argia.eus
INPRIMATU
Martxoaren 2lean "Prix Rembrandt 1975" Eskuratuko du Donostiako bere etxean
1975eko martxoaren 16a
Prix Rembrandt saria irabazi du Eduardo Txillidak
EDUARDO TXILLIDA
Martxoaren 2lean "Prix Rembrandt 1975" Eskuratuko du Donostiako bere etxean
1975eko "PRIX REMBRANDT"
Rembrandt margolariaren izena arras ezaguna da margogintzaz ari direnen artean. Hain xuxen ere, Europako margolarien artean Rembrandt handienetarik eta ospetsuenetarik izan da. Margolari hau XVIIgarren mendean bizi izan zen Beheterrietan (Pays Bas).
Gaur egun, Europan bezala mundu guztian, artistei sari handiak ematen zaizkie. Hauetariko bat Rembrandt saria da. Lehen aldiz orain urte guti eman zan sari hau. Lehen saria Beljikako margolari ospetsu batek hartu zuen, hots, Paul Delvaux-ek. Joan zen urtean, berriz, egun Inglaterrak duen artista hoberenetariko bati eman zizaion, Ben Nicholson-i.
Aurtengo Prix Rembrandt XXgarren mendeak duen beste artista handi eta ezagun batek jasoko du. Are gehiago, artista hau gure arteko bat da, hots, Eduardo Txillida. Badu beste bereizgarri bat aurtengo Prix Rembrandt delakoak: alegia lehenengo aldiz euskaldun eta aldi berean eskultore den norbaiti eskaintzen zaiola.
1975eko Prix Rembrandt-ek zer adierazi nahi du? Sari honek adierazi nahi duena zera da: Txillida, euskal eskultoreak egungo europear arte berriari ikuspegi bereziko lanak eman dizkiola (hogai eta bost urte baino gehiagoren buruan).
Txillidarekin Solasean
1975eko urtarrilaren 12ko Zeruko Argian (619garren zenbakian eta hamargarrengo orrialdean) irakurri genuen Eduardo Txillidari sari bi eman zizkiotela: bata 1975eko Prix Rembrandt eta bestea 1974eko Diano Marina.
Hil honen 21ean Prix Rembrandt eskuratuko du Donostiako hirian.
Berari zenbait galdera egin diogu eta horien berri eman diegu gure irakurle guztiei.
Lehenik, zorionak Txillida berriki emandako sariengatik. Esango ahal diguzu sari hauk ematea nola erabakitzen den?
Sari biak, hots, 1975eko Prix Rembrandt eta 1974eko Diano Marina epai mahai bi desberdinek ematen dituzte. Horretarako, aurrez zure lanik inungo lekutara ez dago bidali beharrik. Epai mahai bakoitzak bere gisara eta berari gogoko zaizkion artistak kontuan edukirik erabakitzen du saria. Aurten neuri eman dizkidate sari biak.
Sari hauk espero ahal zenituzten?
Begira, lehen esan dizut, epai mahai hauek, guk artistok ezer jakin gabe, heuren hautamena egiten dutela. Beraz, nik ezin nezakeen espero horien saririk. Baina, denok badakigunez, ene lanak ezagunak dira espalditik eta ez naiz gehiegi harritzen inoiz sariren bat ematen didatenean. Halere, egia esateko, nik ez nuen pensatzen sari hauk aurten neri emango zizkidatenik.
Bai! Artista batek bere lanetarik batzu sari batetara eramaten dituenean sariaren itxaropena izaten du, noski. Aitzitik, artistak, inungo lekutara agertzen ez denean, ez du zer espero. Halere zure artegintza hain ezaguna eta hedatua denez mundu zabalean, neurri batetan esan genezake zuri sari bat eskaintzea ez dela zaila izan behar. Zergatik, hemen Donostian 1 975ko Prix Rembrandt jaso nahi duzu? Eta Donostian non emango dizute?
