Berriki argitaratu dut nire azken artikulua Berrian, `Baliabideak edo gaitasunak´ https://www.berria.eus/paperekoa/1971/014/003/2018-09-06/baliabideak_edo_gaitasunak.htm
Beldur denaren ezpatak beti punta motz, eta baten bat haserretuko zait Euskaraldia aipatzeagatik, aurka nagoela esanez. Beti gauza bera esaten dut, osasungintzaren eremuan behintzat: euskara ez da mehatxua, aukera baizik. Baita Euskaraldia bera ere.
Euskaraldiarekin bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta baita Osakidetzako Araba eta Barrualde-Galdakao ESIek ere, nik dakidanez. Gaitasunak aipatu ditut. Badira, Galdakaoko ospitalean bederen, hainbat langile euskaldun. Haibat mediku egoiliar, espezialitatea egiten ari direnak, eta euskaraz idatzi nahiko luketenak. Pazienteen dokumentazio klinikoa euskaraz, alegia. Horretarako gai dira. Gaitasuna badute.
Eta hori da, edozein normalizazio-prozesuan, kontuan hartu beharreko gauza bat. Norbanakoen edo giza-taldeen gaitasunak bultzatzea, euren hizkuntzan bizitzeko grina adoretzea, eta ez, inondik inora, oztopatzea.
Zoritxarrez, mediku egoiliarrei ez zaie aukera hori ematen. Ikaratuta daude, beldurtuta, eta ez dira ausartzen euskaraz idazten. Nahi, baina ezin. Nola ez ba, besteen menpean daude eta.
Euskaraldiak aukera paregabea ematen digu, lan finkoa daukagunoi. Boterea dutenei. Izan daitezela Araba ESI eta Barrualde-Galdakao ESIko arduradunak, kudeatzaileak, zerbitzu-buruak eta osasun-profesionalak, belarriprest arduratsuak. Adoretu ditzatela mediku gazteak, Euskaraldian alta-txostenak euskaraz idaztera. Patologia arinak, behintzat, eta betiere pazienteari eskainiz eta harekin adostuz.
Hona hemen nire gonbidapena OEEri, Osakidetzako zuzndariei, zerbitzu-buruei eta tutoreei: alta-txostenak euskaraz Euskaraldian.
Jende asko etortzen da kontsultategira, baja eskatzera. Aitzakia eske dabilena erraz antzematen da, baina ez da horrelakorik izaten; gogoz kontra sarri, eta ez alferkeriagatik, etortzen da jendea guregana. Bajari lanerako ezintasun iragankorra edo aldi baterako ezintasuna deitzen zaio medikuon hizkera teknikoan; ondo joanez gero osatuko delakoan batetik, eta lanera joateko gauza ez delako bestetik.
Lanerako ezintasuna medikuok preskribitzen dugu; tratamendua da berez. Atseden hartzea, norberaren osasunaren kalterako den zerbait ez egitea, edo norbanakoaren zein ingurukoen ahalegin guztiak gaixotasunari aurre egiten jartzea, behar beharrezkoa da askotan, uste duguna baino gehiago. Lanerako ezintasuna, baja, ez litzateke eskatu behar; medikuak eskaini beharko luke, pazientearen beharrak eta egoera aztertuz, pazientearen eskaerei aurrea hartuz beti. Medikuok ez gara perfektuak, zenbait zerbitzu buru edo kudeatzaile ezik, eta askotan ez gara konturatzen, ez diogu egoerari neurria hartzen, eta pazienteak baja ematea eskatzen digu.
Lanerako ezintasun iragankorrak gaizki ikusiak daude, baita Osakidetzan ere. Esan nahi baita Osakidetzako zuzendaritzak ez duela nahi osasun langileok baja hartzea, ezta medikuok gure pazienteei baja eskaintzea ere. Zergatik diot nik hori? Azken hilabetotan, gure jarduera zorrotz aztertuz, laneko absentismoaren datuak bidaltzen hasi zaizkigu, aldi berean medikuen arteko konparaketak eginez Hau da, zein den gure jarduera-eremuaren baja kopurua, absentismoaren batezbestekoa eta horrelakoak.
Datuek errealitatea izkutatzen dute. Bajak preskribitzen ditugula esaten zaigu, behar bada aldameneko medikuak baino gehiago. Ez dute pazienteen adina kontuan hartzen, euren lan mota, gizonak edo emakumeak diren, edo lanerako ezintasunaren zioa. Esan gabe doa laneko istripuek eragindako bajak ez daudela gure esku, eta ez dugu horren gaineko informaziorik jasotzen. Estatistika aldetik informazio faltsua da, alborapena goitik behera. Ez da fidagarria.
Mezu inplizitua da, sortzez argia baina ez hain garbia: baja gehiegi preskribitzen ditugu medikuok. Jende asko etortzen da baja eskatzera. Laneko ansentismoa oso altua da. Besteen gaizki esaka dabilenak entzungo balitu bere bekatuak! Nahiago nuke jakin zeintzuk diren gure pazienteen lan baldintzak, lanean jazarpenik dagoen edo ez, egiten duten lana osasuntsua den edo ez. Euren osasuna baita, edo izan behar luke, gure helburua. Baita Osakidetzarena ere.
Horregatik, zera eskatu diot nire unitateko buruari: aurreantzean ez bidaltzeko horrelako informaziorik, horrelako mezurik, mesedez. Ez daukat interesik, ez nabil dirua biltzen. Pazienteari aurrea hartzen saiatuko naiz, baja nik eskaintzen eta preskribitzen, pazienteak behar duenean. Bide batez, zuzendariak euren eginkizuna betetzera bidaliko ditut; antzarrak ferratzera, alegia.
Osakidetza kutxazain automatikoa bezalakoa da; edozertarako dauka erantzun egokia, protokolizatuta, aldez aurretik prestaturikoa.
Kexatu ostean armiarma.eus weborria zabalik dago orain, eta klasikoen gordailua ikustea posible da Osakidetzan. Gaur bertan. Arazo tekniko bat besterik ez da izan, antza. Ez gaitezen gogorrak izan. Osakidetzako informatika zerbitzuak, gazteleraz bizi den horrek, osasun-jarduerari lotuta ez dauden web-orriak blokeatzen ditu, “izaera profesionala” ez daukatela argudiatuz. Euskal hizkuntzak eta literaturak ez daukate izaera profesionalik, ez dute ezertarako balio zokormazo batzuen aisialdiarako ez bada, eta ez dute inolako loturarik Osakidetzak artatzen dituen euskaldunekin, ezta euskaraz lan egin behar duten profesional eskasekin. Hori horrela, debekatuta egon da, barkatu eragozpenak.
Arazoa konponduta, ez dago arazorik, hori gertaera nahiko normala da. Hainbat web-orriekin ere gertatzen da, egunero, eta etengabe eskatzen zaio informatika zerbitzuari hainbat web-orri zabaltzeko, behar ditugu eta.
Barkatuta daude eragozpenak; izan ere, bere etsaiari barkatzen ez dionak ez du edirenen bere behar orduan arartekorik, ez otoitz egilerik (Axular, 1643). Baina eragozpenez harago, eguneroko traba eta oztopoez harago, badago oinarrian errotuta dagoen arazo larria, gaizki ulertu hau eta beste hainbeste eragin dituena.
Osasun arretan, pazientea bere osotasunean artatu behar dugula gauza jakina da, bere beharrei erantzun egokia emango badiogu. Bere izaera, jatorria, sinismenak, baita hizkuntza ere, kontuan hartu behar dira ezinbestean. Baina norbanakoaren edo gizartearen beharrei egokiro erantzutea erronka bilakatu da kudeatzaileentzat, are gehiago bizi dugun egoera dagoenean utzi nahi dutenentzat.
Osakidetzak bere burua zuritzen du euskararen arloan: euskara ikastaroetarako deialdiak egiten ditu, baita hizkuntza eskakizunetarako azterketak ere. Badauka bere Euskara Zerbitzua, zeinak ahaleginak egiten ditu jendea adoretzeko. Badaukagu euskara hutsean argitaratzen den aldizkaria, `Osatuberri´, edo `Euskararen kukua´ , euskara ikasten ari diren guztiei laguntzeko. Esan gabe doa ezinbestekoak direla, eta eskertzen da euren lana.
Baina ba al dago plangintza globala, orokorra, dizplina anitzekoa, bizi dugun egoera bere osotasunean hartzen duena? Hizkuntza bera Osakidetzaren helburu eta jarduerarekin uztartzen duena? Ezetz nago.
Informatikariak alde batetik, asistentzia sanitarioa bestetik, espezialistak ospitalean, familliako medikuak kontsultategian, ikertzaileak euren txokoan, bakoitzak bereari. Euskara, gaztelera ez bezala, zeharkako lerroa ez denez, bere osotasunean kontuan hartzen ez denez, beti jartzen da euskara zerbitzuaren lepoan. Eta ezin dute dena kontrolpean eduki. Arlo klinikoa osasun-profesionaloi dagokigu, ez teknikariei.
Euskara ikastera adoretu nahi dute jendea, antza. Baina itxura batean, inori ez zaio bururatu sarean dauzkagun web-orrien azterketa egitea, esteka interesgarriak ikuskatzea, euskaldunek nora jo dezaketen antzematea. Funtsean, eskura dauzkagun baliabideak identifikatu… eta hori guztia zabaldu. Osasun profesionalak adoretu horren erabiltzera.
Osakidetzaren bitartez, Osakidetzak ordainduta, osasun-langileok datu baseetara eta aldizkari akademikoetara sar gaitezke. Milaka artikulu zein dokumentu eskura. Baina UEUren argitalpenetara? Uztaro aldizkarira? EHUren argitapenetara (Tantak, Gogoa)? EHUren klasikoak existitzen direla ba al dakigu? Eusko Ikaskuntza? Elhuyar? Jakin? BAT aldizkaria? Osagaiz?
