Susa aldizkarikoei elkarrizketa
SUSA: «Kojuntura Petral Honetaz Baliatzen Gara»
Beren Zazpigarren Aldizkaria Kaleratu dute
Kalitatezko literatura maite dugunon kalterako,. "Susa" aldizkaria gero eta ezagunago bilakatzen ari da. Aurreko aldizkaria argitaratu zutenean -duela hiru hilabete- abisu ikaragarri baten hidez mehatxatu gintuzten. "urtean lau aldiz atera nahi dugu".
Eta haserako ikara handia izan bazen ere, hamaika aldiz handingoa da oraingoa, mehatxua betetzen hasiak direla frogatu dugunean. Bai, badirudi serio esan zutela urtean lau aldizkari ateratzearena. Egia esan, geure gogoz ez genieke elkarrizketarik egingo, baina azkenean amore eman beharrean aurkitu gara, hain koloregabekoa da gure euskaltzaletasuna. Hala eta gustiz ere, iragar dezagun aldez aurretik gure ahalegin guztiak inbertitu ditugula haien buruak ridikuluan jartzen.
ARGIA.- Oraingo "Susa" honekin hasi aurretik, aurreko trapu zaharrak haizatu nahi genituzke. Egia al da aurreko zenbakitik denak saldu dituzuela?
SUSA.- Den denak ez hori oposizioak zabaldutako zurramurru inbiriosu hutsa da. Baten batzu apropos gorde ditugu hemendik urte batzutara rebentan doblea ateratzeko. Halere, azkar dabilenari lehengo prezioan salduko genioke.
A.- Zazpigarren zenbaki hau gainbegiratuta, harritzen duen lehenbiziko gauza dena ipuinez josia egotea da. Zer adierazten du horrek?
S.- Garbi dago gure helburua ez dela aldizkaria argitaratzea soilik; gure begiak areago doaz. Hau saio bat baino ez da izan, gauza serioago eta mardulagoek ekin baino lehenagoko saioa. Gure asmoa da editorial potente bat sortzea, ea horrela expropiatzen gaituzten (dena dela, hori ez ezazu argitara, zeren sortu aurretik oztopoak jartzen hasiko bait zaizkigu).
A.- Baina poemarik ez da ageri, ezta antzerki edo saiorik ere...
S.- Hori kasualitate bat izan da... areago esango nuke: kapritxo bat. Aldizkarian bertan ez dugu ipintzen, baina gure bizitza labur bezain onurosoetan lehenengo aldiz ipuin baten bidez agertu dugu editoriala: "Suzko gezi bat bezala". Bertan explikatzen da faszikulo eroso batzuren bidez nola erre daitekeen editorial bat poemak argitaratu nahi ez izateagatik.
A.- Beno, aski da editorialekin eta besteekin sartzeaz. Zuetaz mintzatuko gara orain... zuen ekipoa, establea al da?
S.- Establea esan nahi badu astero biltzeak, asteartero kafesne-katilukadak hustutzeak, edota batak bestearen berri literario eta ez-literario jakiteak... orduan agian baietz esango genuke. Konparazio batera, Espainiako Telebistan "Revista de Toros" egiten duten bezalaxe, guk "Revista de txaskarrilos" konfekzionatzen dugu. Benetako lana, Eusko Jaurlaritzan folioko bi mila pezeta ordaintzen dena, bakoitzak bere etxean egiten du.
A.- Hala eta guztiz ere, seigarren zenbakian nolabaiteko eszisio-susmoak zabaldu zenituzten editorialaren bidez...
S.- Hasteko, heterodoxia legetzat hartzen dugula aldarrikatu behar, Savater-ek bezala baina etika apur batez. Egia esan, arrazoi ekonomikoak ere tartean daude; badakizu, eszisioa bultzatzen duenak kapitalaren bere parteariuko egiten dio. Zein den gure kapitala? Gure kapitala Gasteiz da, baina hain gutxi pagatzen badigu beste edozein kapital aukeratzeko prest geundeke.
A.- Heterodoxia aipatu duzue. Benetan hain desberdinak al zarete zeuon artean?
S.- Horixe baietz. Ikusi besterik ez dago nola jazten dugun bakoitzak. Batek Auzmendin, beste batek Emausko Traperotan, eta beste baten bat Picadilly Circus-eko trapuz ere apaintzen da.
A.- Baina desberdinak esan nahi dugu ideien aldetik, ideologia etabar... ez tanjentetik irten.
