Hasiera »
Ainhoa Ortegaren bloga - Ikusi eta ikasi
Ainhoa Bretos
1989 Algorta. Hezitzailea eta kazetaria. Esan ohi da gure begiek ikusten dutena ez dela dagoenaren laurdena ere. Blog honetan aurkituko duzue nireek ikusten, ulertzen eta interpretatzen dutena.
Bilbo, Europako hiririk onena
2018-04-24 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
“Bizkaiko aberatsak dira diruzale” kantatzen zuen Oskorrik ume bat nintzenean. Askok, seguru aski, Getxoko jendea irudikatuko duzue abestia entzutean. Niri ordea, Bilboko trajedun gizon eta ume orraztuak etortzen zitzaizkidan burura, “bilbainitoak” nire familian.
Algortarra naiz eta familia algortarra daukat. Beti entzun dut bilbotarrak “beraneanteak” direla, lehenago herri txiki eta umila zen Algortan etxeak erosi eta orain askok “Costa Rica” bezala ezagutzen duten “paradisu” hau eraiki zuten aberatsak. Ez litzateke bidezkoa izango, bestalde, denak zaku berean sartzea, Algortan gertatzen den bezala, Bilbon ere errealitateak eta errealitateak daudelako.
“Piztu Bilbo, Itzali MTV” kanpainaren berri izan dut gaur. Bilbon “inposatzen” ari diren hiri eredua salatzeko sortu omen dute plataforma, eta 2019an ospatuko diren MTV sarien aurka egiteko. Zabaldutako datuen arabera, 1,5 eta 3 milioi euro artean ordainduko ditu Bizkaiko Aldundiak ekitaldiaren truke. Bultzatu nahi duten kultura eredua egokia den ala ez galdetzeaz gain, diru galerak berreskuratuko diren zalantzan jarri dute hainbatek. Izan ere, askorentzat diru hori hobeto inbertitu zezakeen.
2018ko martxoko datuen arabera, 25.356 langabetu daude Bilbon ofizialki erregistratuta. Lanean ari diren askoren egoera ere, dena den, guztiz prekarioa dela salatu dute Ernai Gazte Antolakundeak eta LAB sindikatuak plazaratu berri duten “Gazteria, Lana eta Prekarietatea” txostenean.
Hori gutxi balitz, 238 pertsona inguru bizi dira Bilboko kale, parke eta kutxazainetan, LABek argitaratu duenez. 2016ko abenduan 5.453 etxe huts zeuden Bilbon, eta ia-ia ezer erabiltzen ez diren beste 3.269. Alokairu turistikora bideratutako etxeak direla eta, Bilboko Alde Zaharrean biztanle baino turista gehiago dagoela salatu dute hainbatek, eta alokairuen hileko errenta etengabe igotzen ari dela. Agian, aberasten direnak berdinak dira Algortan, Bilbon, Donostian edo Bakion, eta ordaintzen dugunak ere bai.
Esango nuke, Bilboko Udalaren asmoak ez direla askorik aldatu azken urteetan. 80.hamarkadan punkiak bahitu zituen Aste Nagusian. Ilea moztu, dutxatu eta arropa garbiekin jantzi zituzten, itxura ona eman zezaten. Azken urteetan, aldiz, Kukutza, Patakon, Erribera 13, Izar Beltz Ateneoa eta beste hainbat gune autogestionatu hutsarazi edo bota, eta luxuzko eraikuntza berriak egin ditu, hala nola: Guggenheim, Iberdrola Dorrea edo 2018ko udan eraikitzen hasiko diren Garellanoko azken dorrea, Euskal Herriko altuena eta Richard Rogers britainiar arkitekto ospetsuak diseinatua.