Egunero jasotzen ditugu hainbat mezu, horietako asko industria farmazeutikoarenak edo argitaldarienak, eta jaso bezain laster ezabatu. Baina euskararen aldeko mezurik ordea, ez hainbeste; euskaraz dauzkagun baliabideei buruzko informaziorik ez.
Klasikoen gordailuan sartu nahi eta ezin. Egoera konpondu da eta jaso dut erantzuna: gertaera hau nahiko normala da. Ia ia asmatu dute. Ohikoa da, egunerokoa, baina egia esan, ez luke normala izan behar. Indarrean dagoen eta indarrez ezarri den errealitate baten sintoma bat da, txikikeria bat; ur tanta bat itsasoan.
Osakidetzako zuzendaritzak gaztelera inposatu die langileei zein erabiltzaileei, eta maila guztietan inposaketa oharkabean txertatzen da, egunerokoan. Barneraturiko zapalkuntza. Matxismoa bezain normala da bizi dugun hizkuntzakeria.
Gertaera `normaletan´ mamitzen da biolentzia sistemikoa, biolentzia sinbolikoa. Muinean sartuta daukagu gure jardueran. Osasun arreta, hizkuntzakeriaren gordailua da.
Zaldubik zera idatzi zuen behin: “Eta nola gure lotgarri hoberena gure mintzaira baitugu, beira dezagun arta handirekin.” Euskara baita euskaldun egiten gaituena, administrazioen eta mugen horma gaindi dezakeena, euskaldun guztiok batzen gaituena, gure territorio libre bakarra.
Medikua izanik, pazienteak artatzea da nire lana, eta jakin badakit euren hizkuntzan artatu behar ditudala. Euskal Herrian, euskaldunei osasun arreta euskaraz eman behar zaie eta kitto. Horretarako, baina, euskalduna izan behar, eta ez bazara, euskara ikasi beharrean zaude. Nik euskaraz ikasten dut egunero, nire pazienteei esker. Mediku izateak pribilegio hori eman dit: Beasainetik Gorlizera egin dut lan, eta milaka euskaldunekin hitz egiteko aukera izan dut.
Hizkuntzak ikastea zaila omen da, eta urteak behar dira. Gure erakundean, hots, Osakidetzan, euskaraz hitz egitea ez da derrigorrezkoa, baina meritoa denez, lan finkoa eskuratzeko lagun dezake. Gauzak horrela, lankide asko badabiltza euskara ikasten. Osakidetzak ere euskara ikastaroen deialdia egiten du urtero.
Hizkuntza bat ikasteko modu asko egongo dira. Horietako bat irakurtzea izan daiteke. Euskaraz irakurtzeko hainbat aukera daude, eta esaterako, euskal literaturaren gordailua sarean daukagu eskura, http://klasikoak.armiarma.eus/ weborrian.
Osakidetzan, jakingo duzuenez, ordenagailuekin egiten dugu lan, hainbeste ezen zuei, pazienteei begira egon baino, pantailari begira gaude. Ordenagailuaren bitartez, aldi berean, datu baseak eta aldizkari akademikoak ere irakur ditzakegu, gure ezagutza eskasa eguneratzeko edo hobetzeko asmoz. Astia baldin badugu. Hizkuntzekin, gauza bera: hainbat testu topa ditzakegu sarean, baita ingeles edo gaztelerazko literatura klasikoa ere. http://www.cervantesvirtual.com/portales/literatura/ web orrian, adibidez.
Salbuespen bat dago, ezetz asmatu. Euskara. Euskal klasikoen gordailuan sartu nahi eta ezin. Debekatuta dago. Esteka sakatzen dudan bakoitzean, zera irakur dezaket: “Eduki hau blokeatuta dauka zure erakundeak. Kategoria: Entertainment.” Entertainment horrek aisia esan nahi du, entretenimendua, denbora pasa. Euskal literatura aisialdirako izan daiteke noski, eta gomendagarria oso. Baina euskara ikasteko baliabide egokia ere bada, Osakidetzak langile guztion eskura jarri beharko lukeena, erdal literaturarekin egiten duen bezala.
Fruitutik ezagutzen da zuhaitza, obretatik pertsonak.Bistan da zeintzuk diren gure zuzendaritzaren ardurak eta lehentasunak, non daukaten gogoa, zein da euren hizkuntza. “Txarkeria handienak auzoan baino hobeki miresten dira txikienak etxean” irakur dezakezu klasikoen gordailuan. Kalte txikia izango da, ez da agian lehentasunezko auzia, izan ere pazienteei osasun arreta euskaraz ematea (gaur egun egiten ez dena) askoz garrantzitsuagoa baita. Baina Osakidetzan, gure etxean, euskarazko literatura klasikoa debekatuta egotea, miresgarria da.
Armiarma sarean harrapatuta ikusten dugu gure burua hemen.
Atera da, behingoz, ereilea hazia ereitera. Lehenengo aldiz, Osakidetza pazienteen lehentasunezko hizkuntza jasotzen ari da. Orain arte, norbanakoak eskatu ezean, bere hizkuntza gaztelera zela jartzen zuten, inori galdetu gabe. Azkenik, martxan jarri da pazienteen lehentasunezko elearen erregistroa. Oraingoan bai, zein nahi dugun galdetzen digute. Datuen arabera, biztanleriaren % 40ri galdetu omen zaio zein hizkuntzan artatua izan nahi duen, eta 200.000 erabiltzaileek euskara aukeratu dute; laurdenak. Euskaltzale askok, pozarren, urteetan ereindako fruitua loratzen ikusi dute. Izan ere, besterik ezean, ogi gogorra ere ogi. Jainkoak barka nazala, baina Markosenak entzungo dituzte: “Ikusten dute, bai, baina ohartzen ez; entzuten dute bai, baina ulertzen ez.” Ikasiko dute ez dela garirik harri artean.
Datuak ez dira positiboak, inondik inora. Ez da harritzekoa; luzaroan noraezean ibili ondoren, etxerako bidea nekez aurkitzen baita. Horrela jarraituz gero, bistan da, begirik duenarentzat, errekara goazela, amildegira. Gauza jakina da hizkuntza gutxituaren hiztunek ez dutela erraz euren elea aukeratzen, ez behintzat osasun arloan, erabateko ahuldade eta mendekotasun egoeran dauden horretan. Hau aspaldi aztertu da Kanadan, frantses hiztunen artean. Osasun arreta ez bada frantsesez eskaintzen ingelesera jotzen dute, halabeharrez. Hainbat arrazoi, tartean: norberaren hizkuntza gutxitua den aldetik, komunikatzeko arazoak antzematea, adibidez. Edo frantsesezko osasun zerbitzuen gabezia, zeinak erabiltzailea hori erdiestea ezinezkotzat jotzera bultzatzen duen. Maiz, zerbitzua norberaren hizkuntzan garaiz jasoko ez delako ustea. Sarri, hizkuntza gutxituan eskaintzen den zerbitzua hizkuntza nagusian eskaintzen dena baino kalitate gutxikoa izango delako sinismena. Hori dela eta erabiltzaileek ez dute arreta frantsesez eskatzen, eta aldi berean zerbitzu-hornitzaileek, oharkabean eta naturaltasunez, ingeleserarako joera dute.
Gauza bera gertatzen da Euskal Herrian, eta zerbitzua gazteleraz jasotzea normaltzat hartzen dugu edo, besterik ezean, ikaratuta, onartzera behartuta gaude. Beldurra baita medikuntzaren laharra.
Euskal Autonomia Erkidegoan euskaldunen batazbestekoa % 37 da, baina horrela jarraituz gero % 20k baino ez du euskara aukeratuko. Ingurune soziolinguistikoa garrantzitsua da, baina ez da erabakiorra. Debagoienean adibidez, euskaldunen batazbestekoa % 66 da, baina euskara lehenetsi dutenena askoz baxuagoa. Elgetan edo Aramaion, ordea, kalean baino gehiago erabiltzen da euskara kontsultategian. Arrazoirik? Batetik, eskaini behar da, eta ez eskatzera behartu. Bestetik, gakoa da nork eta nola eskaintzen duen aukerazko hizkuntza. Izan ere, osasun arloko botere gunea medikuak dira batez ere, ez administrariak edo zelariak. Familiako medikuek eragin handia izan dezakete; euskaldunak izan behar lukete, eta euskararen erabilera adoretu.
Hauxe da gakoa, eta hemen egin behar da ahalegina. Kezka hau Kanadako Health Standards Organization erakundeak sortu duen lantaldean partekatu dugu, eta komunikaziorako estandarretan jaso. Paziente guztiei eskaini behar zaie euren lehentasunezko hizkuntza aukeratzea, noski, baina ezin du edozeinek egin. Beren-beregiko prestakuntza beharrezkoa dela antzeman da.
Nola lor genezake? Lehen mailako arretan, erizain zein medikuen artean hain zuzen ere, txertatu beharko litzateke hizkuntza eta osasunaren gaia etenbageko prestakuntzan, hiztun aktiboak sortuz. Benetako eskaintza aktiboa egingo luketen profesional euskaldunak, pazienteak euskara erabiltzera adoretuko lituzketenak. Horrela bakarrik lor dezakegu euskara lehenesten duten batazbestekoa elebidunen parera heltzea, edo erabilerarena baino handiagoa izatea. Bestela jai daukagu. Bostetik batek bakarrik aukeratzen badu euskara, batzuek ez dute errukirik izango. Hasi dira dagoeneko, datu hauetan oinarrituz, hizkuntza eskakizunen aurka oldartzen.
Gaurko eredua oker dago, izugarrizko akats estrategikoa da, eta larrutik ordainduko dugu ez bada garaiz zuzentzen. Harri artean ari gara aleak ereiten.
