argia.eus
INPRIMATU
Benetako Erakusketa
1979ko urriaren 14a
Zalduendolo erakusketaren antolatzaile eta partaide izan den Blas Arratibeli elkarrizketa.

Zalduendo
Benetako Erakusketa
Zalduendo Arabako herri txiki bat dugu. Bere garaian larogei etxe biztanledun zituen, baina gaur hogeita hamabosten bat bakarrik ditu biztanleekin. Baserri guzti hauek dute zerbait berezia, egitura ez bada, harria edo hamarria. Oso ondo zainduak daude bestalde eta herri osoa ere bai. Nabari da gustoa duen norbait arduratzen dela zaintze lanetaz. Honetatik aparte, inguruak oso politak dira, aintzinako ermitatxo batzuekin apainduak. Herri erdian XVIgarren mendeko jauregi bat dago, aurreparetan izugarriko harmarri bat duelarik. Orain dela gutxi Diputazioak bere gain hartu du jauregi honen berritze lana.
Baina ez gaitu Zalduendora herriak bakarrik eraman, baizik eta bertako udaletxearen gela nagusian joan den hilaren 16tik 29ra egin den erakustaldiak ere bai. Egurra eskuz landuaz egiten diren zenbait tresna zahar eta berri ikusi nahiak hain zuzen. Bertan denetik zegoela esan behar. Hasi argizaria egiteko tresnatik, argizarioholak, kaikuak (lehen ganaduak jeizteko erabiltzen zen ontzi hau, hitz honi gaur beste esanahi bat ematen bazaio ere, oporrak, uztarriak, zaliak, sardak, aulkiak, loreak (paperaz eta oihalaz eginak), makilak, kutxak eta beste zenbait egurrezko gauza ere bai.
Erakusketa honen antolatzaile eta partaide izan den Blas Arratibelekin hitzegiteko aukera izan dugu.
Erakusketa Herritarra
Bere 73 urterekin, langile trebearen bereizgarririk ez du falta. Elkarte bat eraikitze lanetan ari dira herritar batzuk eta bertan igeltserotzan aurkitu dugu.
–Nork antolatu du erakusketa hau?
–Herriko kultur elkarteak, Diputazioak, Aurrezki Kutxa Probintzialak eta tresna zaharrak utzi dizkiguten guztiek ere laguntza izugarria eskaini digute.
–Noiz eta nola sortu zen erakusketa honen jatorria?
–Uf! kondaira luzea du galdera horren erantzunak. Orain dela 5 urte, 1974garrenean, egin zen lehenengoa. Nik lan batzuk eginak nituen etxean, eta herritarrak jakinaren gainean zeudenez, erakusketa bat eskatu zidaten, sarrera eta guzti jarriko zutela eta ateratzen zena neretzat izan zitekeela. Nere eskulanak azaltzea ontzat hartu nuen, baina sarrera jartzea ez zegoela egoki iruditzen zitzaidan. Azkenean egin zen, nere lan batzuk eta hemengo senar-emazte bikote batek egindako lore sorta politek osatzen zuten. Sarreraren ordez "txapela" edo "pote" bat jarri eta ateratakoa atzeratuen alde eta lezako sendaetxeari eman genion.
-Inguruko herriek adibide hau gogoan hartu al zuten?
-Bai hurrengo urtean Hagurainen eta Araian egin genituen erakusketa batzuk. Bietan herriko zaharren alde izan zen ateratakoa (egunpasa bat zaharrekin egiteko etabar).
-Arrakastarik izan al zuten?
-Bai, bai, denetara jende asko azaldu zen, badakizu, tresna zaharrak ere bazeuden tartean, gure aiton-amonek erabiltzen zituztenak, eta joaten ziren askorentzat ezezagunak.
-Jendearen arreta ikusteak aurrera eragingo zizuen.
-Ba geroztik bururatu zitzaigun, honelako lanak urtean behin izan ordez, urte osoan egin zitezkeela eta ez bakarrik egurrezko tresnei buruz, baizik baita ere margolaritzaren munduan edo sukaldaritzarenean eta beste zenbait arlotan. Horrela, aurten, urtean zehar, etnologiako ikastaldi bat, Zalduendoren kondaira (erromatarren galtzadak etabar), Arabako sukaldaritza, euskal jaialdi bat, margoen erakusketa eta lehiaketa haur et gaztetxoentzat eta azkenik artesania erakustaldi hau, izan ditugu.
-Haur eta gaztetxoentzat antolatu zenuten margo lehiaketak izan al zuen erantzunik?
-Bai, eta oso ona, jende askok parte hartu zuen; kontu egizu lehenengo saria 30.000 pezetakoa zela eta beste biak hamabosna mila pezetatakoak. Haurrei ilusio haundia egiten die beraiek egindako gauzak honelako leku batetan azaltzeak, eta gainera geroari begira, beharbada orain haurrari sortzen diozun afizio hori, biharko gizon horrengan arte bat bihur daiteke. Oso gauza interesgarriak lortu dira maila honetan.