Academy of Urbanism erakundearentzat, beharbada, ezaugarri horiek izan behar ditu hiri batek “Europako onena” saria irabazteko. Niri, ordea, iruditzen zait Bilbo erakusleiho bat bihurtzen ahalegindu dela Udala urte askotan. Berri Txarrak taldeak esaten duenez, bestalde, “jadanik alfonbrapean hauts gehiegi ezkutatu dute”, eta nonbaitetik atera beharko da…
Danbor hotsek isiltzen dutena
2017-01-16 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Igandean urte bat beteko da Naizen sartu eta “Morir en la calle en una ciudad con 14.000 casas vacías” titularra lehenengo aldiz irakurri nuenetik. Lehenengo aldiz diot, ordutik behin baino gehiagotan bilatu izan dudalako artikulua. Enegarrenez irakurri dut gaur, eta batere atseginak ez diren sentimendu eta sentsazioak pilatu zaizkit gorputzean oraingoan ere.
Donostiako Boulevardeko kutxazain batean igarotzen zituen gauak Yolik, beste hainbatek bezala (artikuluak dioenez, 89 pertsona bizi ziren iaz Donostiako kaleetan). Bertan hil zen, 2014an Espainiako Estatuko kalerik garestiena izendatu zuten Mirakontxa Pasealekutik kilometro eskas batera. Txanpon beraren bi aldeak, bata bestearengandik 1.200 metrora.
Danborrak hurrengo urterako gorde eta kultur hiriburutzaren inaugurazio ekitaldiari begira zegoen Donostia. 800.000 euro inguru gastatu zituen ordu erdi bateko ikuskizun horretan. Ezin zitekeen erabili diru hori herritarren benetako beharrak finantzatzeko?
Urtebete beteko denean, beste titular bat irakurri dut: “Amarako 84 urteko gizon bat ez kaleratzeko eskatu dute”. Asteazkenerako dago aurreikusia etxegabetzea. Patxi Zubiaurre donostiarra etxetik kaleratu nahi du Abacredit mailegu emaileak. Inongo ondasunik ez duen 84 urteko gizon bat, kale gorrian. Donostian dagoen espekulazioa isiltzea lortuko dute aurtengo danbor hotsek?
Iruditzen zait, udal-gobernuak “Demokraziaren Munduko Hiriburu” izendatu duen hiri honetan -eta Olentzeroren eredua hartuta-, danborra urrezkoa izan beharrean ikatzez egina balego, ez genukeela jakingo hautagai bakar bat aukeratzen…
Ohikoa den perspektibatik kanpo
2016-10-26 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Jakintza guztiak elkarren artean lotuta daudela irakurri izan dut noizbait. Filosofia eta literatura, kimika eta psikologia, fisika eta kirol hezkuntza… Badira matematika eta artea elkarren artean lotzen dituztenak ere.
Escherren arte magiko eta matematikoari buruzko hitzaldi batean egon nintzen atzo. Artista grafikoa izan zen Maurits Cornelis Escher. Ezer gutxi zekien matematikari buruz. Hala ere, hainbat kontzeptu matematiko azaldu zituen bere marrazkietan. Ikuslea ezustean harrapatzea gustatzen zitzaion. Ezinezko irudiak marrazten zituen, ohikoa den perspektibatik kanpo daudenak.
Esango nuke niri ere gustatu egiten zaidala gauzak ohikoa den perspektibatik kanpo aztertzea, eta horregatik bihurtu nintzela kazetari. Ez dudalako sinesten gertaerek bertsio bakarra dutenik, ezta historiak, gatazkek edota edozein jazoerek.
Mundu arraroak, eta gureak bezain posible diren espazioko egitura berriak sortzen zituen Escherrek marrazkietan. Errealitateari begiratzeko modu bat baino gehiago baitago, horietako asko ezezagunak izan arren.
Aurkezten zaizkigun ikuspuntu eta bertsio ofizialekin bat ez datozenei ere ahotsa eman behar zaiela uste dudalako ikasi nuen kazetaritza. Eta pentsatzen dudalako, egia bakartzat saltzen diguten horren gainean zenbait buelta ematea beharrezkoa dela, Escherrek egiten zuen bezala.
Iruditzen zait, Audientzia Nazionaleko Carmen Lamelak ere ondo egingo lukeela horrelako bueltaren bat edo beste emango balu.
Existitzen zen, bai
2016-04-26 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
20 urterekin erosi zuen Amaiak bere etxeko telebista. Grisa, karratua, handia. Eta altzari polit batean jarri zuen, sofaren aurrean. Hasieran ez zekien oso ondo egokiena izango zen ala ez. Lehenengo aldiz ikusi zuenean ez baitzitzaion bereziki erakargarria iruditu. Piztu zuenean, ordea, berehala jakin zuen baietz, egoki baino egokiagoa zela, berezia zela. Poz-pozik zegoen Amaia, izugarri gustatzen zitzaion telebista ikusten afaltzea. Lagunak ere gonbidatu egiten zituen etxera ikus zezaten. Ez zitzaion askorik inporta ze saio edo film zegoen jarrita.
Horrela eman zituen 15 urte. Halako batean, gutunontzia ireki eta bertan telebista katalogo bat ikusi zuen arte. Ez zekien zer pentsatu, lehenago inoiz ez zitzaion burutik pasatu telebista aldatzea. Baina ze politak ziren paper horietan agertzen ziren guztiak. Beltzak, eleganteak, finak. Internetera ere konektatu ahal zen horiekin, eta zerbait ikusten zegoen momentuan birbobinatu. Denek erosten zuten, eta eskaintza berezia egiten zioten. Beraz, erosi zuen bat, eta noski, zaharra bota. Zertarako gorde horrelako trastu bat?
Handik urte batera, ordea, aldatu behar izan zuen. Pantaila oso delikatua zen, eta ilobak jolasten ari zirela kolpe eman eta arrakalatu egin zen izkina batetik. Jada ez zituen lagunak telebista ikustera gonbidatzen, apurtzeko beldur zen. Berria eman zioten, baina ez zuen askorik erabiltzen. Noizbehinka gelditu egiten zen, edo amatatu, eta horrek ikusteko gogoak kentzen zizkion. Dendariek normala zela esan zioten, ezaugarri asko zituela eta batzuetan denbora behar zuela kargatzeko.
Bi urte igaro dira ordutik, eta dendan aurkitzen da berriro Amaia. Oraingoan ere eskaintza bereziak daude. Eta apurtu berri zaion telebista zahartuta dago dagoeneko. Begien aurrean dauka modelorik berriena, eta dendariak konbentzitu egin du. Erostera doa. Itxaron. Ulertuko al ditu telebista horrek dakartzan aurrerakuntzak? Jakingo ote du erabiltzen? Orain ere ezin izango ditu lagunak gonbidatu, delikatu xamarra da. Eta zergatik egiten dituzte horren finak? Altzari erdia libre gelditzen zaio eta hautsez betetzen da.
Ez daki zer egin. Dendariari galdetu dio: “Existitzen al da beldurrik gabe, lasai, gustura eta pozik erabil dezakedan telebistarik?”. Eta halakoan, botatako telebista zahar hura etorri zaio burura. Existitzen zen, bai.
Ikusi nahi ez dena
2015-11-20 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Alemanian jaiotzea tokatzen zaie batzuei, Frantzian edo Ingalaterran. Afganistanen beste batzuei, Iraken, Sirian edo Bangladeshen. Eta noski, dagoeneko jakina da eguzkiak ez duela toki guztietan berdin berotzen. Bizi hobe baten bila joan behar izaten dira asko. Daukatena arriskutsuegia delako, ez delako duina. Bizi diren tokian bonbak jausten direlako egunero. Bizi diren tokian heriotzak daudelako egunero. Eta joan egiten dira, bidaiaren beste aldean topatuko dutena hobea izango delakoan (inoiz beste aldera heltzen badira). Bidaiaren beste aldean ez direlako bonbak jausten, finantzatzen baizik.
Horrela dabil Europa. Baina Europak badu erakunde bat, badu batasun bat. Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko neurriak adostu zituen erakundea. Asilo-sistema bateratu bat sinatu zuen erakundea. Hala ere 2.900 pertsona inguru hil dira 2015eko urtarriletik irailera. 385.000 inguruk egin dute ihes babes bila, baina horietako askok ez dute asilorik lortu. Antza norbaitek ez du esandakoa bete. Norbaitek ez ditu etxerako lanak egin. Eta dozenaka pertsona hiltzen dira, kamioi batean pilatuta edo itsasoan itota, erakunde horren porrota agerian utziz. Ez da gezurra kantak dioena, Europaren duintasuna hil egiten da egunero mediterraneoko uretan.
