Manex Erdozainzi: Ipar Euskadiko Idazle Eta Poeta


1983ko otsailaren 13an
Manex Erdozainzi idazle eta poetari elkarrizketa

Manex Erdozainzi: Ipar Euskadiko Idazle Eta Poeta
«Erran nezakek, gauzak, jendeak, gertakariak, situazioak... kaskoz hurbiltzen baino intuizioz sentitzen ditudala. Bazakiat giza-errealitatearen alde desberdinak adimenduz eta razionalki behar direla aztertu zerbait aldatzeko: sail honetan besteekin eta bakarrik saiatzen nauk baina ez nauk trebe. Lasaiago ibili nauk giza-errealitatearen aldeok usnatzen, ikertzen, aipatzen, ebokatzen. Bestalde eremu mugatuetan, normalizatuetan, razionali finkatuetan... tinkatua sentitzen sentitzen nauk; nahiago ditiat eremu zabalak, giza-erlazioaren eremu irekiak, bizitza doi bat hirriskatzen ahal den espazio librea...»
ARGIA.- Zertarako idazten duzu?
MANEX ERDOZAINZI.- Lehenik plazer bat duk neretzat euskaraz mintzatzea bezala euskaraz idaztea. Ni sortzean ene aita-amek euskaraz mintzatu zitean beren amodioa eta mugimendu berean atera nindukan mundura. Gaur ere, euskaraz mintzatzen naizelarik ala euskaraz idazten dudalarik, neure izatea egiten eta munduratzen ari nauk indarka bezain bat plazerrez. Gainera, idaztea ere besteekin komunikatzea duk, besteekin juntatzea, besteekin elkarrizketa bat askatzea bizitzaren eremu gordeenak eta hunkigarrienak aipatuz. Ez diat ahantzi nahi bestalde, Euskadiko gaurko egoeran, beharrezkoa dugula euskal kultura azkar bat eustea eta sail honetan ere denek bermatu behar genukeela: ni, muga ororen artetik, Euskadi batuari begira idazten beti saiatu nank eta horrela jarraitzeko asmoa diat.
A.- Nondik dituzu gaiak?
M. E.- Gutarik bakoitzaren bizitza, bere erroekin eta bere esperientziekin, gai-eremu nasaia duk. Irekitasun librean heure historia pertsonala bertako eta ingurumeneko gizartearen historiari loturik eramatera saiatzen haizelarik, asko gai ateratzen zaik: jendeak eta gertakariak, egoerak eta giroak, lehengoak eta gaurkoak, xedeak eta ekintzak, pentsamenduak eta sentimenduak... hire baitan kokatzen bide dituk, eztaibadatzen eta borrokatzen, hire haragi eta odol bilakatzeraino, hire bizia eta heriotza izateraino. Problema zailena duk gui bat edo beste hautatzea eta zer-nolako era literarioan tratatuko dukan: poesian, ipuian, nobelan, saiakeran?
A.- Nola heldu zaizkizu pentsaketak?
M. E.- Eguzkiak uretatik lainoak eta hodeiak ateratzen dituen bezalatsu, sensasioak, gogoetan, pentsamenduak, sentimenduak bizi-nahiaren kaldak sortzen diskiguk delako geure barne-munduan. Batez ere bizitzaren eta heriotzaren arteko borroka saminki sentitzen dukalarik orotan eta heure gorputzean, ari haiz pentsaketa heure bizitzari zer erantzun egokla emanen diokan, eta, bizi nahi baldin baduk, finkagiatzat gizabalore batzu bilatzen dituk eta bereizten: bilaketa hau daramakiat Ebanjelioaren argitik.
A.- Zure ustez dohain bat behar ote da idazteko? Nola joan da zure idazlari historia: hobetuz joan dea? Nola hasi zara idazten?
