argia.eus
INPRIMATU
Artistak Amnistiaz
1978ko maiatzaren 14a
Joaquin Resano eta Pedro Oses, "GUK" taldeko pintoreei elkarrizketa
Artistak Amnistiaz
Toki guztietan ezagunak dira euskal artistek egindako pegatinak, muralak, pelikulak etabar amnistiaren alde. Nahiz eta famatu eta zabalduenak Txillidarenak izan, hainbat artista ere saiatu zen bere garaian.

Beren helburuak lortu zituztela garbi dago. Gogoan ditugu oraindik zenbait jendek, soinean zeramatzan amnistiaren aldeko pegatinak. Euskal artistak herriarengandik inoiz baino gertuago egon ziren. Artea erabat bereganatu zuen herriak. Joan zen garai hura, irten ziren euskal presoak gartzeletatik eta hauekin batera amnistiaren aldeko manifestapenak. Orain Gestorak berriro dei egin dionean herriari, Nafarroako artistek gogor jokatu dute.
Lehenengo aldiz izan da. Orain arte ez dira gehiegi mugitu. Aurrenekoetan Gipuzkoakoak izan ziren gehienbat saiatu zirenak, eskualde honek preso multzo dexentea ematen zuelako. Aurten Naforroari tokatu zaio txanda. Une honetan lau preso daude Erriberakoak eta bi Iruiñearrak. Eta Nafar preso bolada batekin artistak lanean hasi ziren.
Iruiñeako Amnistiaren aldeko Gestorak bultzatuta hogeiren bat artistek "Plaza del Castillo" delakoan beren pinturak jarri dituzte aste honetan. Guzti hontaz hitz egiteko "GUK" taldea osatzen dutenetatik Joaquin Resano eta Pedro Oses pintorekin egon zen Zeruko Argia.
"Amnistiaren Alde, Zapatak Ere Egin Beharko Lirateke".
Z.A.: Zergatik mugitu zarete amnistiaren alde?
GUK: Iruiñeako gestorakoek esan ziguten zerbait egiteko. Amnistiaren alde erabat gaude . Guk geure lanak egiten ditugu, baina zapatariak kalera irten eta zapatak egiten Plaza del Castillon hasiko balira ere hobe.Bestalde Javier Morrasen alde jokatzen dugula esan behar dugu. Javierrek puntu asko irabazi du. Detenitu zutenean zera esan zuten denek: Begira burges on hori, orain iraultzaile bihurtu zaigu. Batzuok ontzat hartu genuen, besteek Sala de Cultura bateko enkargatua honelakorik izan zitekeela jakitean alde batera utzi dute laguna. Bainan nahi duguna zera da, jendea ohar dadila Amnistiaren aldeko astean gaudela.
Z.A.: Nola ikusten duzue zuen parte hartzea?
GUK: Ahal duguna egiten dugu. Azken momentuan eta presaka egin denez gero ezin da ideia baturik zertu. Guk pintore guztiei parte har dezaten dei bat egiten diegu. Dena den, badira nahi izan ez dutenak. Nafarroan ez dira gauzak Gipuzkoan bezala gertatzen. Erabat elkarturik daude han artistak herriarekin. Han ez dute izan istilurik garai bateko eta oraingo artisten artean, eta denei datorkie herriaren laguntza osoa.
Lehengoan ikusi genuen Zumetak Usurbilen egin duena eta zoraturik geratu ginen. Herriko plazan nuklearren aurkako mural handi bat pintatuz, eta aurrentzat toki batzu prestatuz lortu du herriarekin egotea eta herriarentzat lana egitea. Horrelakorik ez dugu egin oraindik Nafarroan eta holako gauzen beharrean aurkitzen gara. Dena den, hemendik aurrera egin daitezke. Amnistiaren aldeko muraletan parte hartu dute zenbait Escuela de Artes y Oficios delako ikaslek, batzu pinturak egiten eta beste batzu montajeak prestatzen.

Madrilgo artistek Morrasekin solidaritatean.
23, 24

GaiezKulturaArteaPinturaTaldeak
GaiezKulturaArteaPinturaPintoreakRESANO1
GaiezKulturaArteaPinturaPintoreakOSES1
PertsonaiazOSES1
PertsonaiazRESANO1
GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakAmnistia