"Elkarbiderako Nik Ez Dut Ezin Gaindituzko Eragozpen Eta Debekurik Ikusten"
1975eko otsailaren 02a
Koldo Mitxelenari elkarrizketa
Koldo Mitxelena
"Elkarbiderako Nik Ez Dut Ezin Gaindituzko Eragozpen Eta Debekurik Ikusten"
Ez noa Mitxelena nor den inori agertzera. Ezta SEI IDAZLE PLAZARA deitu liburuan egin zaion kritikaz ezer galdetzera ere. Anaitasunean eman du bere iritzia.
Mitxelenak ez du tontotik parterik. Horregatik, agian, iritsi dira sei idazle plazara, hiru izanik. Dena den, dakiela behintzat, ez omen du inoiz inork inoren mirabeari ordaintzen dion soldatarik aipatu.
Erantzun bakarrik ez du egiten Mitxelenak, galdetu ere bai. "Sutan daukazun etxean, lo daude lasai iloba ttikia eta amagiharreba ezindua. Zein aterako zenuke lehenbizi?".
Zer da zuretzat kultura herri baten nortasunean eta bizitzan?
Ez dakit, ba. Naturazkoak, geuregan eta ingurunean ditugun zerak, kenduz gero, ez ote da kultura herriaren nortasuna bera? Kultura ez da, bestetan ere esan dudanez, azaleko lorea eta bitsa, gaina eta pikaina. Kultura moldetan mamitua dugu egunoroko bizimodua. Horixe baita hain zuzen: arbasoengandik ikasi ditugun erak eta moldeak, egunoro darabiltzagunak. Ez haiengandik jaiotzez, kromosomak direla medio edo, jaso ditugunak.
Ez da hizkuntza kultura eta herri horrentzat?
Hizkuntza berezirik ez duten kultura eta herri bereziak izan dira eta badira. Hori ikusteko, aski da munduan barrena begira hastea. Hizkuntza ere berezia baldin bada, ordea, hori izan ohi da bereizgarririk nabarmenena, edo behinik-behin nabarmenenetarikoa. Eta Euskal herrira bagatoz, honek ez zukean iraungo egungo eguneraino, nik uste, iraun duen bezela, sendo nahiz makal, euskararik izan ez balu. Euskaldunei horrek eman die gehienbat aditzera nor diren ta nor direla.
Ez dut horrenbestez esan nahi euskarak eutsi diola Euskal herriari, habe gotorraren gisa. Aitzitik, norbaitek eta zerbaitek iraunerazi dio hizkuntzari. Erromatarren garaian eta geroxeago, hori nola gerta zitekeen Barberok eta Vigilek erakutsi dute aski ederki. Baina, ez dakit zergatik, hauen artikuluek, orain liburuxka merke batean bilduek, ez dute harrera onegia izan gure artean. Eta ez da, noski, behar den bezala, pentsatzen ez dutelako, edota sabindarrak direlako.
Indar "biologikoek" bakarrik behartu ahal zintuzteten euskara batua egiterakoan zorionako hartzera?
Beroaldi batean hitzetik hortzera esaten diren gauzak argitasun premian aurkitzen dira maizenik. Diodan, beraz, lehendabizikoz euskara baturik ez dugula egin; egin nahian eta egin beharrean ari garela, zenbait lagun behintzat.
Berandu eta ezinbestean sartu nintzen gainera, eta bat nator Arestirekin, arazo horretan: egia ere da, bestalde, betidanik saIatu izan naizela gure arteko hizkuntz-bereizkuntzak gehi eta areago ez zitezen. Nori berea eman behar baldin bazaio, eta hori omen da zuzenbidea, Sarrailhe izan genuen aitzindari bide horretan, eta haren inguruan bildu ziren "axulartarrak". Hark, egia esan, nahiago zuen Leizarraga Axular baino.
"Urruxolako lekaioa" eta harako "Bazko biharamuna" bezala, etorkizuneko kanta zaharretan maiz aipatua izango den Arantzazu "okasio" hartan, bidea markatua eta irekia aurkitu nuennik. Ez nuen uste orduan, ta ez dut orain uste, arrazoibide hutsen bitartez batasunera hel gaitezkeenik. Besterik ere behar da horretarako: gibelaldetik bulka eta bultzaka ari den indarren bat. Eta indar hori, bela haiza eta mugi zezakeen haizea, alde batean ikusten nuen. Ez bakarrik gazteago zirelako indardunak, baizik eta eragileago, langileago eta emakorrago agertzen zirelako Usteak alderdia ustel omen du eta orduko kalkuluak oker zeudekeen. Ez dirudi, haatik, geroz gertatuak ikusi ondoan, kolpe huts egin genuenik. Badakizu bazirela, gainera, hizkuntzaldeko arrazoiak -edo desarrazoiak- baina horiek aski luzaz azalduak izan dira behin eta berriro. Alfer lanean abiatzea litzateke hemen berriz agertzea.