Medikuok, gradua bukatu eta gero, espezialitatea egin behar dugu. Neronek Usansoloko ospitalean egin nuen, eta ez daukat ahazteko mediku baten irakaspenak: ni ez naiz medikua, egiptologoa baizik, momiak artatzen baititut egunero. Izan ere, zahartzaroa bilakatu da gure erronkarik handienetarikoa. Antzinaroa, esango luke mediku horrek.
Medikuok pertsonekin egiten dugu lan, zahar edo gazte, eta gizatasunez jarduteko medikuntzaz harago ikasi behar dugu: kultura, antropologia, historia, edozer gauza. Antzinaroak ere badu zer irakatsi. Jakinminez, `Gerraren artea antzinaroan´ liburua, anglosaxoiek idatzitakoa, irakurri nuen aspaldi. Greziarrak gerrazaleak zirela ikasi nuen, eta bide batez, orain amerikarrek lekukoa hartu dietela.
Espelosin espainola historialari ona da, zinez. Apaltasunez, antzinaroa ezagutzeko zailtasunak agerian uzten ditu, galdutako memoria aipatuz, baina anglosaxoiak guztiz ezberdinak dira. Epaminondasi buruz zerbait jakiteko jatorrizko testurik egon ez arren, euren artean Leuktraren gora beherak eztabaitatzen egon daitezke. Den dena dakite, baita Periklesen komuneko papera Egiptoko zein hiritik ekartzen zuten ere, edo itsasontziaren lemazaina errena zela, Tuzididesek nonbaiten entzun baitzion norbaiti.
Izugarria da euren krudelkeria: “Telebista eta sare sozialak nagusi diren gizarte honetan, terroristak propagandaren garrantziaz jakitun dira, eta horrexegatik armada modernoak hiriguneetan sartzera behartzen dituzte, horrela errugabeen heriotzak eragiteko.” Hamaika ikusteko jaioak gara. Errua terroristei leporatzen diete, bonben azpian geldirik egon ordez izkutzatzen baitira, eta zibilen artean gainera, asmo txarrez. Euskal Herriaren historia dakarkit gogora, iragana eta oraina.
Euren testuetan zera irakur daiteke: “Mendebaleko armada modernoak ez dira indar militarrak soilik. Euren nazioaren izen ona eta balioen eredu dira, eta atzerrian jarduteko (herrialde bat inbaditzen, alegia) gehiengoaren sostengua ezinbestekoa dute. Nahiz eta etsaia koldarra edo okerra izan, estatu demokratikoen soldadu zein ofizialek euren erantzukizun etiko eta moralak gogoan izan behar dituzte, baita borroka lekuan ere.´ Egia esan, arrazoia dute: mendebaldeko estatuen isla dira euren armadak, euren soldaduak; tortura, heriotza, basakeria, bortxa eta arrazismoa daramate noranahi.
Antzinaroa bizirik dago, baita Euskal Herrian ere, baita bake garaian ere. Tom Hollandek pertsiarrei buruz idatzitakoa gogoan: “Ziro eta bere ondorengoek bete-betean ulertu zuten egia, gordina bezain garrantzitsua: komunitate bat egituratzen duten ohiturak, autoestima gordetzen laguntzen dutenak, independentzia posible dela amesteko balio dutenak, horiek guztiak, aldi berean, zapaltzaileak zentzuz eta arduraz erabiliz gero, komunitate hori bere menderakuntzarekin eroso sentitzea ahalbidetzen dute´.
Euskadi Sardes da! Hasi beharko gara aldarrikatzen. Esan bezala medikua izanik ez dut medikuntza testuak soilik irakurtzen. Egunkariak ere irakurtzen ditut. Deiaren gehigarria irakurri nuen asteburu batean, Bizkaiari buruzko monografikoa. Aldun Nagusiaren hitzaurrea, elebitan: beste guztia, baina, gazteleraz. Bizkaitarrok bizkarrean daramagun guztia: Athletic eta futbola, Portugaleteko zubia eta Guggenheim museoa, Bizkaiko semeak (alabarik ez itxuraz): Azkue, Sabino, Unamuno, Chavarri, etab. Arrantzaleak eta Gaztelugatxe, Bermeo eta Lekeitio; Bilboko Ibaizabal, meatzak eta topiko guztiak. Autoestima eta independentzia grina asetzen duten tradizio edo traizio guztiak, gure menpekotasunarekin bakean lotzen gaituztenak, bata bestearen atzetik.
Gauza bat falta zen: euskara. Ez omen daukagu gogoan bizkaitarrek; haundikiek beti soineko dotorea nahiago. Izan ere, Bizkaia handia da, Sardes txiki bat, satrapia bat, Euskadiren erdigunea. Deustuko zubitik, Autonomia kaleraino, San Mamesen du bihotza. Menderakuntzarekin eroso bizi gara, gazteleraz barra-barra, erdara bihotzean eta mingainan. Etorkizunik gabeko iraganak bizi gaitu: Euskadi Sardes da.
Bizitza da laburra, eta artea luze, zioen Senekak.
Osasungintza eta hizkuntzaren alorrean 2012an hasi nintzen, ia 40 urterekin, Osabide, eguneroko jardueran darabilgun euskarri informatikoa, euskaraz eskatu nuenean. Gauza guztiek bezala, badu bere zergatia.
Plaza 2010ean eskuratu nuen, eta nire kontura hasi nintzen testuak euskaratzen (diagnostikoak, ohar klinikoak…). Nire asmoa euskaraz lan egitea zen, hau da, euskara teknikoan trebatzea eta pazienteen gaineko oharrak euskaraz idaztea. 2010ko abenduan izan zen hori, Aramaion.
Eskalatzailea izan naiz beti. 2011ko otsailean kontsulta amaitu eta Gantzagara joan nintzen, Atxan bide berri bat zabaltzera. 20 metro edo faltako ziren bidea amaitzeko, baina harri puska bat erori zitzaigun gainera eta buruan kolpea hartu nuen. Hainbat metroko erori baten ondoren hormaren aurka jo nuen berriro, eskumako eskuturra eta garezurra apurtuz. Bi orkatilen bihurkada, lepoko bihurkada, makadurak, besoa txikituta eta buruko odol jario subaraknoideoa. Han egon nintzen 5 orduz, ez dakit nola bizirik. Logurea eta hotza, ez dut beste ezer gogoratzen.
Ospitalera ailegatzerakoan ia aita nintzen itaundu zidan erizainak, eta baietz erantzutean euren izenak galdetu zizkidan. Negar batean hasi nintzen, ez bainituen gogoratzen. Bikotea ospitalera etorri zenean galdetu nion lehenengo gauza izan zen. Eta gauza bakarra eskatu nion, nire azken borondatea: semeei euskaraz hitz egin mesedez. Euskaldunak izan daitezen.
Handik urtebetera, lanean berriro ere, eta beti bezala aplikazio informatikoa gazteleraz, lan hizkuntza gaztelera, proba osagarrien txostenak gazteleraz. Gurasoen belaunaldiak ikastolak egin zituen. Eta orain, aita naizela, dena gazteleraz, baita semeen arreta pediatrikoa ere. Heriotzari beldurrik ez, egindakoaz damurik ez, baina egin gabe zegoenaz konturatu nintzen: osasun arreta euskaldundu gabe zegoen.
Baina osasungoa oso konplexua da, ezin da goizetik gauera euskaldundu. Are gutxiago hizkuntza eta kalitatea, edo arreta bera, guztiz banatuta daudelako ustea muineraino sartuta daukagunean. Harrezkero, guztiz argi daukat: osasun langileok badaukagu gure ekarpena egiteko aukera. Ikuspegi akademiko eta profesionalarekin, gure talaiatik, hizkuntza eta osasuna uztartzea. Beldurrak eta mito ustelak uxatzea, behin betiko. Asmoz eta jakitez.
Hona hemen askoz hobeto idazten zuen Stephen Elliot Goulden hitzak:
“Objektibotasuna funtzionamendu aldetik definitu beharko bagenu, datu-prozesaketa zuzena dela esango genuke, ez lehentasun falta. Are gehiago, nork bere lehentasun saihestezinak ulertu eta ezagutu behar ditu, beregan duten eragina nabaritzeko; orduan bakarrik prozesatu ahal izango baitu zuzen datuak eta argudioak! Ez legoke norberaren berezko objekibotasunean sinestea baino oilarkeria okerragorik, eta ez legoke hori baino bide aproposagorik memeloak agerian gelditzeko.”
Gure lehentasun saihestezina ulertu behar dugu: osasun arreta euskaraz jaso, edonon, edonoiz, ahoz zein idatziz, maila guztietan. Eta aldi berean euskaraz lan egin, historia klinikoa euskaraz landu. Funtsean, osasun sistema euskaldundu. Ez baita Euskal Herri euskaldunik egongo osasungintza euskalduntzen ez bada.
Ez da lehentasun makala. Guztiz etikoa da, pazienteen eta gizartearen alde egiten baitu. Ez da aldarrikapen hutsa; erantzukizun soziala baizik. Gould berriro: “Lehentasunak ezagutu behar ditugu mugatzeko gure lanean duten eragina, baina ez gara bide okerretik joaten lehentasun horiek erabiltzen baditugu erabakitzeko zer gaitzen aritu nahi dugun lanean. Bizitza laburra da, eta ikerketa posibleak, mugagabeak. Aukera handiagoa dugu zerbait garrantzitsua erdiesteko oso gustuko ditugun jakin-minei jarraitzen badiegu eta esanahi pertsonal handiagoa duten alorretan lan egiten badugu.”
