Soberania defizita
Eskozia demokraziaren inguruko debate batean sartuta dago leporaino. Herritarrek erabakiko dute irailean Erresuma Batuaren parte izaten jarraitu edo euren bidea eraiki. Eztabaida termino ekonomikoetan oinarritzen ari bada ere, ikuspuntu sozialak eta demokratikoak ere pisua beharko du izan emaitzan.
Iragan astean, Nicola Sturgeon eskoziar lehen ministro ordeak Eskozia independenteko konstituzio zirriborroa aurkeztu zuen. Txostena autodeterminazioan oinarritzen da, eta 3. artikuluak hala dio: “Eskozian jendeak autodeterminaziorako eskubide soberanoa dauka eta baita era librean zein Estatu forma nahi duten eta nola aginduak izan nahi duten erabakitzeko ahalmena”. Aldiz, 9. puntura iristean zera aurkitzen dugu: “Elizabeth Erregina izango da Estatu Buru”. Eta postu hau bere ondorengoek jasoko dutela azpimarratzen da.
Orain arte debateak Londresen eskuetan jarraitzeak hezkuntzan, lan baldintzetan edo eskubide sozialetan suposatzen zuen defizit demokratikoa nabarmendu du. Zein da herriaren soberania Estatu Burua konstituzio batek inongo herri galdeketarik gabe erabakitzen duenean? Ez al da hau defizit demokratiko handia?
Soberania konstituzionala herriarena izan dadin herriak berak erabaki beharko luke Estatu Burua. Bestetik, onartzen zaizkion “herentziazko pribilegioak” eta “Erregeen jainko eskubideak” ez dute tokirik demokratikoa deritzon konstituzioan. Eskoziarrak “Bere Maiestatearen subjektu” bezala definitzen ditu.
Kanpaina hasieratik Eskoziako Alderdi Sozialista eta Radical Independence Canpaign izan dira eskoziar errepublika baten alde argi mintzatu diren bakarrak. Egia da independentziak Eskozia ezberdin bat eraikitzeko aukera emanen diela, baina Erreginaren irudia mantentzeak mina egin diezaioke eskaintzen ari diren eredu demokratikoari.
Ingalaterrak ozen abesten du “God Save The Queen” (honek beste testu askotarako ematen du…) eta “Bizitza luzea Erreginari!” oihukatu (hau betetzen ari da), baina demokraziara egiten ari diren bidean Eskoziak hobe luke bide bazterrean uztea. Agian erreferenduma irabazi osteko debatea da, baina berandu baino lehenago hartu beharrekoa. Eskoziar lagun batek esan zidan bezala, Berri Txarraken hitzak probestuz: “Garaipenaren ondotik hasiko baita guretzat benetako guda”.
Independentzia lortu nahi duen nazio batek eskubide guztia dauka bere antolaketa politikoa erabakitzeko. Puntu horretan, besteak beste, estatu forma sartzen da; herrialdea monarkia edo errepublika izango den, alegia. Gutako bakoitzak iritzi propioa izan dezake afera horren inguruan, baina ez dut uste, zintzoki hitz eginez gero, Eskoziak erresuma izaten jarraitzea erabakiz gero soberaniarik galtzen duenik (nahiz eta ni, berez, errepublikazalea izan).
Kontuan izan behar dugu Elizabeth II.a, Britainia Handiko eta Ipar Irlandako erregina izateaz gain, beste 15 estatutako estatu-burua ere badela. Horietatik batzuk aipatzearren, Kanada, Australia edo Zeelanda Berria aipatuko ditut. Horiek ez dute Elizabeth II.a erreginatzat, Erresuma Batuko erregina delako, bertako erregina izendatu dutelako baizik. Hau da, aldi berean, Kanadako Erregina, Australiako Erregina, etab. delako. Horrek ez ditu Kanada edota Australia soberania gutxiagoko herrialde bihurtzen, beste edozein estatu bezain soberanoak baitira. Hau da, bakoitzaren Parlamentuak (herriaren soberaniaren egoitzak, hain zuzen) erabateko eskumenak ditu gai guztietan, eta Erresuma Batuko parlamentuak ez du zeresanik beraien politikan (hori izango litzateke soberania defizita). Erreginak, izan ere, Parlamentu bakoitzak onartzen duen legedia berresteko betebeharra dauka, eta guztiak maila berean tratatzekoa.
Eskoziako kasua distantziatik jarraitzen dut, baina, esango nuke, kasu paralelo bat dela. Elizabeth II.a, beti ere asmo horien arabera, Eskoziako erregina izango litzateke, baina horrek ez du ekarriko, inondik inora, Eskozia Westminsterren menpeko lurralde bat izatea; aitzitik, Kanada, Australia edota Zeelanda Berriak duten estatus bera izango luke, estatu guztiz independentearena, hain zuzen. Horregatik, ez dut inon soberania defizitik ikusten, nik neuk sistema errepublikarra nahiago dudan arren. Baina hori beste kontu bat da, eskoziarrek, beraien burujabetasuna aitortuta, libre erabaki beharrekoa (beste herrietan izan beharko litzatekeen bezala, bestalde).
Soberania defizitaz ari naizenean ez naiz monarkiaz ari. Nik, pertsonalki, ez dut inongo beharrik ikusten eta kalteak bai Elizabeth erregina mantentze aldera, baina hau beste kontu bat da.
Soberania defizitaz ari naizenean, eskoziarrek euren Estatu mota erabaki beharko luketela esan nahi dut. Eta, noski, Estatu mota erabakitzen duzunean monarkia nahi duzun edo ez erabaki beharko luketela uste dut. Eta ia inork planteatu ez duen zerbait da hau. Eta planteatu denean, oso zeharka.
Era berean, esan beharra daukat nahiko argi daukadala monarkiaren inguruko erreferendum bat izatekotan, Elizabeth erregina Estatu Buru izaten jarraituko lukeela.
Ea esan nahi nuena pixka bat argitu dudan.
Mila esker irakurtzeagatik eta zure iritzia konpartitzeagatik. Beti da aberasgarria!