Europar Batasunak ez du ondo funtzionatzen, eta munduak ere ez. Dozenaka hilko dira oraindik ere, kamioetan pilatuta edo itsasoan itota. Ez duelako ondo funtzionatzen, eta ez du ondo funtzionatuko hondartzan hilda agertu zen umearen argazkia ikusi eta europar jendeak esan dezakeen bakarra “ze txikia, ze pena” den bitartean. Ez du funtzionatuko heriotza batzuk beste batzuk baino gutxiago balio duten bitartean. Eta noski, ez du funtzionatuko ‘pray’ egiten dugunean herrialde batzuengatik besterik ez, beste asko ahaztuz, edo. Woody Allenek behin azaldu zuen bezala, zer den itsutasunaren kontzeptua. Eta zenbat gauzaren aurrean erabakitzen dugun begiak estali eta ezer ez ikustea.
Saihestutakoak eta eragindakoak
2015-11-05 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Indartsuenaren legea deitu ohi zaio etengabeko lehian bizi den gizarte funtzionamenduari. Non ahulenek galdu eta indartsuenek irabazi egiten duten. Irabazi ahulak baztertzeko, estaltzeko, zapaltzeko eta oraindik ahulago bihurtzeko boterea. Irabazi? Edo erosi?
Eros ditzakete erabakiak. Eros ditzakete gerrak. Eros ditzakete eskubideak. Eta eros ditzakete bizitzak. Bihur dezakete gaixotasuna bera negozio. Norberaren osasuna bera negozio. Zuzendu dezakete sendabide berrien garapen eta ikerketari bideratutako diruaren %90a, munduko biztanleriaren %10ak besterik pairatzen ez dituen gaixotasunei. Aukeratu dezakete ze gaixotasun eta ze gaixok merezi duen sendabidea, eta zeintzuk ez.
Indioentzako sendagairik egiten ez dutela azaldu zuen behin Marjin Dekkers jaunak. Jakina, nork imajinatu zezakeen indio bat Bayer pilula bat hartzen? Nork imajinatuko luke ahulenek ere bizitzea merezi dutela? Eta nork sinetsi egia zela munduko biztanle guztiok oinarrizko eskubide ukaezin berberak ditugula?
Esadazu, Marjin Dekkers, zenbat balio duen nire bizitzak. Esadazu berdin balioko lukeen Malin jaio izan banintz, edota Ginean, Sirian, Hondurasen, Indian, Nigerian, Haitin, Malawin… Esadazu zein den niretzat erabaki duzuen heriotza. Tse-Tse euli baten ziztadak hilko nauen, edo bonba batek nire etxea suntsitu eta bertan erreko naizen. Malnutrizioak, goseak akabatuko nauen, edo “nahigabe” buruan emandako pilotakada batek eragingo duen nire heriotza. Malariak jota zenduko naizen, edo lanean nagoela 500 kiloko pieza batek zanpatuko nauen. Esadazu, heriotza horietako zenbat saihestu ahal zenituzten indartsuenek, eta zenbat eragin dituzuen zuek zeuek.
Antisistema sistematizatua
2015-10-19 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
“Pintadek esan ohi dute paperek isiltzen dutena”. Horrela dio Berri Txarrak talde euskaldunaren kanta batek. Dendaz beteriko kaleetan ezkutatzen dira pintada horiek, ‘graffitiak’. Egunero milaka pertsonek gurutzatzen dituzten kalezuloetan. Hirietako publizitate panel handien ondoan. Probokatzaile, kritiko, ahaikari. Sistemaren aurka egiteko erabiltzen baitira askotan. ‘Underground’ kulturaren adar artistikoa direla esan ohi da. Kultura ofizial eta komertzialetik kanpo kokatzen den mugimendu baten adar artistikoa. Bestalde, luxuzko galerietan saldu egiten dira horietako asko, eta prezio bereziki altuetan.