Premien kontua da, eta hemen badaukagu zer egin, jorratu gabeko esparrua lantzeko beharra. Eman eta zabal dezagun, dezaten. Euskararen egoeraz kezkatuta badaude, normalizazioan aurera egin nahi badute, hemen daukate medikuntzako ikasleek, hala nola irakasleek, euren ekarpena egiteko aukera. Gradu amaierako lanak, ikerketak, doktorego tesiak… osasun arreta eta hizkuntza uztartuz. Esan gabe doa zuzendarien ardura dela ( Osakidetzan, Osasunbidean, EHUn ) horrelako ekimenak sustatzea. Gure corpus propioa landu, gure eremura egokituriko ebidentzia sortuz. Oinarri akademiko eta profesional sendoak ezarri, horrela medikuntza euskalduntzeko.
Bizitza da laburra, artea luze. Euskara eta osasungintza, bizitzaz eta arteaz gozatzeko aukera.
Jakinsarea Osakidetzak martxan jarri duen plataforma da, osasun langileen artean ezagutza partekatzeko eta zabaltzeko asmoz. Plataforma horri esker, hainbat ikastaroetan izena eman dezakegu, etengabeko prestakuntzaren bitartez gaitasunak eskuratuz, eta, horrela, maila goreneko langileak izan gaitezen.
Duela gutxi, ‘Komunikazio eraginkorra’ izenburua duen ikastaroa eskaini zaigu. Ikastaroa gaztelera hutsean da, ohi legez. Horrek, berez, langileon hizkuntza eskubideak urratzen ditu eta gure arteko hierarkiak ezarri. Baina hori ez da txarrena. Ingelesez balitz ere moldatuko ginateke euskaldunok, txapela buruan munduan ibilitakoak baikara.
Txarrena pazienteekiko duen errespetu falta da. Ikastaroak langileon komunikaziorako gaitasuna hobetzea omen du helburu, pazienteei arreta hobeago bat emateko asmoz. Baina ez du hizkuntza kontuan hartzen, non eta eremu elebidun batean. Komunikazio zehatza, objektiboa, enpatia, teknologia berriak, emozioak… hainbat gauza aipatzen dira, baina hizkuntza, ordea, ez. Hizkuntzarik gabeko komunikazioa.
Zerbitzuak erabiltzaileen beharren arabera antolatu behar dira, pazientean zentraturiko arreta izango bada. Arretaren oinarriak duintasuna eta errespetua direlarik, eta norbanakoaren premiak azaltzeko hizkuntza ezinbestekoa dela aitortuz, zerbitzuaren parte dela onartu beharra dago. Ez da aukerako edo hautazko osagaia, arreta eta hizkuntza banaezinak dira.
Ikastaro honek iraungita dauden aurreiritziak berresten ditu. Jardunbide desegokiak sustatzen ditu, profesionalaren apetak gaixoaren beharren eta eskubideen gainetik jarriz. Are gehiago: norbanakoaren eta herri baten identitatea ukatzen du.
Ikastaroak ez du erakundearen lerro estrategikoekin bat egiten, ez du gure jarduera arautzen duen kode deontologikoa errespetatzen, gure izaera zein irudi korporatiboari kalte egiten die eta ez du legea betetzen. Horrez gain, euskaldunontzat iraingarria izan daiteke.
Gauzak horrela, paziente bezala, herritar bezala, baina batez ere mediku bezala, ikastaro hau bertan behera uztea eskatzen diot Osakidetzako zuzendaritzari.
Bide batez, prestakuntzaren arduradunari bere karguari uztea eskatzen diot, pazienteen defentsan, mediku izateak ematen didan autoritateaz eta derrigorrezkoa duen gizarte erantzukizunaz.
Osasun arreta euskaraz eskatzen ari gara aspalditik. Jakin badakigu ez dela batere erraza, ez dela goizetik gauera lortzen. Osabide euskarri informatikoa euskaraz eskatu nuen 2012. urtean, eta bagenekien borrokak luze joko zuela. 6 urte pasa dira eta oraindik gazteleraz dago.
Euskara teknikariak hasi dira egoerari neurria hartzen. Mantra bat bailitzan, aita gurea bezala, kultura-aldaketa bat sustatzea beharrezkotzat jotzen dute. Bazen garaia!
Balizko esnearekin ezin gosaldu. Egoeraren konplexutasuna gogoan, eta arretaren normalizazioari buruzko ehunka testu irakurri ostean, gauza bera ondorioztatu genuen 2015ean, orain 3 urte, eta publikoki adierazi Donostian egin zen focus-group batean, baita unibertsitatearen udako ikastaroetan ere. Horren gaineko artikulu bat ere argitaratu genuen BAT soziolinguistika aldizkarian, ‘Hizkuntza kontzientzia osasungintzan. Unibertsitatearen eta Osakidetzaren ekarpena zein elkarlana kultura-aldaketa prozesuan.’
Blogak ematen duen intimitateaz profitatuz, artikulu horren oinarria izan zen dokumentu bat partekatu eta proposatu genuen Bilboko Albian dagoen Angband gotorlekuan. Izan ere, non boterea, han erabakia. Hurrengo egunean dei bat jaso nuen,ezetz asmatu nondik. Lasai, zurrumurruek diotena ez da egia, oraindik ez didate kargu publiko bat eskaini.
Kultura-aldaketa. Kolektibo batzuk sentiberatzeko: profesional ez-euskaldunak.Hori irakur dezakegu euskara planaren bitarteko ebaluazioan.
Horri buruz zerbait idatzi nahi nuen, eta hara, kasualidadez, nire zerbitzu-unitatetik mezu bat jaso dut oraintxe. Komunikazioa lantzeko ikastaro bat eskaintzen zaigu osasun-profesionalei. Gaztelera hutsean. Baina, eta hori da mingarriena, komunikazioan hizkuntzaren gaia landuko ez duen ikastaroa. Izan ere, naturaltasunez, Osakidetzan dena da gazteleraz. Komunikazioa landu, pazientearen hizkuntza kontuan hartu gabe: hamaika ikusteko jaioak gara, baita hamabi ere.
Kultura-aldaketa behar dela bistan da, Euskara Zerbitzutik hasita. Oraindik ez baitute ikasi osasun arreta eta hizkuntza batera doazela. Oraindik ere errotulazioan eta hizkuntza-eskakizunetan baitute ortzemuga. Gogoa begiak bezain lausotuta, zuzendu ezinekoari neurri zuzentzaileak jarriko dizkiote, biriketako minbiziarentzat zain belarra bezain eraginkorrak.
Kultura aldaketa. Hizkuntzaren gaia zeharkakoa bilakatzea da hori, arreta eskaintzen den une bakoitzean hizkuntza kontuan hartzea, alegia. Hizkuntza eta arreta gauza bera direla aitortzea. Hizkuntza kontzientzia ikasketa prozesuan, etengabeko formakuntzan eta eguneroko jardueran txertatzea. Arreta euskaraz eskaintzea, eta ez eskatzera behartzera. Kultura-aldaketa behar dugula bistan da, Euskal Herri osoan agian, baina beldur naiz ez ote den beranduegi.
Izan ere, paziente batek gazteleraz irakatsi zidana etorri zait gogora: andá y cantale un tango a Gardel.
Urriaren amaieran edo azaroaren hasieran joan ginen Lehendakaria eta biok , bakoitza bere aldetik, Kanadara. Lehendakaria Quebecera, lehen ministroarekin biltzeko. Ni Ottawara, Quebecetik at bizi diren frantses hiztunen komunitatearen osasun arloko jardunaldietara. `Rendez-vous Santé en Français, 150 d´agir ensemble´ (batera ekiteko 150 modu).
Batera ekiteko hainbat modu daude. Lehendakariarena bidai ekonomikoa izan zen batezere, euskal produktuak AEBtan eta Kanadan sartzeko bideak aurkitzeko. Ipar-mendebaldeko pasabidearen bila, Frobisheren moduan. Ez zuen ahaztu, ordea, gure ondare kulturala, Red Bay aztarnategia hain zuzen ere.
Nire arlo profesionala medikuntza da, ez arkeologia, eta eremu elebidunetan bi hizkuntzetan nola jardun behar den ikastera, eta bide batez nire ekarpena egitera, joan nintzen, eurek gonbidatuta. Interesgarria oso euren eredua aztertzea eta gurearekin alderatzea. Beti ikasten da zerbait, interesik baduzu.
Euskal Herrian arreta frantsesez edo gazteleraz da. Nafarroako Osasunbidean ez dago Euskara Planik, eta EAEko Osakidetzan ez da euskarazko arreta bermatzen. Bitartean, zer ari da gertatzen Kanadan?
Quebecen, EAEn bezala, frantsesa hizkuntza ofiziala da, eta biztanleriaren gehiengoak frantsesez hitz egiten du. Hemen arreta frantsesez ematen da, maila guztietan, leku guztietan, ahoz eta idatziz, ehuneko ehunean. Ingeles hiztunek ordea zailtasunak dituzte zerbitzua ama hizkuntzan jasotzeko.
Egoera soziolinguistikoa eta legala oso ezberdina da Quebecetik at, non milioi bat frantses hiztun bizi diren. Ontarion biztanleriaren % 4´3k hitz egiten du frantsesez, Manitoban % 3′5k; konparaziorako, Tuteraldean euskaldunen portzentajea antzerakoa da.
Hala eta guztiz ere, badabiltza. Goi-mailako ikasketak frantsesez burutzeko 11 unibertsitateen sarea eratu dute, Consortium National de Formation en Santé delakoa. Gurean, (EAEn) aldiz, medikuntza euskaraz ikastea ezinezkoa da, Nafarroan erizaintza euskaraz ikastea ezinezkoa den bezalaxe. Ontarion 779 arreta guneek ematen dute zerbitzua frantsesez ( bostetik batek), eta 19 dira zerbitzua frantsesez soilik ematen dutenak. Hemen ez dago euskara hutsean lan egiten duen gunerik. Historia klinikoa frantsesez idaztea posible da, eta horrela jasotzen du Ontarioko sendagileen elkargoak. Hemen ez dago euskarazko historia klinikorik, ezta euskararen arnasgunerik euskaldunenean ere.
