argia.eus
INPRIMATU
Urolaldeko zerbitzuak:
1976ko martxoaren 28a
Azpeitiko "Uztaro" haurtzaindegiko arduradun eta andereño diren Lurdes Badiola, M. Jesus Etxeberria, M. Tere Larrañaga eta Inaxita Bereziartuari elkarrizketa.

Urolaldeko zerbitzuak:
"Uztaro" haurtzaindegia
Urolalde honetako zerbitzuak guk nahi genituzkeen bezain egokiak ez dira. Duela hilabete bi inguru, Sendakuntza-zerbitzuaz aritu ginen. Gaurko hau, Azpeitiko «Uztaro» haurtzaindegiaz oretu eta mamitu dugu. Egungo Azpeitian, haurtzaindegia errealitate bat da. Bakarren batek, besterik pentsa badezake ere, haurtzaindegia Herri-zerbitzu izaki. Gaurko gizarteak behar beharrezko duen zerbitzua noski
Urolaldean ez genuen haurtzaindegirik, harik eta Azpeitikoa sortu zen arte. «Uztaro» haurtzaindegiak igazko urtean zabaldu zituen ateak. Urte beteko bizia besterik ez du beraz. Emakumezkoak dira haurtzaindegi honen arduradun eta gidari. Berauek sortu, tajutu eta bizia eman diote. Gizonezkook, zenbait eskulan besterik ez dugu egin ohi.
Lan hau moldatze arren, haurtzaindegi honen arduradun eta andereño batzuekin bildu gara. Gure solaskide Lurdes Badiola, M. Jesus Etxeberria, M. Tere Larrañaga eta Inaxita Bereziartua ditugu. Guk galdetu hala, lau emazteki hauek gartsuki mintzo zaizkigu beren arazoak emanaz.
-- Emakumeok piska bat zirikatzearren dizuet. ONU-k igazko urtea, emakumeen urte bezala bataiatu zuen. Zuek ere, urte honetantxe sortu zenuten haurzaindegia. Batak eta besteak zerikusirik bahal dute?
-- Nazio-arteko edo hobeki esan, Estatu-arteko emakumeen urtea eta Don Quixoteren irudimenak elkarren pareko dira. Baina ongi datorkigu zure galdera. Gu ere batzuentzat quixote burugaldu batzu ginen. Haurtzaindegi bat sortu behar genuela adieraziz, zenbait jenderi hurbildu gintzaizkionean, ametsetan ari ote ginen galdetzen zigun!
-- Oztopo asko gainditu beharra izan ahal duzue?
-- Haserako oztopoak oso latzak izaten dira. Haurtzaindegia zerbait berria zen bailera honetarako. Batzuen ustez gainera, gure Euskal-usadioen aurkakoa. Amak, haurraren ondoan egon behar duela egunaren buruan, amatasuna galtzea, haurra umezurtz gelditzeko arriskua, familiaren ondamena etab leporatzen zizkiguten. Halare aurrera egin genuen harik eta gure helburua lortu arte.
-- Haurtzaindegi honek, urte bete honetan nolako bilakaera izan du?
-- Esan dizugu, gauza berri bati hasera eman geniola. Horretarako beste haurtzaindegien bilakaeraz ere, asko baliatu ginen. Urte bete inguruan leku baten bila ibili ondotik, azkenean geuk uste baino mila aldiz toki ederrago baten jabe egin ginen. «Uztaro», Jesusmariatako lekaideek eskaini ziguten toki zoragarri batean dago. Mihi gaizto asko, isilik gelditu dira, gure haurren toki bikain hau ikusirik.
Haseran lau haur besterik ez genuen; gaurregun 24 ditugu. Bi andereñorekin hasi eta orain lau ditugu. Urte bete honetan ikus dezakezunez, aurrerakada sendoa egin dugu.
-- Legearen aurrean nola arkitzen zarete?