Adibide argi bat da Banksy grafiti artista anonimoa. Bere lanek kritika gogorra egiten diote politikari, armen erabilerari, gerrari, merkatuari, modari, gizarteari, sistemari. Ez dira oharkabekoak inolaz, eta inorentzat. Egindako obrak oso famatuak dira batez ere bere ideologia eta ideiak konpartitzen dituen jendearen artean. Nolabaiteko erreferente bihurtu da askorentzat. Oihartzun handia izan zuen esaterako umeen esklabutza kritikatzeko egindako lan batek. Irudi hori erabili zuten hainbat pertsonek merkatu eta sistemaren aurka egiteko. Iruditzen zait pertsona horiek ez zekitela aipatutako obra 900.000 eurogatik saldu zela ‘London Film Museum’ deituriko aretoan, bertaratutakoei luxuzko Tattinger Xanpaina zerbitzatzen zitzaien bitartean.
Ez da bakarra, noski. Eta ez da hori saldu duen lan bakarra. Kaleko arte zirenak, herriaren obrak, erosi egin dira asko. Baina ez kaleko jendearengatik, baizik eta prezio altu horiek ordaindu ahal dituzten pertsonengatik. Eskaintzarik onena egin zuenak eraman zituen Banksyren lanak. Eta eskaintzarik onena egin zuenak eraman zuen Banksy bera ere. Salduta, herriaren izenean hitz egiten duen artista hori, sistemari erabat salduta.
Ze zentzu dauka kapitalismoaren kontra egiteak, aldi berean enpresa eta galeria handientzat lan egiten bada? Paradoxikoa, ezta? Sentitzen dut Banksy, zugatik eta nigatik, beti gustatu izan zaidalako zure artea. Baina merkatuaren kontra egiteko marraztutako lan horiek komertzializatzen dituzun bakoitzean, elikatu egiten duzu merkatua bera. Sistema kritikatzeko sortu dituzun obrak, gorroto duzun sistema horren parte bihurtu dituzu.
Nortasuna
2015-03-04 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Arraro begiratu izan naute behin baino gehiagotan, euskalduna naizela esan dudanean. Pentsakor gelditzen dira asko. Kapritxo bat izango balitz bezala, edo amorru hutsa.
Hiru aste daramatzat Italian ikasten. Herrialde ezberdinetako jendea dago hemen; Turkia, Txile, Frantzia, Portugal, Austria… eta Espainia. Ni espainolen taldean sartu ninduten lehenengo egunetik, eta isilik gelditu nintzen. Hurrengo egunetan, ordea, konfiantza hartu eta euskalduna naizela esan nuen. Egia esan, ezin naiz kexatu, erreakzioak ez baitziren txarrak izan. Hala ere, betiko aurpegi hori jarri zidaten, “errespetatzen dut, baina zelako tontokeria” pentsatzen egongo balira bezala.
Asteak daramatzat musika flamenkoa entzuten, eta ondokoak harritu egiten dira ez dakizkidalako Rosario Floresen kantak, ez zaidalako Fondo Flamenco gustatzen, ez dakidalako oso ondo zer egiten den Errozioan, edo inoiz ez naizelako zezenketa batean egon. Bada, nire herriari buruzko gauzak kontatzen hasi nintzen. Ez dakite zer den marmitakoa, taloa, arrauna, bertso bat, eskupilota, zurito bat, Gorbea, Aizkorri edo Hiru Erregeen Mahaia, ez dakite nor den Mikel Laboa, probintzien izenak ere ez dakizkite, eta euskara dialekto bat da beraientzat.
Egia esan, haserretu egin nintzen hasieran. Horren txikiak al gara? Horren gutxi balio du gureak? Zergatik jakin behar dut nik sevillana bat dantzatzen, eta ez du inporta beraiek ez badakite zer den trikitixa bat?
