argia.eus
INPRIMATU
Laster "Egin" Egingo Dugu
1977ko urtarrilaren 16a
Donato Unanueri elkarrizketa

Laster "Egin" Egingo Dugu
EGIN egunkaria laster dugu kalean. Hala diote horretan dihardutenek:Laster EGIN egingo dugu. Komunikabideak eskuratu behar ditugu euskaldunok. Hoien indarraz jabetu behar dugu.
Baina Herriak eskuratu behar ditu. Dirudunek eta talde itxiek eskuratuz ez dugu ezer egiten. EGIN egunkaria zer ote dugu? Donato Unanuek du hitza.
-- Jendeak Zeruko Argiarekin lotzen du.
-- Zeruko Argia ez da egunkari hau antolatzen ari. Ni izan naiz Zeruko Argiako langile eta egunkari baten premiaz askotan mintzatu izan gara Zeruko Argiako langileok. Eta egia esan Zeruko Argian lanean ihardun ez banu ez nintzen egunkari bat egiteko asmotan hasiko. Baina lan honi ekin nionean Zeruko Argia utzi nuen eta bi enpresa desberdin dira biak. Alde horretatik ez dute zerikusirik.
Ez dira arbola baten bi adar, bakoitza bere buruaren jabe da.
Loturarik gabea
-- Nor zarete, beraz?
-- ORAIN du izena gure elkarteak. Nafarroako, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako jendez osatutako elkartea da. Elkartea osatzerakoan sasoiko jendea nahi izan da hartu, euskal Alderdiek ondo ikusten duen jendea eta alderdi desberdinekin elkarrizketarako gai dena. Talde politiko bati lotzen ez zaion elkartea da. Izan ere, gaurregun ez daiteke alderdi edo talde bati lotutako egunkari bat egin. Are gutxiago alderdikeriaz eta setakeriaz jokatuko duen talde itxi bati lotua. Zerbait zabalagoa behar du Euskal Herriak. Helburu hau gogoan izanik egin da, beraz, talde sortzailea.
-Politikari uko egiten diozutela uste lezake norbaitek.
-- Egunkaria politikoa izango ez denik ez dugu esan nahi.Euskal talde politikoek beren iritziak agertzeko lekua izango dute, Euskal Herriaren nortasunari dagozkion egiturak sortzen eta indartzen ahalegintzen diren neurrian. Iritziak argitu beharra badago. Baita zeinek zer esaten duen jakin beharra ere. Eta jendeari iritziak ematea politikagintza da. Egunkari honek beraz batzuen eta besteen iritziak plazaratzen lagunduko du. Iritzi hauek plazaratutakoan zenbait gauzatan uste genuen baino alde txikiagoa agertuko da, noski. Eta batzuen eta besteen iritziak agertuz elkarrengandik hurbilago izateko bidea egingo dugu. Elkarren berri emanaz elkartzea da egunkari honen helburuetako bat.
Dirua
-- Alderdi politikoetatik aske nahi duzue izan. Eta dirudunetatik?
-- Dirua behar da. Asko gainera. Miloiak. 180 miloi gutxi gorabehera. Edozein laguntza eskertzekoa da, baina dirua jartzen duelako inork ez beza pentsa bere diruaren arabera egunkariaz baliatuko denik. Honegatik jo dugu herriko jendearen diru bila. EGINen egile herria bera izan dadila nahi dugu, herriaren diruarekin egina, beraz.
-- Tantaka biltzen den dirua urria da.
-- Probintziaka egin ditugu bilerak eta herri-buruak aukeratuak ditugu. Bailaraka eta herrika arduradunak jarri dira. Lagundu nahi duen guztiari 2.000 pezta eskatzen zaizkio. Hortik gora eman nahi duenak eman dezake, baina 100.000 baino gehiago inork ez. Beste zenbait ekintza ere ez dira dirudunen fruitu izan, herriarenak baizik. Hau ere herriaren fruitu izatea nahi dugu. Honela bakarrik gordeko bait du bere askatasuna. Eta honela bakarrik ihardungo herriaren zerbitzutan.
-- Dirua biltzea ez da aski: baimena behar da eta kazetariak behar dira.
-- Hitzezko baimena badugu. 60 miloi biltzen ditugunean izango dugu. Paper guztiak sartuak ditugu. Luzaro baino lehen lortuko dugula uste dugu, beraz.
-- Eta kazetariak?
-- Orain arte ORAIN sortzeak, diru-biltzea antolatzeak eta baimena eskatzeko paperak zuzentzeak eman digu eskubete lan. Mariano Ferrer da EGIN egunkariaren zuzendari. Orain hasiko gara kazetari taldea osatzen. 30eko taldea izango da.
Euskal Herri osorako ?
-- Euskal Herriaren zerbitzutan izango dela EGIN esan duzu. Ez ote da Gipuzkoara mugatuko?
-- Hernanin, Nafarroako mugan argitaratuko da. Baina Euskal Herri osoko informazioa eman nahi luke. 300 berri-emale izango ditugu, han eta hemen, barreiaturik. Eta gainera, hiriburuetan ordezkaritzak zabalduko dira.
-- Hizkuntzaren arazoa larria da gure artean. Zein hizkuntzatan izango da EGIN?
-- Oraingoz gehienik gaztelaniaz. Erabat euskaraz izango den egunkari baten amets egiten dugu. Horibilaka dadin saiatuko gara. Oraingoz ahal den gehiena sartuko dugu euskara. Edozein orritan sartuko dugu eta edozer gaitan. Euskarak gai guztiak landu behar ditu.
-- EGINek beste astekariak ez ote ditu galduko?
-- Astekariek beren egitekoa badute. Egunkarien zuloa bete dute, agian, orain arte. Baina astekarien egitekoa ez da egunkarien zuloa betetzea. Beste zerbait da. Egunkaria bere egitekoa betetzera dator. Euskaldunon esku den egunkaririk ez dugu. Eta behar dugu
HERRIALDE
24

Gaiez\Komunikabid\Prentsa\Egunkariak\Egin
Pertsonaiaz\UNANUE3
Egileez\HERRIALDE1\Komunikabid