Euskara Planaren ebaluazioan erabiltzaileei egindako inkestak ere jaso dira, eta, oro har, euren gogobetetasuna ona da. Euskaraz jasotzen dute zerbitzua, antza. Manitoban, jakin dezazun, familia medikuen % 2´6 dira elebidun, eta psikologoen % 2´7. Halere, erabiltzaile frankofonoen % 14ak frantsesez egiten du bere oheburuko medikuarekin, eta % 37ak jasotzen du ospitale mailako arreta frantsesez. Manitoban frantses hiztunen portzentajea % 6´3koa da. Jakin nahi nuke lehen mailako zein ospitaleko arreta euskaraz jasotzen duten edo ez Tuteran, Lizarran, edo Baionan. Ezetz erantzungo dit baten batek, azken batean hori Ipar Euskal Herria edo Nafarroa baita, ez Euskadi.
Bai, badakit Tutera non dagoen, eta bai, Quebecen ere egon naiz, Ottawa ibaiaren bestaldean. Han dena da frantsesez. Euskal Autonomia Elkargoan, ordea, eremu euskaldunetan, ez da osasun arreta euskaraz eskaintzen. Dena da gazteleraz.
Hizkuntza-mugak, muga mentalak, ibaiaren bi aldeak. Badira Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dutenak, eta badira euren ondare kulturala baleontzietara mugatzen dutenak. Zenbat buru, hainbat lehentasun.
Batzuk Ottawan daukate burua, beste batzuk Quebecen. Beti ikasten da zerbait, nahi izanez gero.
EUSKARALDIA OSAKIDETZAN, GAITASUNAK BULTZATZEKO AUKERA
2018-09-06 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Berriki argitaratu dut nire azken artikulua Berrian, `Baliabideak edo gaitasunak´ https://www.berria.eus/paperekoa/1971/014/003/2018-09-06/baliabideak_edo_gaitasunak.htm
Beldur denaren ezpatak beti punta motz, eta baten bat haserretuko zait Euskaraldia aipatzeagatik, aurka nagoela esanez. Beti gauza bera esaten dut, osasungintzaren eremuan behintzat: euskara ez da mehatxua, aukera baizik. Baita Euskaraldia bera ere.
Euskaraldiarekin bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta baita Osakidetzako Araba eta Barrualde-Galdakao ESIek ere, nik dakidanez. Gaitasunak aipatu ditut. Badira, Galdakaoko ospitalean bederen, hainbat langile euskaldun. Haibat mediku egoiliar, espezialitatea egiten ari direnak, eta euskaraz idatzi nahiko luketenak. Pazienteen dokumentazio klinikoa euskaraz, alegia. Horretarako gai dira. Gaitasuna badute.
Eta hori da, edozein normalizazio-prozesuan, kontuan hartu beharreko gauza bat. Norbanakoen edo giza-taldeen gaitasunak bultzatzea, euren hizkuntzan bizitzeko grina adoretzea, eta ez, inondik inora, oztopatzea.
Zoritxarrez, mediku egoiliarrei ez zaie aukera hori ematen. Ikaratuta daude, beldurtuta, eta ez dira ausartzen euskaraz idazten. Nahi, baina ezin. Nola ez ba, besteen menpean daude eta.
Euskaraldiak aukera paregabea ematen digu, lan finkoa daukagunoi. Boterea dutenei. Izan daitezela Araba ESI eta Barrualde-Galdakao ESIko arduradunak, kudeatzaileak, zerbitzu-buruak eta osasun-profesionalak, belarriprest arduratsuak. Adoretu ditzatela mediku gazteak, Euskaraldian alta-txostenak euskaraz idaztera. Patologia arinak, behintzat, eta betiere pazienteari eskainiz eta harekin adostuz.
Hona hemen nire gonbidapena OEEri, Osakidetzako zuzndariei, zerbitzu-buruei eta tutoreei: alta-txostenak euskaraz Euskaraldian.
LANERAKO EZINTASUNA
2018-06-06 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Jende asko etortzen da kontsultategira, baja eskatzera. Aitzakia eske dabilena erraz antzematen da, baina ez da horrelakorik izaten; gogoz kontra sarri, eta ez alferkeriagatik, etortzen da jendea guregana. Bajari lanerako ezintasun iragankorra edo aldi baterako ezintasuna deitzen zaio medikuon hizkera teknikoan; ondo joanez gero osatuko delakoan batetik, eta lanera joateko gauza ez delako bestetik.
Lanerako ezintasuna medikuok preskribitzen dugu; tratamendua da berez. Atseden hartzea, norberaren osasunaren kalterako den zerbait ez egitea, edo norbanakoaren zein ingurukoen ahalegin guztiak gaixotasunari aurre egiten jartzea, behar beharrezkoa da askotan, uste duguna baino gehiago. Lanerako ezintasuna, baja, ez litzateke eskatu behar; medikuak eskaini beharko luke, pazientearen beharrak eta egoera aztertuz, pazientearen eskaerei aurrea hartuz beti. Medikuok ez gara perfektuak, zenbait zerbitzu buru edo kudeatzaile ezik, eta askotan ez gara konturatzen, ez diogu egoerari neurria hartzen, eta pazienteak baja ematea eskatzen digu.
Lanerako ezintasun iragankorrak gaizki ikusiak daude, baita Osakidetzan ere. Esan nahi baita Osakidetzako zuzendaritzak ez duela nahi osasun langileok baja hartzea, ezta medikuok gure pazienteei baja eskaintzea ere. Zergatik diot nik hori? Azken hilabetotan, gure jarduera zorrotz aztertuz, laneko absentismoaren datuak bidaltzen hasi zaizkigu, aldi berean medikuen arteko konparaketak eginez Hau da, zein den gure jarduera-eremuaren baja kopurua, absentismoaren batezbestekoa eta horrelakoak.
Datuek errealitatea izkutatzen dute. Bajak preskribitzen ditugula esaten zaigu, behar bada aldameneko medikuak baino gehiago. Ez dute pazienteen adina kontuan hartzen, euren lan mota, gizonak edo emakumeak diren, edo lanerako ezintasunaren zioa. Esan gabe doa laneko istripuek eragindako bajak ez daudela gure esku, eta ez dugu horren gaineko informaziorik jasotzen. Estatistika aldetik informazio faltsua da, alborapena goitik behera. Ez da fidagarria.
Mezu inplizitua da, sortzez argia baina ez hain garbia: baja gehiegi preskribitzen ditugu medikuok. Jende asko etortzen da baja eskatzera. Laneko ansentismoa oso altua da. Besteen gaizki esaka dabilenak entzungo balitu bere bekatuak! Nahiago nuke jakin zeintzuk diren gure pazienteen lan baldintzak, lanean jazarpenik dagoen edo ez, egiten duten lana osasuntsua den edo ez. Euren osasuna baita, edo izan behar luke, gure helburua. Baita Osakidetzarena ere.
Horregatik, zera eskatu diot nire unitateko buruari: aurreantzean ez bidaltzeko horrelako informaziorik, horrelako mezurik, mesedez. Ez daukat interesik, ez nabil dirua biltzen. Pazienteari aurrea hartzen saiatuko naiz, baja nik eskaintzen eta preskribitzen, pazienteak behar duenean. Bide batez, zuzendariak euren eginkizuna betetzera bidaliko ditut; antzarrak ferratzera, alegia.
Gertaera normala Osakidetzan
2018-05-09 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Osakidetza kutxazain automatikoa bezalakoa da; edozertarako dauka erantzun egokia, protokolizatuta, aldez aurretik prestaturikoa.
Kexatu ostean armiarma.eus weborria zabalik dago orain, eta klasikoen gordailua ikustea posible da Osakidetzan. Gaur bertan. Arazo tekniko bat besterik ez da izan, antza. Ez gaitezen gogorrak izan. Osakidetzako informatika zerbitzuak, gazteleraz bizi den horrek, osasun-jarduerari lotuta ez dauden web-orriak blokeatzen ditu, “izaera profesionala” ez daukatela argudiatuz. Euskal hizkuntzak eta literaturak ez daukate izaera profesionalik, ez dute ezertarako balio zokormazo batzuen aisialdiarako ez bada, eta ez dute inolako loturarik Osakidetzak artatzen dituen euskaldunekin, ezta euskaraz lan egin behar duten profesional eskasekin. Hori horrela, debekatuta egon da, barkatu eragozpenak.
Arazoa konponduta, ez dago arazorik, hori gertaera nahiko normala da. Hainbat web-orriekin ere gertatzen da, egunero, eta etengabe eskatzen zaio informatika zerbitzuari hainbat web-orri zabaltzeko, behar ditugu eta.
Barkatuta daude eragozpenak; izan ere, bere etsaiari barkatzen ez dionak ez du edirenen bere behar orduan arartekorik, ez otoitz egilerik (Axular, 1643). Baina eragozpenez harago, eguneroko traba eta oztopoez harago, badago oinarrian errotuta dagoen arazo larria, gaizki ulertu hau eta beste hainbeste eragin dituena.
Osasun arretan, pazientea bere osotasunean artatu behar dugula gauza jakina da, bere beharrei erantzun egokia emango badiogu. Bere izaera, jatorria, sinismenak, baita hizkuntza ere, kontuan hartu behar dira ezinbestean. Baina norbanakoaren edo gizartearen beharrei egokiro erantzutea erronka bilakatu da kudeatzaileentzat, are gehiago bizi dugun egoera dagoenean utzi nahi dutenentzat.
Osakidetzak bere burua zuritzen du euskararen arloan: euskara ikastaroetarako deialdiak egiten ditu, baita hizkuntza eskakizunetarako azterketak ere. Badauka bere Euskara Zerbitzua, zeinak ahaleginak egiten ditu jendea adoretzeko. Badaukagu euskara hutsean argitaratzen den aldizkaria, `Osatuberri´, edo `Euskararen kukua´ , euskara ikasten ari diren guztiei laguntzeko. Esan gabe doa ezinbestekoak direla, eta eskertzen da euren lana.
