
"Eta gu libro gabiltza kaleetan, tirantezko galtza laranjak jantzirik, libro-libro". Iruñea, 1988. Politika, jendarte eta kultura gaiak, batik bat. Baina baita agian besteren bat. Libre gabiltzan heinean, behintzat.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iñigo Ruiz(e)k Bideoa: Radical Independence Campaign, kaleko kanpaina bidalketan
- estitxu eizagirre(e)k Bideoa: Radical Independence Campaign, kaleko kanpaina bidalketan
- Santi Leoné(e)k Irrati bat etxeko balkoian bidalketan
- Ibon Meñika(e)k Eta grabatu izan ez balitz? bidalketan
- Ander Perez(e)k Eta grabatu izan ez balitz? bidalketan
Paseo bat Edinburgon barrena
Atalak: Komunikazioa
Historia garrasika mintzo zaigu Edinburgon. Ez zaio kasualitatez Iparraldeko Atenas esaten. Bata bestearen atzetik datoz harri ilunezko eraikin eta monumentu ederrak, guregana, hiriak inguratu nahi izango bagintu bezala, eta Erdi Aroko maindirea gainetik bota. Ez ditu urteak alferrik pasatzen utzi. Subirano ezberdinei gorde die leialtasuna. Eskoziarrak lehenik, britainiarrak gero. Eta akaso, hemendik gutxira, eskoziarrei berriro. Eskoziarrei bakarrik.
Bukatzear dago iraileko bigarren astea Edinburgon. Eta astebete baino ez da falta hirikoek, gainerako eskoziarrekin batera, etorkizuna erabaki dezaten. Baina beste edozein egun izan liteke, beste edozein data. Ez baita halakorik nabari. Batek pentsatu ohi du une historikoak, aldaketa nabarmenak, superlatiboz bakarrik idatz zitezkeela. Kaleak handitasuna zor diola unearen handitasunari. Edinburgon, behintzat, ez da horrela.
Turistak hiriko geografiaren parte dira, kamara eta guzti. Agian nahita aukeratu dituzte datak, berez dena eskaintzen digun hiri honi nolabaiteko plus bat gehitu nahian, eta alferrik. Hirikoek, bertakoek, eguneroko eginkizunetan murgilduta daude. Ibileraren erritmoagatik —eta kamara faltagatik— nabari da ez direla turistak. Gelditu gabe doaz aurrerantz, ez azkarregi, baina etenik gabe. Nahasi egiten dira, alde batetik zein bestetik datozenak, North Bridgeko zubiaren erdian, azpian ibairik ez duen zubian. Freshers-ak, unibertsitateko hasiberriak, talde handitan ekin diote poteoari, kamiseta bera jantzita denek, irribarre urdurietan elkar ezagutzen. Jatetxe bateko esku-orriak banatzen dituen mutil bati ikusi diot lehenbiziko gona eskoziarra, ez noski borondate propioz jantzita. Turistentzat jotzen ari da gaita-jole bat, baina gehiago dira dirua bota baino argazkia ateratzen diotenak. Oharkabean pentsatzen dut zeinek bozkatuko duen zer, zer gaita-joleak, zer gonadunak, zer fresher-etako bakoitzak.
Noizbehinka, eta galdetu gabe, erantzuna ematen didate batzuek. Ez dira gutxi YES txapa bularrean jantzita gurutzatu ditudanak. Hori da, ausartuko nintzateke esatera, hurrengo astean independentzia erreferendum bat egonen dela iragartzen duen seinale bakanetakoa. Zeinak, egia esanda, badauka streaptease politikotik zer edo zer ere. Nik hauxe bozkatuko dut, munduari esatea. Biluztasuna, bere onenean.
Ezezkorik ez dut ikusi, txapa formatuan behintzat. Etxeren bateko leihoan etxean bertan inprimatutako A4 bat edo beste bai, No thanks. Baina txaparik ez. Eta ez da kasualitatea. Independentzia zaleek zerbait irabaztera doan horren ilusioa dute, berritasunaren energia, gogoa. Mezu positibo batek ematen dizun harrotasuna, ezkutatzeko beharrik eza. Unionistek zailago dute hori. Eta polita litzateke, autobusean elkarren ondoan suertatzea YES eta NO txapadunak, edo NO txapadunak pinta bat zerbitzatzea YES txapadunari, edo alderantziz. Zer eztabaidatu edukiko lukete, parez pare, mozorrorik gabe. Hala ez den bitartean, behintzat, baiezkoak irabazi du guda sinbolikoa.
Txikikeria dira txapak dimentsio honetako unearen aurrean, badakit. Baina dagoena da. Beste askorik ez baitago kaleetan erreferenduma gogorarazten digunik. Etxerako eta lagunarterako gorde dute eskoziarrek gaia, diskreziorako. Hedabideetan bizi da gehien bat, eta zirkulu politikoetan. Pasioa ez da kaleetara eraman, ez da tentsiorik bizi, ez konfrontazio gogorrik. Ez da gure giroa, ez da gure kultura politikoa, hori argi dago. Okerragoa da? Hobea? Ezberdina.
Kontuak kontu, eskoziarrek masan bozkatuko dute datorren ostegunean. Bozkarako eskubidea dutenen %97ak eman du izena (hala behar du hemen). Emaitza hurrengo egunean jakinen da, eta hala jakinen du munduak estatu berri bat duen ala ez. Gauza bat segurua da, aurreko egunetako lasaitasuna eta patxada ikusita. Hurrengo egunean, gauza bat ala bestea gertatua, berdin berdin abitatuko dira lanera edinburgotarrak, eta topo eginen dute North Bridgeko espaloietan, ez azkarregi baina etenik gabe, turistengandik ezberdintzen dituen ibilera horrekin.