Nere jaioterria Donostia da. Ia nere bizitza guztian Donostian egon izan naiz. Bestalde, nere izaera euskalduna da eta, geroz eta areago, euskaldun izaten saiatu nahi dut. Beraz, nere lanak euskal pentsamenduaren zainetan errotuak daude. Adibidez nere burnizko lehen eskultura astraktoa, hemen, Hernaniko sutegi batetan, egin nuen; eskultura astrakto horren izena "Hilri" da: esukaldunen bizitzako pundu nabarmenetariko bat adierazi nahi izan nuen eskultura horrekin. Gero ere, neure eskulturgintza guztian zehar, ardatz edo oinarri nagusiak euskaldunon pentsaeran eta kondairan tinkatu ditut. Horrela bada, neri gaur sari bat eskaintzen badidate ene herrian jasotzea nahi dut ondoko hau adierazteko: neri emango didaten saria nik neure herriari eskaintzen diodala. Prix Rembrandt-ekoei anitz esker ematen diet saria non jaso aukeran utzi didatelako. Eta emandako sariaren jasotzea, nere lantokian edo estudio berrian izango da. nau baino leku egokiagorik ez dut ikusten, oraingoz behintzat.
Egun hortan nork emango dizu saria?
Prix Rembrandt-eko lehendakari Alfred Hentzen irakasleak emango dit saria.
Nork gehiagok parte hartuko du zuri saria emateko egunean?
Anitz lagun izango da egun hartan nere lantokian. Gehienbat euskaldonok izango gara. Koldo Mitxelenak hitzaldi bat egingo du hitzaldia euskaraz izango da.
Benetan asko pozten gara Koldo Mitxelenari hitzaldia eskatzeaz eta are gehiago euskarez izango dela jakiteaz. Izan ere, askotan (gehiegitan esango nuke nik) euskara eta Euskal Herriaren egoera bazterturik utzi izan dira honelako mementu jakinetan. Segur gara Herriak asko txalotuko duela jokabide jator eta eragile hau.
Guk, amaitzeko, zorionak eman nahi dizkizugu Prix Rembrandt-gatik eta Diano Marina-gatik. Azkenengo hau noiz emango dizute?
Oraindik ez dakit noiz emango didaten.
Dena dela, ematen dizutenean berriz ere hemen izango gara, zurekin zenbait berri eskatzeko.
Herriarekin Are Eta Gehiago
Egun, gure Herrian, anitz gauza interesgarri egiten da. Halere, sarritan gertatu ohi da gauza hauen fruituak Herrian bertan ez direla zabaltzen.
Baina, gauza bat da argi eta garbi, hots, Herriarekin jokatu nahi duenak Herriarekin ibili behar duela aldi txarretan bezala aldi onetan.
Herriko indar oro batuko dituena Herria bera da. Bakoitzak bere lanean gogor eta trebe jokatuaz, denok Herri bat osatu behar dugu. Lehen ere elkarrekin, herritar mailan ibili izan garen neurrian Herriari bultzada handiak eman izan dizkiogu eta gure nortasuna osatua ikusi izan da.
Gaurkoan, gure eskultore batek bere fruituak Euskal Herriari eskeini nahi dizkio. Are gehiago, Txillidak hauxe aitortzen digu: "Nik, neure Herriari esker izan ez bazen ez nituen sekula egindako lanak egingo, nahiz eta ospea gaurkoaren parekoa eduki izan".
Baina, amaika indar bada egun gure artean lotuta! Indar hauk askatzen saia gaitezela denok, eta batez ere, bide bizkorrenak eta xamurrenak dituztenak.
Gure herrietako egintariei eta era guztietako zuzendari diren guztiei hauxe eskatu nahi genieke: lagun gehiago herriko jendeari, ken oztopoak eta egin bidea aske!
URZOLA
12

Gaiez\Kultura\Artea\Eskultura\Sariak
Gaiez\Kultura\Artea\Eskultura\Eskultoreak\TXILLIDA1
Pertsonaiaz\TXILLIDA1
Egileez\URZOLA1\Kultura