argia.eus
INPRIMATU
EZKON BIDEA ZOKO BIDEA?
1975eko maiatzaren 25
Euskal emakumearen egoera
EZKON BIDEA ZOKO BIDEA?
Eta gaurko Euskal Herrian, zer? Zer buruhauste ditu euskal emakumeak bere askatasunari, bere nor izateari buruz? Aldatu ote da eta zenbateraino, gure herriko emakumeen izpiritua?
Behar liratekeen azterketa eta dato faltaz, emazte berri batengana jo dut, euskaldun jator den emazte argi batengana, beste euskal emazte askoren pareko den batengana. Gure elkarrizketaren bidez, euskal emakume askoren egoera eta pentsamoldeak agertu nahi nituzke. Goazen, bada harira.
Olatz: zuk zer uste duzu, gizarteko asmo eta lanetan , emakumeak gizonezkoak adina erantzunkizun eduki behar lukeela, bai ala ez?
Bai, bai; dudarik gabe. Pertsona izatea, gizartearen eta kondairaren osatze horretan parte hartzea da; baina ez edozein moduz, ekinaz eta erantzunaz baizik, ez geldi egonaz. Pertsona izatea gizonezkoen eta emakumezkoen eginkizuna den bezalaxe. Horregatik, munduaren osatze eta egite horretan, emakumezkoek gizonezkoek adina erantzunkizun du berez eta egokiera berdinak ere behar lituzke, erraztasun berdinak. Baina egunero ikusten duguna oso besterik da, emakumea baztertua bait dago eta gizarte lanetatik kanpo.
Zer bide ikusten dituzu, emakumea gizartearen bizitzan erabat sar dadin?
Lehen pausoa konturatzea litzateke, emakumea bere egoeraz jabetu dadila. Emakume asko dago oraindik lotan, nahiko pozik bere txokoan sarturik.
Euskal Herriari begira diozu?
Bai. Oraindik ere, emakume gehienek, bere oinarrizko eginkizun eta erantzunkizuna ama eta emazte izatea dela uste dute. Gizarte lanak gizonezkoen eskuetan uzten dituzte, hauen gauza bakarrik balira bezala.
Aipaturiko lehen pauso horretaz gain, zer besterik ikusten dituzu?
Bigarren pausoa, emakumearen eginkizun berezia zer den aztertzea litzateke. Gure artean "etxekoandre"aren irudia oso sarturik eta oso gora jasoa dago. Emakume, etxeko antolatzaile eta erregina. Nere ustez, gaurko Euskal Herrian, emakumearen eginkizunik eta izaterik ederrena ez da etxekoandre izate hori, oraintsu arte hola izan bada ere. Eta etxekoandre egokia, aparta, izan den emakume euskaldunak, badu gaur beste eginkizunik.
-Nola adieraziko zenuke, hitz bitan, hitz bitan eginkizun hori zer den?
-Gizonezkoarekin batean, Herri erantzule, aske eta demokrata bat sortzen salatzea
Euskal Herriko familiek garrantzi berdina ematen al diote nesken heziketari eta mutikoenei?
Benetan ez. Oraindik ere, mutikoak, geroko gizon izango denez, neska baino ikasiagoa, jantziagoa izan behar duela uste izaten da gure familietan; familia, gizartea, ekonomia, lana, politika, kultura... arlo guzti hauetan benetako erantzule gizonezkoa bakarrik balitz bezala. Neskak emazte, ama, gizonezkoen laguntzaile soil bezala prestatzen dira, Hor dago kakoa. Hori da, batez ere, aldatu beharra.
Zer dela uste duzu, emakume ezkonduaren zeregina, familian eta gizartean?
Lehen ere aipatu dugu baina ez da gehiegi izango beste behin esatea Nere ustez 'emazteak', amak, gizonarekin batean eta maila berdinan jarririk, familiako eta gizarteko beharrei erantzun behar dio. Eta hori ez emazte eta ama bezala bakarrik, beste arloetan ere bai. Nork berak ikusiko du zer arlo den berea baina hor daude emakumearen zai gizartea, lana, ekonomia, kultura, politika... Emakumeak, gizonaren berdina izanik, eskubide eta aukera berdinekin, gizarte lanak ere bereganatu behar ditu.
Ezkonge geratzeko beldurra du emakume askok. Oraindik ere bai? Zergatik?
Jakina! Gauzak dauden bezala, bistan da. Banaka batzuk kenduz, oraindik ere emakume soila ez bait da inor gure gizartean. "Hutsaren hurrena" esan ohi da haurra neska jaiotzen denean. Zer esanik ez, ezkonge geratzen denean. Haurtzat hartu ohi du gizarteak, norbaiten premia duen umetzat, eta ez zaio lekurik egiten, Iritzi hori ere aldatu beharra dugu.
Gaurko senar-emazteek zenbat haur izan behar lituzkete?
Haurrak bai ala ez eta zenbat haur... Galdera horri ezin zaio bakanka erantzun. Beste ral'era askori ere erantzuna eman behar zaio lehenbizi edo batean behintzat. Elkarren bizitzaz zer egin nahi den aztertzeak emango dio bikote bakoitzari haurrei buruzko erantzuna edo neurria. Gizartearekiko konpromisoak ikusi eta gero, bakoitzaren baldintzak neurtu eta gero erabaki beharko du bikoteak seme-alaben arazoa.
Eliza bide berri bila dabilenik iruditzen al zaizu. Emakumearen eta familiaren gaurko arazoei buruz?
Nere iritziz, emakumeak ez du sekula izango Elizan gizonezkoen pareko lekurik. Agintea, apaizgea beti gizonezkoengan izango dira Elizan. Beste erakundeetan berdintasunera iristen denean ere bai. Berez ez da Eliza emakumezkoen aurkakoa.
Buka dezagun, Olatz. Zer askatasun bide ikusten dituzu gaur Euskal Herrian emakumeentzat?
Garrantzitsuenak, alde batetik lana eta ekonomi-askatasuna. Bestetik, gizarte-konpromisoa, bakoitzak bere aukerako arloan.
Mila esker, Olatz Izagirre; azkoitiar xarmanta ez ezik, gaurko Euskal Herriak behar dituen emakume horietako bat. Mila esker pentsatzen duzulako, arduratzen zarelako eta bide berriak irekitzen saiatzen zarelako. Hor daude zure erantzun mamitsuak, beste emakume askoren ispilu. Ea laster lortzen dugun amets gozo hau: Ezkon bidea ez dadila emakumeentzat zoko bidea izan, lanbidea, gizarte bizitzan beste era berri batez sartzeko bidea. A zer nolako emazteak eta amak emango dituen orduan gure Herriak. Hala bedi.
Miren Jone Azurza
Etxekoandre egokia izan den emakume euskaldunak badu gaur beste eginkizunik...
Zenbat haur...?
1

Gaiez\Gizartea\Sektore baz\Emakumea\Besteak
Egileez\AZURTZA1\Gizartea