argia.eus
INPRIMATU
"Gabriel Arestiren Oroimenez" Oskorriren lehen L.P. a
2007ko otsailaren 21
Oskorri taldeari elkarrizketa

"Gabriel Arestiren Oroimenez" Oskorriren lehen L.P. a
Gabon aurretiko egunetan ziren lehen L.P.ak Bilboko disketxetan.
Bilboko euskal talde musikalari honek bere lehen L.P.a plazaratu du.
Arestiren omenez. Hainbat hizpide sortu duen talde honi egin diogu elkar hizketa, beren disko berria dela eta, zenbait puntu argitzeko.
- Beste kantari batzuek aspaldian kaleratu dituzte beren L.P.ak. Zergatik zuena hain berandu?
Zuk dakizunez, orain seiren bat urte hasi ginen euskal kantuaren arlo honetan; orduan oso erraza zen disko bat grabatzea, edozeinek grabatzen zuen, baina eskaini zizkiguten proposamendu guztiak baztertu egin genituen, geure buruak heldu gabe ikusten genituelako eta gure jendea musika txar batez nahastu eta engainatu nahi ez genuelako; honek ondorio onak, eta ez hain onak, ekarri zizkigun; alde batetik ez ginen beste euskal kantariak bezain ezagunak baina, ezagutzen gintuztenek, bazekiten gure lanaren seriotasuna eta erresponsabilidadearen berri.
Gero, orain urte bete edo, grabatzen hastea erabaki genuen, baina, orduan ikusi genituen ikustekoak; zentsuraz topo egin eta honela ibili gaituzte urte osoan.
Denetariko zentsurak daude Madrilek jarrita; jaialdietan kantatzeko, grabatzeko eta irratietan emateko. Bidali genituen 26 kantuetatik 3 bakarrik utzi ziguten garbi,.beraz, disko handirik ez genuen argitaratzerik izan; ezagutzen dituzun bi Disko txiki hoik grabatu ditugu orain arte.
Azkenean, Madrilgo Ministerioetara jo genuen; han hitz bigun, xamur eta gozoein esan ziguten,gauzak aldatzen ari zirela eta birkontsideratuko zela gure zentsura.
Nahiz eta oraindik 10 kantu zentsurapean izan, beste horrenbeste onartu dizkigute; hauekin gure lehen L.P. hau osatu dugu.
- Lehena izanik, "Gabriel Arestiren oroimenez" izateak, arrazoi bereziak dituzke, noski.
Sei urte hontan Aresti izan da gure poeta, laguntzailea eta laguna eta hori ezin zaigu hain erraz ahaztu. Gure lehen diskoa, haseratik, Arestiren omenez egiteko asmoa genuen, eta, nahiz eta beste autore batzuen kantuak izan, ez genituen zentsurara bidali, ez genuen kaleratu nahi izan Arestirena argitara arte. Eskertu beharrak bultzatzen gintuen horrela egitera; baina, baita Arestirekin egindako kantuak gure errepertorioko kanturik berezienak izateak ere.
- Aresti idazle polemikoa izan da.Zuek ere talde polemikoa osatzen duzue. Non dauntza Euskal Herriko beste kantari gehienekin kantatzeko dituzuen problemak?
Aresti idazle polemikoa dela inork ez du dudatan jartzen, baina, gure literaturak duen hoberenetarikoa dela inork ez digu ukatuko, eta gure hizkuntzari, kulturari eta herri osoari mesede handia egin diola ere ez. Gure kasuan talde polemikoa garela badakigu, baina batez ere jarri diguten fama txarragatik ; guk, kantatzen utz diezagutela besterik ez dugu eskatzen; nahiko zentsuratuta gaude Madrildik hemen beste zentsurarik izateko; jendea ez da hain tontoa; herriak ondo daki nor diren bere alde eta nor kontra; horregatik, espero dugu, guri entzundakoan enteratuko direla nolako "mamuak" garen. Guk beste kantariekin kantatzeko inoiz ez dugu problemarik izan ; kantari batzuek gurekin kantatzen dute, beste batzuek ez, baina arrazoiak beroiek jakingo dituzte guri inoiz eman ez dizkigutelako; horrez gainera, kantarien artean nahiko ondo elkar ezagutzen dugu, eta beste kantariek badakite gure kontra egin den kanpaina lotsagarri hori gezurrezkoa dela.
- Honi jarraituz, uste dut, zuen disko berriak duen balorerik inportantenetarikoa, bost musiko euskaldunek egina izatearena dela. Nola zuzentzen duzue zuen lana euskal musika baterantza?
Bai, musika arloan dugun problemetarik bat gure independentzia falta da. Orain arte hemen egin diren disko gehienak nahiko eskasak izan dira; gerra ondoan gure musikorik hoberenek Madrila joan behar izan zuten ; gure orkestak eta bandak nola dauden ikusi besterik ez dago; hemen ez dago arreglistarik, ez diskoetxe onik ez edonolako girorik eta musika-industriarik. Denon artean egin beharko genuke disketxe on bat, baina ez dakigu noiz konponduko garen hori lortzeko. Gure lanak duen balore handiena, behar bada, osoki guk egina izatea da. Ez dugu arreglistarik edo beste musikorik deitu grabaziorako; lana arras independientea izan da inorekin kontatu gabe. Uste dugu, gainera, bide honetatik jarraitu behar dugula gure musikaren nortasun berezia eraikitzen, gure nortasun nazionala musikan ere finkatzen. Nortasun nazional hau lantzea epe luzerako gauza dela badakigu, baina ahal duguna egiten hasi behar dugu.
32

Gaiez\Kultura\Musika\Musika mode\Taldeak\OSKORRI
Gaiez\Kultura\Musika\Argitalpena\Diskoak