S.- Badago tendentzia bat azken kongresuan nabarmendu dena, eta horientzat bizitza da literaturaren iturri nagusia, adibidez, "nolako bizi, halako krisi" eta alderantziz. Tendentzia nagusi horretatik landa, beste zenbaitek uste du Herri honetako kondizioak Manhattan-en parekoak direla eta, beraz, nobela poliziako eta beltza landu behar dela batik bat. Badira beste tendentzia batzu baina horiek alperrenak dira, eta ez dute inoiz idazten. Beharbada, hil ondoren haien gutun motaketa aztertuz gero aberastasun izkuturen bat aurkitu ahal izango da.
A.- Esaldi bat esango dizuet, eta zuek erantzun sujeritzen dizuenaren arauera. Hauxe esaldia: "literatura behar-beharrezko lujo bat da".
S.- Horrek sujerentzia bizi-biziak ekartzen dizkio gogora Emauseko Traperotan jazten duenari. Horrekin esan nahi baduzu literatura egitea pribilejio bat dela, nik erantzungo dizut segun zeinentzat espainola izatea ere pribilejio bat dela.
A. Ondoren, kolore bat: urdina.
S.- Urdina, baina iluna. Itsasoaren kolorea, praka mahonak, eta amonak bordatu dizun kaiku hori ere. Begien kolorea ez dugu aipatzen badaezpada ere, baina guzti horiek izan daitezke Caja Laboraleko kalendrerarako gai egokiak.
A.- Ebokaziozko galdekizunekin bukatzeko, hirugarren bat: "piraten pabeiloi beltza ala inperioaren bandera?"
S.- Horrelako aukera baten aurrean, nahiago genuke Daniel Defoe-ren kolekzio osoa erregalatuko bazenigu, eta Izaroko irlara joango gara Drake-k erre zuen fraile-komentuaren istorio ezkutuak idaztera.
A.- Kazetari aseptikoaren galderak eta gero, hona hemen kazetari ausartaren galdera-sorta. Bat: "Susa"k ematen dizuen ahomenak ligatzeko aitzakirik eman al dizue inoiz?
S.- Bai eta ez. Segun nor den interesatua. Baina, normalean, "Susa" eros dezakeen jendea ez da ibiltzen gauez gu ibiltzen garen tokietatik, eta hain zaila zaigu egunez ligatzea!!
A.- Irakurleen morboa alimentatuz jarraituko naiz; nor akaatuko zenukete lehenago, ama edo aita?
S.- Je, je, je... horra hor tranpan erortarazi nahiaren malezia, horra. hor Freud kazetariz mozorroturik. Gure Edipo konplejuaren berri jaso nahi bazenuen, zuk zeuk behintzat amarena daukazu itzela, galdera formulatzeko era ikustearekin nahikoa... Halere, galderei ihesegiten diegunik esan ez dezazun, horra hor gure erantzuna: hasteko, aita ordezkotzat ezarri zaizkigun guztiak garbituko genituzke bertan (aita Eztakizer, aita Eztakinor, aita Eztakinola...), eta bigarrenik, beren bularrak ez desitxuratzearren titi eman nahi ez duten amak eta oinordeak.
A.- Galdera zorrotzen sailarekin amaitzeko, konsziente al zarete erderaz idatziz gero inork ez lizuekeela kasu putarik egingo?.
S.- Bai, gauero gogoetak egiten ditugu horretaz loak hartu baino lehen. Egiten duguna konjuntura petral hau aprobetxatu besterik ez da. Hari beretik tira eginda, pentsatzen dugu Hawai irletan jaiotzekotan beste gauza interesgarriagoak izango genituzkeela eskutartean:
A.- Ez al zarete gazteegi horrelako saltsetan ibiltzeko?
S.- Gazteegi, noski baietz. Horixe da daukagun bentaja. Imajinatu zelako desesperazioa hogeitamar urterekin orain bezala libururik argitaratu gabe egongo bagina. Ez, dudarik gabe nahiago dugu gure hamabi urte hauekin segitu (nahiz eta baten batek hamabost ere badituen). Gainera, jakingura infantil honekin helduek zer egiten duten eta ez duten kuxkuxatzeko aukera daukagu.
A.- Bukatzeko garaia da zeruei esker. Hamar segundu dituzue nahi duzuen pertsonari nahi duzuen galdera egiteko.
S.- Quo vadis, bonberua, extintorerik gabe?
34-35