Baina ba al dago plangintza globala, orokorra, dizplina anitzekoa, bizi dugun egoera bere osotasunean hartzen duena? Hizkuntza bera Osakidetzaren helburu eta jarduerarekin uztartzen duena? Ezetz nago.
Informatikariak alde batetik, asistentzia sanitarioa bestetik, espezialistak ospitalean, familliako medikuak kontsultategian, ikertzaileak euren txokoan, bakoitzak bereari. Euskara, gaztelera ez bezala, zeharkako lerroa ez denez, bere osotasunean kontuan hartzen ez denez, beti jartzen da euskara zerbitzuaren lepoan. Eta ezin dute dena kontrolpean eduki. Arlo klinikoa osasun-profesionaloi dagokigu, ez teknikariei.
Euskara ikastera adoretu nahi dute jendea, antza. Baina itxura batean, inori ez zaio bururatu sarean dauzkagun web-orrien azterketa egitea, esteka interesgarriak ikuskatzea, euskaldunek nora jo dezaketen antzematea. Funtsean, eskura dauzkagun baliabideak identifikatu… eta hori guztia zabaldu. Osasun profesionalak adoretu horren erabiltzera.
Osakidetzaren bitartez, Osakidetzak ordainduta, osasun-langileok datu baseetara eta aldizkari akademikoetara sar gaitezke. Milaka artikulu zein dokumentu eskura. Baina UEUren argitalpenetara? Uztaro aldizkarira? EHUren argitapenetara (Tantak, Gogoa)? EHUren klasikoak existitzen direla ba al dakigu? Eusko Ikaskuntza? Elhuyar? Jakin? BAT aldizkaria? Osagaiz?
Egunero jasotzen ditugu hainbat mezu, horietako asko industria farmazeutikoarenak edo argitaldarienak, eta jaso bezain laster ezabatu. Baina euskararen aldeko mezurik ordea, ez hainbeste; euskaraz dauzkagun baliabideei buruzko informaziorik ez.
Klasikoen gordailuan sartu nahi eta ezin. Egoera konpondu da eta jaso dut erantzuna: gertaera hau nahiko normala da. Ia ia asmatu dute. Ohikoa da, egunerokoa, baina egia esan, ez luke normala izan behar. Indarrean dagoen eta indarrez ezarri den errealitate baten sintoma bat da, txikikeria bat; ur tanta bat itsasoan.
Osakidetzako zuzendaritzak gaztelera inposatu die langileei zein erabiltzaileei, eta maila guztietan inposaketa oharkabean txertatzen da, egunerokoan. Barneraturiko zapalkuntza. Matxismoa bezain normala da bizi dugun hizkuntzakeria.
Gertaera `normaletan´ mamitzen da biolentzia sistemikoa, biolentzia sinbolikoa. Muinean sartuta daukagu gure jardueran. Osasun arreta, hizkuntzakeriaren gordailua da.
ARMIARMA SAREA
2018-05-08 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Zaldubik zera idatzi zuen behin: “Eta nola gure lotgarri hoberena gure mintzaira baitugu, beira dezagun arta handirekin.” Euskara baita euskaldun egiten gaituena, administrazioen eta mugen horma gaindi dezakeena, euskaldun guztiok batzen gaituena, gure territorio libre bakarra.
Medikua izanik, pazienteak artatzea da nire lana, eta jakin badakit euren hizkuntzan artatu behar ditudala. Euskal Herrian, euskaldunei osasun arreta euskaraz eman behar zaie eta kitto. Horretarako, baina, euskalduna izan behar, eta ez bazara, euskara ikasi beharrean zaude. Nik euskaraz ikasten dut egunero, nire pazienteei esker. Mediku izateak pribilegio hori eman dit: Beasainetik Gorlizera egin dut lan, eta milaka euskaldunekin hitz egiteko aukera izan dut.
Hizkuntzak ikastea zaila omen da, eta urteak behar dira. Gure erakundean, hots, Osakidetzan, euskaraz hitz egitea ez da derrigorrezkoa, baina meritoa denez, lan finkoa eskuratzeko lagun dezake. Gauzak horrela, lankide asko badabiltza euskara ikasten. Osakidetzak ere euskara ikastaroen deialdia egiten du urtero.
Hizkuntza bat ikasteko modu asko egongo dira. Horietako bat irakurtzea izan daiteke. Euskaraz irakurtzeko hainbat aukera daude, eta esaterako, euskal literaturaren gordailua sarean daukagu eskura, http://klasikoak.armiarma.eus/ weborrian.
Osakidetzan, jakingo duzuenez, ordenagailuekin egiten dugu lan, hainbeste ezen zuei, pazienteei begira egon baino, pantailari begira gaude. Ordenagailuaren bitartez, aldi berean, datu baseak eta aldizkari akademikoak ere irakur ditzakegu, gure ezagutza eskasa eguneratzeko edo hobetzeko asmoz. Astia baldin badugu. Hizkuntzekin, gauza bera: hainbat testu topa ditzakegu sarean, baita ingeles edo gaztelerazko literatura klasikoa ere. http://www.cervantesvirtual.com/portales/literatura/ web orrian, adibidez.
Salbuespen bat dago, ezetz asmatu. Euskara. Euskal klasikoen gordailuan sartu nahi eta ezin. Debekatuta dago. Esteka sakatzen dudan bakoitzean, zera irakur dezaket: “Eduki hau blokeatuta dauka zure erakundeak. Kategoria: Entertainment.” Entertainment horrek aisia esan nahi du, entretenimendua, denbora pasa. Euskal literatura aisialdirako izan daiteke noski, eta gomendagarria oso. Baina euskara ikasteko baliabide egokia ere bada, Osakidetzak langile guztion eskura jarri beharko lukeena, erdal literaturarekin egiten duen bezala.
Fruitutik ezagutzen da zuhaitza, obretatik pertsonak. Bistan da zeintzuk diren gure zuzendaritzaren ardurak eta lehentasunak, non daukaten gogoa, zein da euren hizkuntza. “Txarkeria handienak auzoan baino hobeki miresten dira txikienak etxean” irakur dezakezu klasikoen gordailuan. Kalte txikia izango da, ez da agian lehentasunezko auzia, izan ere pazienteei osasun arreta euskaraz ematea (gaur egun egiten ez dena) askoz garrantzitsuagoa baita. Baina Osakidetzan, gure etxean, euskarazko literatura klasikoa debekatuta egotea, miresgarria da.
Armiarma sarean harrapatuta ikusten dugu gure burua hemen.
ALEAK HARRI ARTEAN
2018-04-23 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Atera da, behingoz, ereilea hazia ereitera. Lehenengo aldiz, Osakidetza pazienteen lehentasunezko hizkuntza jasotzen ari da. Orain arte, norbanakoak eskatu ezean, bere hizkuntza gaztelera zela jartzen zuten, inori galdetu gabe. Azkenik, martxan jarri da pazienteen lehentasunezko elearen erregistroa. Oraingoan bai, zein nahi dugun galdetzen digute. Datuen arabera, biztanleriaren % 40ri galdetu omen zaio zein hizkuntzan artatua izan nahi duen, eta 200.000 erabiltzaileek euskara aukeratu dute; laurdenak. Euskaltzale askok, pozarren, urteetan ereindako fruitua loratzen ikusi dute. Izan ere, besterik ezean, ogi gogorra ere ogi. Jainkoak barka nazala, baina Markosenak entzungo dituzte: “Ikusten dute, bai, baina ohartzen ez; entzuten dute bai, baina ulertzen ez.” Ikasiko dute ez dela garirik harri artean.
Datuak ez dira positiboak, inondik inora. Ez da harritzekoa; luzaroan noraezean ibili ondoren, etxerako bidea nekez aurkitzen baita. Horrela jarraituz gero, bistan da, begirik duenarentzat, errekara goazela, amildegira. Gauza jakina da hizkuntza gutxituaren hiztunek ez dutela erraz euren elea aukeratzen, ez behintzat osasun arloan, erabateko ahuldade eta mendekotasun egoeran dauden horretan. Hau aspaldi aztertu da Kanadan, frantses hiztunen artean. Osasun arreta ez bada frantsesez eskaintzen ingelesera jotzen dute, halabeharrez. Hainbat arrazoi, tartean: norberaren hizkuntza gutxitua den aldetik, komunikatzeko arazoak antzematea, adibidez. Edo frantsesezko osasun zerbitzuen gabezia, zeinak erabiltzailea hori erdiestea ezinezkotzat jotzera bultzatzen duen. Maiz, zerbitzua norberaren hizkuntzan garaiz jasoko ez delako ustea. Sarri, hizkuntza gutxituan eskaintzen den zerbitzua hizkuntza nagusian eskaintzen dena baino kalitate gutxikoa izango delako sinismena. Hori dela eta erabiltzaileek ez dute arreta frantsesez eskatzen, eta aldi berean zerbitzu-hornitzaileek, oharkabean eta naturaltasunez, ingeleserarako joera dute.
Gauza bera gertatzen da Euskal Herrian, eta zerbitzua gazteleraz jasotzea normaltzat hartzen dugu edo, besterik ezean, ikaratuta, onartzera behartuta gaude. Beldurra baita medikuntzaren laharra.
Euskal Autonomia Erkidegoan euskaldunen batazbestekoa % 37 da, baina horrela jarraituz gero % 20k baino ez du euskara aukeratuko. Ingurune soziolinguistikoa garrantzitsua da, baina ez da erabakiorra. Debagoienean adibidez, euskaldunen batazbestekoa % 66 da, baina euskara lehenetsi dutenena askoz baxuagoa. Elgetan edo Aramaion, ordea, kalean baino gehiago erabiltzen da euskara kontsultategian. Arrazoirik? Batetik, eskaini behar da, eta ez eskatzera behartu. Bestetik, gakoa da nork eta nola eskaintzen duen aukerazko hizkuntza. Izan ere, osasun arloko botere gunea medikuak dira batez ere, ez administrariak edo zelariak. Familiako medikuek eragin handia izan dezakete; euskaldunak izan behar lukete, eta euskararen erabilera adoretu.
