Asteko Argazkiak

Ohitura zaharrak

Anupam Nath – AP

Itsasoa, egurrezko txalupa eta sua. Ur amaigabeen erdian otordua prestatzeko nahikoak dira arrantzale hauentzat. Urez beteriko lapikoan itsasoan arrantzatu berri dituzten arraintxo txikiak sutan jarriko dituzte. Horrelakoa da Indiako Gauhatiko arrantzale askoren bizimodua. Urte asko daramatzate honelako otordu azkar eta inprobisatuen artean bizimodua aurrera ateratzen.

Abhishek Chinnappa – Reuters

Indiatik atera gabe, Bangaloren merkatariek loreak saltzen dituzte kaleko saltoki-postu hauetan. Mota, kolore eta usain desberdinetako lore asko topatu daitezke bertan. Erosketa gune erraldoiak eta supermerkatuetan ez dago honelako apaingarri zoragarriak saltzeko tokirik. Postuak estaltzen dituzten eguzkitakoetan hasten dira kolore biziak eta lore bakoitzaren azken hostoraino iristen dira.

Damir Sagolj – Reuters

Koloreak alde batera utzi eta protokoloetan ohitura zaharrek toki nabaria daukate. Pekinen honela egin zioten harrera Herbereetako lehenengo ministroari. Zuri ezin dotoreagoa duen uniformea eta aurpegi serioek markatu dute ongietorri hau. Protokoloak agintzen duen bezala dena perfektua izan behar zen eta soldaduek osaturiko ilaretan ezin zen akatsik egon.

Sakchai Lalit – AP

Thailandian ere ohitura koloretsuak atsegin dituzte. Songkran Jaialdian gizaki eta elefanteek ura jaurtitzen diote elkarri. Jaialdi honen ospakizunerako, urak protagonismo zalantza ezina duen arren, elefanteen gorputzak kolorezko margoekin apaintzen dituzte, loreak, bihotzak eta bestelako marrazkiak eginez. Festa honetan parte hartzeko ez dago adinik, txikienek ere uraren jaialdi honekin gozatzeko aukera daukatelako.

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.