M.E.- Ez diat uste idaztea, berez, dohain bat denik. Aita-amek eta ingurumenak xutik ibiltzen, eskuekin gauzak hunkitzen, haztatzen, hartzen irakatsi diguten. Hizkuntza bat espresiobide bezala mintzatzen, irakurtzen, idazten ikasten duk. Hemen ere ingurumenak badik bere garrantzia hire jitearen araberako trebetasuna eusteko. Nolakoa den ingurumena, honek laguntzen ditik batzu besteak baino trebeago bilakatzen: mintzairan, kantuan, idatzian, musikan, dantzan, pintura, eskulturan, etabar... Ni, 11 urtetan, nere istudioak egiteko, euskalingurumenetik kanpo gertatu nindukan. Eta oroit nauk nola hasi nintzen etxekoei kolejioko nere berriak euskaraz idazten, eta amari, bere bestako, poema ttipi batzu igortzen. Gero, hogei urte inguru horetan, Azkue-ren hiztegia lagun batek emanik, hasi nindukan hegoaldeko idaztiak irakurtzen, bereziki Axular-en "GERO", lantu nikan: eta artikulutxo batzu idazten nintikan "HERRIA", kaze-ari igortzeko. 1956.an "JAKIN" errebista kulturala sortu zukan Arantzazun: agerkari hau egiten zuen taldean barne nindukaan eta artikulu luzeago batzu hemen agerarazi nintikan. Holaxet, euskara lantuz, poema edo beste zerbait idazten segitu nikan neure lan-arteetan: hauk "EUSKOGOGOA", "EGAN", "OLERTI", errebistetan argitarazten nintikan.
A.Poema aditzen dudalarik pentsatzen dut ametsari: zer da poesia zuretzat?
M. E.- Poesia dukek neretzat bizi ditukan sensaioak, gertakariak, oroitzapenak, sentimenduak, ametsak irudimenaren bultzadan aipatzea, ebokatzea. Badakik ez dela amets hutsik! Ametsa beti gure errealitatean sortzen duk, batez ere gure errealitate inkonzientean. Poesia, ametsaren gisa, errealitate inkonziente honetatik abiatzen duk segurrenik, gero moien razionalki onartu eta finkatu bat espresiobide bezala erabiltzen baldin badu ere, hala nola hizkuntza.
A.- Zeure poemetan hor zara Euskadi erraten eta denbora berean munduari zabal-zabala irekia, naturalezari eta gizonari: nola argi zenezake oposizione hori?
M. E.- Nik, irekitasunaren aldetik begiratuz behin ja, ez diat hor oposizionerik ikusten: Euskadi eta mundua bata besteari lotuak neugan bizitzen saiatzen nauk: halaber naturaleza eta gizona elkarretatik ezin bereiziak dituk. Behar dik halere azaldu lotura hau dialektika bizian koropilatzen dela, batak besteari ekar edo har lezaiokeenaren tirabiran azkartzen edo desegiten ahal dela. Gure bizitzaren drama, hau baldin bada, bizkitartean drama honen barruan heure nortasuna egiten ari haiz egunero: poesian drama honen berri ere agertzen duk.
A.- Nola ikusten duzu Euskal Herriko literatura?
M. E.- Batez ere azken hogeitamar urte hauetan Euskadik borroka bortitza eta zaila daramak bere identitatea finkatzeko eta lortzeko. Gure historiaren memento larrienetarik bat duk gaur geure Herriarekin bizi duguna eta Euskaldunetan nihork ez lezakek momento honi hutsegin behar: hemen trenkatuko duk euskal izatearen hil ala bizi arazoa. Borroka hau literaturaren borroka ere duk. Pundu honetaz erran nezakeena hau duk: historia memento honek euskal literatura azkar bat ez diat momentoan ikusten eta hau ikaragarriko falta deritziak. Niagok pentsaketa publikatzen diren euskarazko liburu bakarrak zer heinetaraino langileek, laborariek, komertzaritek, kaleko jende arruntek ezagutzen eta... irakurtzen dituzten? Publiko honek deus konprenitzeko gisan idazten baldin badugu, gure literatura oso mugatua gelditzen duk, bizitasunik gabe, gerorik gabe.
A.- Zer da zure azken liburuaren gaia? Zendako Parise?
M. E.- <> nobelaren gaia oso xinplea duk: Migel errefugiatu politiko bat duk, Parisen bizi dena, bere adin batean heriotze absurdo batek eramaten duena; honen bi lagunak, Jose eta Txomin, haren gelara badoatzik pusken biltzera, honela Mireni eman hitza betez, Zendako Parise? Materialki ez dik inportantziarik. Parise hautatu diat segurrenik han bizi izan naizelakotz bi alditan, baina batez ere gauaren atzekaldearen sinbolo bezala. Iruditzen zaitak gauaz jendeak eta gauzak egunaz baino hobeki behatzen, ikusten, entzuten, sentitzen direla aurretik atzekalderaino. Itxura edo ge-takari arruntenetik hasi, nahi ukan diat barnago zilatu Parise argitsuak bere atzekaldean gorde dezakeen bizitza dramatikoa: hori gai xinple eta absurdo baten inguruan ebokatuz.