"Gustoko Lanean Inor Ez Da Zaharra"
-Eta azkenik, zuen ekintzen bukaeran, egurraren artesaniari buruzko erakustaldia, nolakoa izan da?
-Hamabost eguneko iraupena izan du. Sarrera, Juan Larrañaga etnologo eta kondairagile ezagunak egin zuen bere lanei buruzko hitzaldi batekin. Azkeneko egunetan bi filma bota ziren: bata Euskal Herriko artzantza eta lur lanei dagokiena, Luis Ibaberena, gehiena euskal abestiz osatua. Bertan ikusi genuena hain ezagun egin zitzaigun eta bestalde, une gutxi ditugunez honelako gauzak, gure gauzak filmetan ikusteko, irrika biziz ikusi genuen.
Bestea berriz eskulanetan jarduten dugunoi zuzendua, aurkeztu zigun lan honek dituen pausoen berri: egurra bilatzen hasi eta lantzen bukatu arte. Erdaraz mintzatua zegoen. Biok izan zuten ikusle asko.
-Zu egurrarekin lanean saiatzen zarenez, zer garai da onena landu behar duzun egurra botatzeko?
-Nik uste dut, orain; ostoa erortzen denean, baina ez dakit oso ondo horren berri.
-Lan horretan ari zara eta zergatik diozu hori?
-Ba, esango dizut. Ni baserritarra naiz tixikitatik; hemen lan egin dut, baina gero ez nuen suerte onik izan heldu samarra nintzelarik fundizio batetan hasi nintzen lanean, beraz, nere egur lanetarako gogoa 67 urterekin sortua da, erretiratu nintzenean.
-Edade dexente ofizio berrietarako.
-Gustoko lanean inor ez da zaharra.
-Zer irudi edo tresna egiten dituzu gehienbat?
-Nik zer esango dizut... Herriko etxe guztiak, bi ez beste, eginda dauzkat eta hortaz aparte makila tallatuak, gatz-ontziak, lehengo plantxak, argi lanparak etabar.
"Lan Hontatik Ezin Bizi"
-Nondik ekartzen duzu eta zer egur erabiltzen duzu lan honetarako?
-Gehienbat urritza eta baita ere haritz, haltza, intxaurrondo, gaztainondo, eta piñu buruak. Ekarri berriz, gehienean Gipuzko aldetik, erreka ertzetatik eta urak garbitzen dituen sustraiak ere bai.
-Egiten dituzun irudi horik, jende ezaguna al da?
-Ez, ez, edozein da, nik ez dut ahalmenik baten aurpegiaz oroitu eta gero egurrean egiteko.
Beharbada eskola batetara marrazten ikastera joan izan banintz bai. Hala ere, gauza bat xelebrea gertatu zitzaidan; hemen emakumezko baten irudi bat neukan, eta nere koinata etorri zen batetan harriturik eraman zuen, bere ama zenaren, hau da, nere amaginarreba zenaren antza izugarria omen dauka.
-Hemen dituzun ontzi eta tresna askoren izenak auskaraz dituzu, nolaz hori, zuk euskaraz jakin gabe?
-Zerbait nahi duenari kostatzen zaio, eta nik ere hori lortzeko hiztegietara edo dakitenengana jo behar izaten dut. Nere aitonak bazekien euskaraz, bere aita Ataungoa zen, eta nik ez dakidan arren, auskalduna naiz.
-Bizi al daiteke lan honetatik?
-Ez, ezinezkoa da. Beharbada tresnen bidez egurra lantzen duten horik bai, baina eskuz dena egiten dugunok, inolaz ere ez; ordu asko behar da eta stiro hartu beharrezko lana da. Gainetik egur txukuna ikusten duzun arren, barruan beta bat egon daiteke eta hainbeste ordutako lanak, agur. Nik ez dut ezer saltzen, nola eta ez den norbait oso pixua jartzen; gainera saltzeak nere burua derrigorrez agindutako epean gauzak egitera lekarke eta hori ez nuke inolaz ere nahi. Lan hau entretenigarri bezala hartzen dut.
Gustora jarraituko genuen hitz jario ugaria duen gizon jator honekin hizketan, baina beste batetan izan beharko, eta ziur izango dela, zeren Zalduendo sarritan joan daiteken herria baitugu.
MURUA
Blas Arratibel: erakusketaren sortzaile eta parte-hartzaile.
"Nere egur lanetarako gogoa 67 urterekin sortua da".
Zalduendok larogei etxe biztanledun zituen garai batetan; gaur, hogeita hamabostera jaitsi da.
"Herriko etxe guztiak, bi ez beste, eginda dauzkat".
Herri erdian XVIgarren mendeko jauregi bat dago, Lazarraga deitua.
23-25

GaiezKulturaArteaBeste arte
GaiezKulturaEkitaldiakErakusketakBesteak
PertsonaiazARRATIBEL1