Gerora, ordea, pozik sentitu nintzen. Pozik, horrek nolabait erakutsi egin dielako ez garela nazio berekoak. Ez dugu ohitura, kultura eta hizkuntzarik konpartitzen. Ez naiz espainola. Ez dira euskaldunak. Ez da kapritxo bat, ezta amorru hutsa.
Eta ez da ez dudala zerikusirik izan nahi ezagutu dudan jendearekin. Izugarri disfrutatzen dut beraiekin, gustura entzuten ditut. Dagoeneko badakizkit Fondo Flamencoren bi kanta, Gianna Nanninirenak ikasi ditudan bezala. Baina beste kulturei buruzko zerbait ikasten dudan bakoitzean, konturatzen naiz noraino maite dudan nirea. Noraino maite dudan euskara, Euskal Herria. Eta ikusi egiten dut, gero eta argiago, indartsuago, eta gogorrago, nire nortasuna.
Argia iluntasunean
2015-01-30 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Materia iluna deitzen zaio unibertsoaren zatirik handienari, ikusi ezin daitekeenari. Izan ere, ez da espektro elektromagnetikoan agertzen. Baina hor dago. Eta ikusi ez arren, detekta daiteke. Gauza bera gertatzen da maiz pertsonekin. Joan egiten dira asko. Eta kendu egiten dizkigute beste batzuk. Gure eskuetatik eskapatzen zaizkigu, gure ondotik. Materia ilun bilakatzen dira. Eta ezin ditugu ikusi, ez dira gure aurrean agertzen. Baina igarri eta sentitu egiten ditugu hala ere.
Bi hilabete igaro dira Koldo Losada aktore algortarra hil zutenetik. Eta hilabete bat Donostiako Victoria Eugenia Antzokia lanparaz bete eta bere heriotzaren iluntasunari argia eman genionetik. Gogoratzen dut eszenatokiko atzeko paretan Koldoren argazki erraldoi bat zegoela eskegita. Bertan sentitzen baitzen bera zoriontsuen. Horretaz gain, jendearen artean bildutako ehunka lanpara kokatu zituzten oholtzatik sakabanatuta. Moreak, arrosak, urdinak, zuriak … kolore guztietako argiak. Izkina batean, piano bat eta noski, piano-jolea.
Guztira 300 pertsona inguruk bete genuen antzokia. Horien artean hainbat aurpegi ezagun: Gorka Otxoa, Alvaro de Luna, Mario Pardo, Sara Cozar, Asier Ormaza, Mikel Laskurain eta Tina Sainz, besteak beste. Jende asko igo zen eszenatokira. Koldorekin egindako bidaiak gogoratu zituen Dorleta Urretabizkaiak, zenbait anekdota barregarri Javier Merinok. Beste hainbat bizipen Cesar Novalgos eta Iñake Irastorzak. Eta begiak malkoz bete zitzaizkigun Garbi Losadaren hitz hunkigarriekin. Beste batzuk, aldiz, musikaren bidez adierazi zuten euren mezua; ilobak bertsotan, Iñaki Salvador pianoan, Ane Gabarain kantuan, eta beste hainbeste.
Amaitzeko, zutitu egin ginen, eta Koldoren argazkiari begira txalo emateari ekin genion. Tartean besarkadak, musuak, negarrak eta barreak. Eszenatokiko oihala ireki eta itxi egiten zen bitartean, txaloak gero eta gogorragoak zirela ematen zuen, gero eta altuago entzuten ziren. Inoiz txalotzeari utzi nahi ez bagenio bezala. Edo agian, inoiz agurrik esan nahi ez bagenu bezala.
Oihala azkeneko aldiz itxi, eta antzokiaren goiko partera igo ginen denak, Koldoren omenez zerbait jan eta edatera. Eta egongo dira, nire modura, oraindik ere atzera begiratu eta bertan zegoela imajinatu zutenak. Oraindik ere, eta nahigabe, jendearen artean bilatu egin genuenak. Eta ez genuen ikusi, ezin baitzaio ikusi. Baina materia ilunarekin gertatzen den bezala, detektatu egin genuen. Igarri egin genuen eta sentitu egin genuen. Ikusi ez arren, egon bazegoelako, eta egongo delako.