A.- Zer da liburu honen historia, hots nola idatzi duzun?
M. E.- Nobela hau biziki laburra duk eta bizkitartean badik bere historia luzea! 1965-66.an, Parisen ikasten ari nintzela, zerbait idazten hasi nindukan: parte hori duk, geroxeago emendaturik, Migelen delako.kaierrean irakur daitekeena. Parisetik Tolosara 1966.ko udan joan nindukan bizitzera eta sei urtez, lanpetua, poema bat edo beste salbu, deus guti diat euskaraz idatzi ahal izan. 1972.an, udan, IparEuskadira etorri nindukan bizitzera. Hemengo giroak lagundurik "HERRI HONEN ERRAIETAN"poema idatzi nikan lehenik: geroxeago naski 1973.an, nobela labur gisa gaurko hau bidali nikan Beasaingo konkurtso batetara. "HINKI-HANKA", poema-bilduma argitaratu zukan 1978.an. publikatze honek bultatu nindikan Beasainera igorri nobela arra-lantzera. Ilabete luzeak joan zaizkiak lan-arte laburretan, zatika-zatika, nobela gisako zerbaitetara heldu arte. Azkenean ELKAR Editorialari neure esku-idatzia eraman niokan 1981.ko ekainan irakurtzeko. Publikatzea erabaki zikan eta, dakikan tituluarekin, atera duk plazara joan den abendoan, Durangoko azoka egunetan. Orain bere historia irakurlegoaren eskuetan eta meneko duk: ez dioiat asma zer-nolakoa izanen den baina ez nitzaiok arrotz gelditzen...
A.- Zeure pentsaketak dituzu eraman azken liburu horretan?
M. E.- Hori segur, nereak eta besteenak! Pentsamena besteekin ditugun harremanetan beti ari baita oratzen, irekitzen eta aldatzen.
A.- Zer egin litake idazle berri batzu lanari lot daitezen?
M. E.- Ez zakiat. Idazteak denbora galdegiten dik. Beste lanetan leporaino hartua baldin bahaiz nekez hasiko haiz eta ariko idazten: gaitzeko autodiziplina behar dik denbora poxi bat bederen bereizteko zerbait idazteko. Egunero oren laurden -at bederen hartzen balitz zerbaixka idazteko: pentsamendu, sentimendu, gertakari, hots gogora heldu zaikana paperean finkatzeko baitezpadako logikarik gabe... ene ustez gazte bat ohar litekek idazteak zenbat laguntzen duen adimendua ideiak klartzen eta xorroxten, barne-eremuko esperientzia hori ikertzen eta doi bat ulertzen. Bestalde, idaztea bakarkako lan bat duk ardurenik: behar dik biziki kalapio, hatsa luze, bakartasunean irauteko. Ingurumen kulturala alde baldin bada eta uste baduk irakurle multzo bat bederen nonbait izanen dela... erretxago duk idazten menturatzea, ausartatzea. Gaurko egoera kulturala azkarki lagunduko die muntatu diren irratiek gero-ta-gehiago euskara erabiliko duten neurrian, bai eta argitaratzen diren kazeta eta errebistek. Gazterik hasi behar dik idazten herabea nagusitzeko eta hizkuntza menderatzeko. Idazgintzan idatziz duk ikasten eta ohartzen haiz euskara bezalako hizkuntza, eremu nasaia eta oparoa dela, komunikazioarako ainitz posibilitate (hitzetan, aditzan, deklinabidean) eskaintzen eta irekitzen diskigula. Gazte batek goizik idazten hasi behar dik eta euskara lantzen; ni segur nauk bere ildoa emeki-emeki urratuz joanen dela eta bere espresio era pertsonala zizelatuz aurreratuko dela.
Jean Louis CAUSSADE
28-30

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakERDOZAINZI1
PertsonaiazERDOZAINZI1
EgileezCAUSSADE1Kultura

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude