Nere Historiak Gizaeskubideak Indartzeko Balioko Du
1976ko martxoaren 21
Plieuchtch komunistari elkarrizketa.
Plieuchtch-en Elkarrizketa Parisen
Nere Historiak Gizaeskubideak Indartzeko Balioko Du
"1966. hasi nintzen artikulu batzuk idazten Samizdat agintarien kontrako aldizkarian: Gobernu sobietarraren izateaz, ideologiaz eta nazional arazoaz".
"Marxista naizelarik, Marx eta Leninen irakatsien arabera aztertzen nuen guztia".
"Stalinismoa urriko iraultzaren dejenerazioa zela agertzen nuen. Rusian Estatuko kapitalismoa ezarri zela, propietatea ez zela herriaren eskutara pasa, Estatuarengana baizik".
"Kapitalismo abstrato baten (Estatuaren) menpean zela. burokrazia. «Zaren» denboretan bezalaxe zela nazional arazoa".
Rusiako Alderdi Komunistaren Komite Zentralari bidalitako esaldiak ditugu.
-- Nazional arazoak ba ahal du garrantziarik Rusian?
-- Kontzientzia nazionala urtetik urtera ari da esnatzen. Ukranian, adibidez, atzerapen haundia izan du rusifikazioak. Hizkuntza nazionalak ia zeharo galtzeraino iritsi dira herri haundietan.
Eskola berezi batzuk badira, baina inperioaren kultura ezartzen da hoietan ere. Herriari ez zaio bere historia berezirik irakasten, inperioaren interesetara moldatutakoa bakarrik baizik.
1920., Leninen menpean, Ukranizazio indar berezi bat sortu zen. Funtzionario guztiek ukranianoz mintzatu behar zuten aldi horretan. Mugirnendu abertzale haundia sortu zen.
Mugimendu honi «fusilatua» deritza, Stalinek zapaldu bait zuen 1930, nazionalista zela esanaz.
Nekazari mailan ez zen askoz hobea gertatu. Lurrak indarrez kendu eta taldekatu egin zituen. Gose ikaragarria ekarri zuen horrek, 1931-33garrenean. Abertzale mugimendua itotzeko apropos sortutako gosetea izan zen. Sei miloi hil ziren goseak.
1960. berriro Ukraniak indar berri bat hartu zuen kultura aldetik: literatura, museoak, margolariak, poetak... Gaurregun, ordea, berriro oso ito dute.
Ukrania Rusiatik askatzea da nere helburu eta borroka guztia. Honela bakarrik egin daiteke egiazko sozialismoa eta honela bakarrik salba daiteke Ukraniako kultura.
Krimeako tartaroen, griegoen eta Meskhalsen egoera askoz larriagoa da. Siberia eta Asia erdira deserriratuak izan dira asko eta asko. Herrira itzultzeko eta autonomia kultural bat lortzeko borrokan ari dira gaurregun.
-- Komunista zarela esanaz zabiltza Rusiatik etorri zinenez geroztik. Zer da zuretzat komunista izatea?
-- Gizarte basatia desegiteko bortxa eta borroka egitea da neretzat komunista izatea. Sabelaren aurretik izan dezala izpirituaren askatasuna, kreatibitatearen onerako.
Izan ere, gizon guztien barruan bada talenturik, baina aurkitu eta landu egin behar da.
-- Bide horretatik abiatu den Herririk ezagutzen ahal duzu?
-- Ez. Txekoslobakia abiatu zen 1968garrenean.
-- Dubcek eta bere lagunen programa eta Pragan azaldu zen udaberriko izpiritua, mesedegarri gerta ahal zitekeen Rusia eta Rusiako jendearentzat?
-- Sobietarren burokraziak zeharo ukatzen du Dubcek-en izpiritua. Rusiako aginteriek ezin dituzte eskutik utz, kostata berenganatutako ondasun eta indarrak. Baina Rusiako jendeak onartuko luke Dubcek-en izpiritua, eta, nere ustez, hori du sozial eta izpiritu muga estuetatik irteteko bide bakarra.
Munduko komunista guztiei dei egin die:
«Oroi zaitezte Txekoslobakiako egoeraz. Txekoslobakiako alderdi komunistak askatasun bideak zabaldu zituenean, Rusiak zapaldu egin zuen. Estatu Sobietikoaren demokratizazioak etorri behar duela uste dugu guk, oposizioko komunistok, burokratek duten boterea langileak hartuz.
«Gizarte komunista, demokratiko eta gizakoi baten alde ari zaretela borrokan esan ezazue zuek, kapitalista erresumetako komunistok. Zuen Estatuetako herriak badute beroiek nahi duten bidea eta erabakia hartzeko eskubiderik».