-- -Asociación de padres pro-guarderías» deitu legez onartutako arauiegi bat badugu. Estatuaren diru-laguntza eskatzeko, legeak agintzen duen baldintza bat da hori.
-- Garesti samarra ez ahal da zuen haurtzaindegia?
-- Lehenbizi beste galdera bat egin behar genuke: merezi ahal du haurra haurtzaindegira eramateak?... Gure ustez haurtzaindegia egungo gizarteak behar duen zerbitzu bat da, ez besterik. Haurtzaindegiak, irtenbide bat eskaintzen dio gaurko senar-emazte askori. Hortik egin behar dugu planteamendua. Guraso langileei erantzun ahal izateko da haurtzaindegia, ez kapritxozko denbora pasaketarako. Hileko kuota edo ordaindu beharra 4.000 pezeta da. Garesti?...
Gure gostuak, laguntza ofizialik ez dugulako igotzen dira batipat.
-- Lan zaila hal da, hain adin desberdinetako haurrak zaintzea?
-- Lan gogorra da benetan. Beti haurraren gainean egon behar da. Gogoz egin beharreko lana, haurrenganako zaletasun berezia behar da. Adin honetan haurrek berak ere gorabehera asko izaten dituzte. Astean egun batez, sendagileak ikusten ditu. Haur bakoitzaren fitxero zehatz bat egina dugu; txertoa, pisua, haurraren eboluzioa etab. denak zuzen betetzeko.
-- Haurtzaindegia beraz, guraso langileen aterabide; baina baita haurraren hezketabide ere?
-- Haurtzaindegia eta sendia, biok dira haurraren hezketa-bide. Bata bestearen osagarri dira, ez etsai. Haurrak ez du bere gurasoenganako maitasunik galtzen, hau gure esperientziaz diogu. Umeak ordu batzuk igarotzen ditu haurtzaindegian, beste asko bere sendian, bere gurasoekin batera. «Amatasun» edo amakeriaren konzeptoa galdu egin behar dugu! Ez ahal da ba egia garbia, haurtzaindegiko haurrak, ikastolara joaten direnean besteak bezain irekiak, hezituak eta jantziak direla?
-- Horniduraz nola arkitzen da Uztaro?
-- Piskana ari gara hornitzen. Aurten haurrak jolasten diren solairua dena berritu dugu. Haurtxoentzako sehaskak ere inguratu ahal izan ditugu. Baina jostailuen premia dugu. Haurraren hezketan, jostailuak izugarrizko garrantzia du. Batzuen borondatez ekarri dizkiguten jostailuak baditugu, baina oraindik gehiago behar ditugu. Zenbait etxetan, ganbarara jasorik egon ohi diren jostailuak, guretzat egokiak lirateke.
-- Uztaro haurtzaindegi honen etorkizuna, nola ikusten duzue?
-- Urtebete batean, izugarri zabaldu da gure haurtzaindegia. Etorkizunik badu noski, eta agian bailera osora begiraturik. Zeren orainarte esan ez badugu ere, Azkoitiko haurrak, etortzen dira honuntz! Estatuaren diru laguntza hori lortzeko eginahalak egiten ari gara. Beste tokitan lortzen dute eta honuntz ere, noizpait etorriko ahal da. Ikastaldi batzuek antolatzeko eta geure buruak hobeki prestatzeko ere beharrezko zaigu diru laguntza hau eskuratzea. Etorkizuna, oso astuna baina itxaropenez betea dakusagu.
Urolaldeko haurtzaindegi hau, urtebete baten buruan errealitate bat bihurtu zaigu. Hutsaren peskizan ez dute lortu noski, lana gogoz eginaz baizik Beste bat arte.
Anatsan
18

GaiezGizarteaAdin sektorHaurrak
PertsonaiazBADIOLA1
PertsonaiazETXEBERRIA3
PertsonaiazLARRAÑAGA2
PertsonaiazBEREZIARTU1
EgileezANATSAN1Gizartea