Hauxe da gakoa, eta hemen egin behar da ahalegina. Kezka hau Kanadako Health Standards Organization erakundeak sortu duen lantaldean partekatu dugu, eta komunikaziorako estandarretan jaso. Paziente guztiei eskaini behar zaie euren lehentasunezko hizkuntza aukeratzea, noski, baina ezin du edozeinek egin. Beren-beregiko prestakuntza beharrezkoa dela antzeman da.
Nola lor genezake? Lehen mailako arretan, erizain zein medikuen artean hain zuzen ere, txertatu beharko litzateke hizkuntza eta osasunaren gaia etenbageko prestakuntzan, hiztun aktiboak sortuz. Benetako eskaintza aktiboa egingo luketen profesional euskaldunak, pazienteak euskara erabiltzera adoretuko lituzketenak. Horrela bakarrik lor dezakegu euskara lehenesten duten batazbestekoa elebidunen parera heltzea, edo erabilerarena baino handiagoa izatea. Bestela jai daukagu. Bostetik batek bakarrik aukeratzen badu euskara, batzuek ez dute errukirik izango. Hasi dira dagoeneko, datu hauetan oinarrituz, hizkuntza eskakizunen aurka oldartzen.
Gaurko eredua oker dago, izugarrizko akats estrategikoa da, eta larrutik ordainduko dugu ez bada garaiz zuzentzen. Harri artean ari gara aleak ereiten.
EUSKADI SARDES DA
2018-04-14 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Medikuok, gradua bukatu eta gero, espezialitatea egin behar dugu. Neronek Usansoloko ospitalean egin nuen, eta ez daukat ahazteko mediku baten irakaspenak: ni ez naiz medikua, egiptologoa baizik, momiak artatzen baititut egunero. Izan ere, zahartzaroa bilakatu da gure erronkarik handienetarikoa. Antzinaroa, esango luke mediku horrek.
Medikuok pertsonekin egiten dugu lan, zahar edo gazte, eta gizatasunez jarduteko medikuntzaz harago ikasi behar dugu: kultura, antropologia, historia, edozer gauza. Antzinaroak ere badu zer irakatsi. Jakinminez, `Gerraren artea antzinaroan´ liburua, anglosaxoiek idatzitakoa, irakurri nuen aspaldi. Greziarrak gerrazaleak zirela ikasi nuen, eta bide batez, orain amerikarrek lekukoa hartu dietela.
Espelosin espainola historialari ona da, zinez. Apaltasunez, antzinaroa ezagutzeko zailtasunak agerian uzten ditu, galdutako memoria aipatuz, baina anglosaxoiak guztiz ezberdinak dira. Epaminondasi buruz zerbait jakiteko jatorrizko testurik egon ez arren, euren artean Leuktraren gora beherak eztabaitatzen egon daitezke. Den dena dakite, baita Periklesen komuneko papera Egiptoko zein hiritik ekartzen zuten ere, edo itsasontziaren lemazaina errena zela, Tuzididesek nonbaiten entzun baitzion norbaiti.
Izugarria da euren krudelkeria: “Telebista eta sare sozialak nagusi diren gizarte honetan, terroristak propagandaren garrantziaz jakitun dira, eta horrexegatik armada modernoak hiriguneetan sartzera behartzen dituzte, horrela errugabeen heriotzak eragiteko.” Hamaika ikusteko jaioak gara. Errua terroristei leporatzen diete, bonben azpian geldirik egon ordez izkutzatzen baitira, eta zibilen artean gainera, asmo txarrez. Euskal Herriaren historia dakarkit gogora, iragana eta oraina.
Euren testuetan zera irakur daiteke: “Mendebaleko armada modernoak ez dira indar militarrak soilik. Euren nazioaren izen ona eta balioen eredu dira, eta atzerrian jarduteko (herrialde bat inbaditzen, alegia) gehiengoaren sostengua ezinbestekoa dute. Nahiz eta etsaia koldarra edo okerra izan, estatu demokratikoen soldadu zein ofizialek euren erantzukizun etiko eta moralak gogoan izan behar dituzte, baita borroka lekuan ere.´ Egia esan, arrazoia dute: mendebaldeko estatuen isla dira euren armadak, euren soldaduak; tortura, heriotza, basakeria, bortxa eta arrazismoa daramate noranahi.
Antzinaroa bizirik dago, baita Euskal Herrian ere, baita bake garaian ere. Tom Hollandek pertsiarrei buruz idatzitakoa gogoan: “Ziro eta bere ondorengoek bete-betean ulertu zuten egia, gordina bezain garrantzitsua: komunitate bat egituratzen duten ohiturak, autoestima gordetzen laguntzen dutenak, independentzia posible dela amesteko balio dutenak, horiek guztiak, aldi berean, zapaltzaileak zentzuz eta arduraz erabiliz gero, komunitate hori bere menderakuntzarekin eroso sentitzea ahalbidetzen dute´.
Euskadi Sardes da! Hasi beharko gara aldarrikatzen. Esan bezala medikua izanik ez dut medikuntza testuak soilik irakurtzen. Egunkariak ere irakurtzen ditut. Deiaren gehigarria irakurri nuen asteburu batean, Bizkaiari buruzko monografikoa. Aldun Nagusiaren hitzaurrea, elebitan: beste guztia, baina, gazteleraz. Bizkaitarrok bizkarrean daramagun guztia: Athletic eta futbola, Portugaleteko zubia eta Guggenheim museoa, Bizkaiko semeak (alabarik ez itxuraz): Azkue, Sabino, Unamuno, Chavarri, etab. Arrantzaleak eta Gaztelugatxe, Bermeo eta Lekeitio; Bilboko Ibaizabal, meatzak eta topiko guztiak. Autoestima eta independentzia grina asetzen duten tradizio edo traizio guztiak, gure menpekotasunarekin bakean lotzen gaituztenak, bata bestearen atzetik.
Gauza bat falta zen: euskara. Ez omen daukagu gogoan bizkaitarrek; haundikiek beti soineko dotorea nahiago. Izan ere, Bizkaia handia da, Sardes txiki bat, satrapia bat, Euskadiren erdigunea. Deustuko zubitik, Autonomia kaleraino, San Mamesen du bihotza. Menderakuntzarekin eroso bizi gara, gazteleraz barra-barra, erdara bihotzean eta mingainan. Etorkizunik gabeko iraganak bizi gaitu: Euskadi Sardes da.
BIZITZA DA LABURRA, ARTEA LUZE
2018-04-04 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Bizitza da laburra, eta artea luze, zioen Senekak.
Osasungintza eta hizkuntzaren alorrean 2012an hasi nintzen, ia 40 urterekin, Osabide, eguneroko jardueran darabilgun euskarri informatikoa, euskaraz eskatu nuenean. Gauza guztiek bezala, badu bere zergatia.
Plaza 2010ean eskuratu nuen, eta nire kontura hasi nintzen testuak euskaratzen (diagnostikoak, ohar klinikoak…). Nire asmoa euskaraz lan egitea zen, hau da, euskara teknikoan trebatzea eta pazienteen gaineko oharrak euskaraz idaztea. 2010ko abenduan izan zen hori, Aramaion.
Eskalatzailea izan naiz beti. 2011ko otsailean kontsulta amaitu eta Gantzagara joan nintzen, Atxan bide berri bat zabaltzera. 20 metro edo faltako ziren bidea amaitzeko, baina harri puska bat erori zitzaigun gainera eta buruan kolpea hartu nuen. Hainbat metroko erori baten ondoren hormaren aurka jo nuen berriro, eskumako eskuturra eta garezurra apurtuz. Bi orkatilen bihurkada, lepoko bihurkada, makadurak, besoa txikituta eta buruko odol jario subaraknoideoa. Han egon nintzen 5 orduz, ez dakit nola bizirik. Logurea eta hotza, ez dut beste ezer gogoratzen.
Ospitalera ailegatzerakoan ia aita nintzen itaundu zidan erizainak, eta baietz erantzutean euren izenak galdetu zizkidan. Negar batean hasi nintzen, ez bainituen gogoratzen. Bikotea ospitalera etorri zenean galdetu nion lehenengo gauza izan zen. Eta gauza bakarra eskatu nion, nire azken borondatea: semeei euskaraz hitz egin mesedez. Euskaldunak izan daitezen.
Handik urtebetera, lanean berriro ere, eta beti bezala aplikazio informatikoa gazteleraz, lan hizkuntza gaztelera, proba osagarrien txostenak gazteleraz. Gurasoen belaunaldiak ikastolak egin zituen. Eta orain, aita naizela, dena gazteleraz, baita semeen arreta pediatrikoa ere. Heriotzari beldurrik ez, egindakoaz damurik ez, baina egin gabe zegoenaz konturatu nintzen: osasun arreta euskaldundu gabe zegoen.
Baina osasungoa oso konplexua da, ezin da goizetik gauera euskaldundu. Are gutxiago hizkuntza eta kalitatea, edo arreta bera, guztiz banatuta daudelako ustea muineraino sartuta daukagunean. Harrezkero, guztiz argi daukat: osasun langileok badaukagu gure ekarpena egiteko aukera. Ikuspegi akademiko eta profesionalarekin, gure talaiatik, hizkuntza eta osasuna uztartzea. Beldurrak eta mito ustelak uxatzea, behin betiko. Asmoz eta jakitez.
Hona hemen askoz hobeto idazten zuen Stephen Elliot Goulden hitzak:
“Objektibotasuna funtzionamendu aldetik definitu beharko bagenu, datu-prozesaketa zuzena dela esango genuke, ez lehentasun falta. Are gehiago, nork bere lehentasun saihestezinak ulertu eta ezagutu behar ditu, beregan duten eragina nabaritzeko; orduan bakarrik prozesatu ahal izango baitu zuzen datuak eta argudioak! Ez legoke norberaren berezko objekibotasunean sinestea baino oilarkeria okerragorik, eta ez legoke hori baino bide aproposagorik memeloak agerian gelditzeko.”
Gure lehentasun saihestezina ulertu behar dugu: osasun arreta euskaraz jaso, edonon, edonoiz, ahoz zein idatziz, maila guztietan. Eta aldi berean euskaraz lan egin, historia klinikoa euskaraz landu. Funtsean, osasun sistema euskaldundu. Ez baita Euskal Herri euskaldunik egongo osasungintza euskalduntzen ez bada.
Ez da lehentasun makala. Guztiz etikoa da, pazienteen eta gizartearen alde egiten baitu. Ez da aldarrikapen hutsa; erantzukizun soziala baizik. Gould berriro: “Lehentasunak ezagutu behar ditugu mugatzeko gure lanean duten eragina, baina ez gara bide okerretik joaten lehentasun horiek erabiltzen baditugu erabakitzeko zer gaitzen aritu nahi dugun lanean. Bizitza laburra da, eta ikerketa posibleak, mugagabeak. Aukera handiagoa dugu zerbait garrantzitsua erdiesteko oso gustuko ditugun jakin-minei jarraitzen badiegu eta esanahi pertsonal handiagoa duten alorretan lan egiten badugu.”
Premien kontua da, eta hemen badaukagu zer egin, jorratu gabeko esparrua lantzeko beharra. Eman eta zabal dezagun, dezaten. Euskararen egoeraz kezkatuta badaude, normalizazioan aurera egin nahi badute, hemen daukate medikuntzako ikasleek, hala nola irakasleek, euren ekarpena egiteko aukera. Gradu amaierako lanak, ikerketak, doktorego tesiak… osasun arreta eta hizkuntza uztartuz. Esan gabe doa zuzendarien ardura dela ( Osakidetzan, Osasunbidean, EHUn ) horrelako ekimenak sustatzea. Gure corpus propioa landu, gure eremura egokituriko ebidentzia sortuz. Oinarri akademiko eta profesional sendoak ezarri, horrela medikuntza euskalduntzeko.
Bizitza da laburra, artea luze. Euskara eta osasungintza, bizitzaz eta arteaz gozatzeko aukera.
Jakinsarea, edo kolonizatuen akademia
2018-03-12 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
Jakinsarea Osakidetzak martxan jarri duen plataforma da, osasun langileen artean ezagutza partekatzeko eta zabaltzeko asmoz. Plataforma horri esker, hainbat ikastaroetan izena eman dezakegu, etengabeko prestakuntzaren bitartez gaitasunak eskuratuz, eta, horrela, maila goreneko langileak izan gaitezen.
Duela gutxi, ‘Komunikazio eraginkorra’ izenburua duen ikastaroa eskaini zaigu. Ikastaroa gaztelera hutsean da, ohi legez. Horrek, berez, langileon hizkuntza eskubideak urratzen ditu eta gure arteko hierarkiak ezarri. Baina hori ez da txarrena. Ingelesez balitz ere moldatuko ginateke euskaldunok, txapela buruan munduan ibilitakoak baikara.
Txarrena pazienteekiko duen errespetu falta da. Ikastaroak langileon komunikaziorako gaitasuna hobetzea omen du helburu, pazienteei arreta hobeago bat emateko asmoz. Baina ez du hizkuntza kontuan hartzen, non eta eremu elebidun batean. Komunikazio zehatza, objektiboa, enpatia, teknologia berriak, emozioak… hainbat gauza aipatzen dira, baina hizkuntza, ordea, ez. Hizkuntzarik gabeko komunikazioa.
Zerbitzuak erabiltzaileen beharren arabera antolatu behar dira, pazientean zentraturiko arreta izango bada. Arretaren oinarriak duintasuna eta errespetua direlarik, eta norbanakoaren premiak azaltzeko hizkuntza ezinbestekoa dela aitortuz, zerbitzuaren parte dela onartu beharra dago. Ez da aukerako edo hautazko osagaia, arreta eta hizkuntza banaezinak dira.
Ikastaro honek iraungita dauden aurreiritziak berresten ditu. Jardunbide desegokiak sustatzen ditu, profesionalaren apetak gaixoaren beharren eta eskubideen gainetik jarriz. Are gehiago: norbanakoaren eta herri baten identitatea ukatzen du.
Ikastaroak ez du erakundearen lerro estrategikoekin bat egiten, ez du gure jarduera arautzen duen kode deontologikoa errespetatzen, gure izaera zein irudi korporatiboari kalte egiten die eta ez du legea betetzen. Horrez gain, euskaldunontzat iraingarria izan daiteke.
Gauzak horrela, paziente bezala, herritar bezala, baina batez ere mediku bezala, ikastaro hau bertan behera uztea eskatzen diot Osakidetzako zuzendaritzari.
Bide batez, prestakuntzaren arduradunari bere karguari uztea eskatzen diot, pazienteen defentsan, mediku izateak ematen didan autoritateaz eta derrigorrezkoa duen gizarte erantzukizunaz.
Kultura-aldaketa Osakidetzan
2018-02-28 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Osasun arreta euskaraz eskatzen ari gara aspalditik. Jakin badakigu ez dela batere erraza, ez dela goizetik gauera lortzen. Osabide euskarri informatikoa euskaraz eskatu nuen 2012. urtean, eta bagenekien borrokak luze joko zuela. 6 urte pasa dira eta oraindik gazteleraz dago.
Euskara teknikariak hasi dira egoerari neurria hartzen. Mantra bat bailitzan, aita gurea bezala, kultura-aldaketa bat sustatzea beharrezkotzat jotzen dute. Bazen garaia!
Balizko esnearekin ezin gosaldu. Egoeraren konplexutasuna gogoan, eta arretaren normalizazioari buruzko ehunka testu irakurri ostean, gauza bera ondorioztatu genuen 2015ean, orain 3 urte, eta publikoki adierazi Donostian egin zen focus-group batean, baita unibertsitatearen udako ikastaroetan ere. Horren gaineko artikulu bat ere argitaratu genuen BAT soziolinguistika aldizkarian, ‘Hizkuntza kontzientzia osasungintzan. Unibertsitatearen eta Osakidetzaren ekarpena zein elkarlana kultura-aldaketa prozesuan.’
Blogak ematen duen intimitateaz profitatuz, artikulu horren oinarria izan zen dokumentu bat partekatu eta proposatu genuen Bilboko Albian dagoen Angband gotorlekuan. Izan ere, non boterea, han erabakia. Hurrengo egunean dei bat jaso nuen,ezetz asmatu nondik. Lasai, zurrumurruek diotena ez da egia, oraindik ez didate kargu publiko bat eskaini.
Kultura-aldaketa.
Kolektibo batzuk sentiberatzeko: profesional ez-euskaldunak.Hori irakur dezakegu euskara planaren bitarteko ebaluazioan.
Horri buruz zerbait idatzi nahi nuen, eta hara, kasualidadez, nire zerbitzu-unitatetik mezu bat jaso dut oraintxe. Komunikazioa lantzeko ikastaro bat eskaintzen zaigu osasun-profesionalei. Gaztelera hutsean. Baina, eta hori da mingarriena, komunikazioan hizkuntzaren gaia landuko ez duen ikastaroa. Izan ere, naturaltasunez, Osakidetzan dena da gazteleraz. Komunikazioa landu, pazientearen hizkuntza kontuan hartu gabe: hamaika ikusteko jaioak gara, baita hamabi ere.
Kultura-aldaketa behar dela bistan da, Euskara Zerbitzutik hasita. Oraindik ez baitute ikasi osasun arreta eta hizkuntza batera doazela. Oraindik ere errotulazioan eta hizkuntza-eskakizunetan baitute ortzemuga. Gogoa begiak bezain lausotuta, zuzendu ezinekoari neurri zuzentzaileak jarriko dizkiote, biriketako minbiziarentzat zain belarra bezain eraginkorrak.
Kultura aldaketa. Hizkuntzaren gaia zeharkakoa bilakatzea da hori, arreta eskaintzen den une bakoitzean hizkuntza kontuan hartzea, alegia. Hizkuntza eta arreta gauza bera direla aitortzea. Hizkuntza kontzientzia ikasketa prozesuan, etengabeko formakuntzan eta eguneroko jardueran txertatzea. Arreta euskaraz eskaintzea, eta ez eskatzera behartzera. Kultura-aldaketa behar dugula bistan da, Euskal Herri osoan agian, baina beldur naiz ez ote den beranduegi.
Izan ere, paziente batek gazteleraz irakatsi zidana etorri zait gogora:
andá y cantale un tango a Gardel.
QUEBEC EZ DA EUSKAL HERRIA, TUTERA EZ DA OTTAWA
2018-02-11 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Urriaren amaieran edo azaroaren hasieran joan ginen Lehendakaria eta biok , bakoitza bere aldetik, Kanadara. Lehendakaria Quebecera, lehen ministroarekin biltzeko. Ni Ottawara, Quebecetik at bizi diren frantses hiztunen komunitatearen osasun arloko jardunaldietara. `Rendez-vous Santé en Français, 150 d´agir ensemble´ (batera ekiteko 150 modu).
Batera ekiteko hainbat modu daude. Lehendakariarena bidai ekonomikoa izan zen batez ere, euskal produktuak AEBtan eta Kanadan sartzeko bideak aurkitzeko. Ipar-mendebaldeko pasabidearen bila, Frobisheren moduan. Ez zuen ahaztu, ordea, gure ondare kulturala, Red Bay aztarnategia hain zuzen ere.