Zer diozu hori dela eta euskaldunen artean sortu den borrokaz eta zatiketaz? Ortografiarekiko borroka ez ote da beste pentsamolde eta jokabide batzuen estalgarri?
-Zerorrek erantzun duzu: istilurik larrienak ikuskizun guti dute ortografiarekin Nolanahi ere, bagenekien aldez aurretik ez ginela borrokarik gabe batasun bidean sartuko. Euskaltzaindiak izan ere, horretarako batipat sortua izan zen Euskaltzaindiak mende erdi osoa eman zuen deus askorik egin gabe. Ongi konturatzen zirelako, noski, batasuna emazte ederraren irudiko dela, etxean gerra sortzaile. Ez baitu inork guztion gogoko den biderik asmatuko.
Haundia ahal da zaharreriaren eta gazteriaren arteko etena?
Ikaragarria ,eta neurkizun den muturretik hartuko dut haria. Zaharrik gehienok, oraindik gordin xamar gaudelako edo, ez gara deus izan: konpainia baten buru edo politruk, onenean ere. Eta, hurrenik hurren, 40 urte inguruko jendea datorkigu: hor duzu bestetara gabe, hogi urteren aldea. Lehen, ez zen horrelakorik gertatzen. Begira, gure gazte-denboran, gu ere, sinista zadazu, gazte ginen gazte, eta ez geunden konforme: hor genbiltzan bada, Errenteriako batzokian esate baterako, marmar eta oihuka "aguren" kontra. Egin dut, beraz, inkestatxo bat neure aldetik eta hona zer aurkitu dudan: agurerik agureenak berrogeiren bat urte zituela. Galdu berria dugun Joxe Mari Lasartek 25 edo zituen, ordurik larrienean.
Adin hutsarte horretaz gainera, gogoan eduki behar genituzke urte hautan gertatu eta gertatzen ari direnak: inoiz baino usuago etorri diren aldakuntzak esku hutsik aurkitu gaituzte. Ez da, bada, harritzeko etendurak, hosinak eta elkar ezin ikusiak nabarmen agertzea Ez da hori deuseztatuko duenik, baina konponketan salatu behar genuke. Kondizio bakarra ipiniko nuke nik horretarako, baina bitan partitua eta berezia: kritikaren premian gara bai zaharrok eta bai gazteek. Zaharra ez da, zahar delako eta kito, errespetagarri; gaztearen iritziek ez dute, gazte baten ahotik edo lumatik jaiki direlako, amen-amenik merezi. Kritikaririk zorrotzenek ez dute, dirudienez, kritika ontzat hartzen beren edo kideen bizkar doanean. Ez luke inork, ez zahar ez gaztek bulda erosteko eskubiderik izan behar. Bulda, badakizu, orain herri euskararen aldekoek bula bihurtu duten hori duzu.
Euskal Herrigintzarako beharrezkoa zaigun elkartasunerako gainditu ezinezko tirabirak ahal ditugu?
Hitza ongi hautatu duzu: elkartasunaz ari gara eta ez ezinezko litzatekeen batasunaz. Are hobeki, elkarbideaz. Elkarbiderako nik ez dut ezin gaindituzko eragozpen eta debekurik ikusten. Horretarako bada, nik uste, ezin bazter daitekeen baldintzatxo bat. Egin dezagun kontu badirela gure artean sail eta talde bat baino gehiago. Aukeran, ugarixko ere badirela egingo nuke Eta sail bakoitzak baditu bere helburuak, bere interesak eta bere lagunak. Horien artean, gainera, nork bere hierarkia jakina finkaturik dauka, behin batean Elizak eta FE-k bakarrik erabiltzon zuten hitz horretaz balia banaiteke, eta batzuena ez da nahi eta ez besteena izango Muga hori da gainditu behar duguna eta horretarako nork non dagoen eman behar luke aditzera argi, garbi eta ozenki.
Geuron etxeari harrika harrapatuko ahal gaitu irekitasunak lekarkigukeen aldaketa garaiak?
Ez, baldinbere Teorikoek izan dute aldi gure artean, ez baitzen beste biderik ikusten zabalik, eta teorikoa esatea eztabaida, istilua eta saltsa esatea baizik ez da: zorioneko .printzipioak eta finak" dira jendearen ahotan dabiltzanak. Zuk hain poliki izendatzen duzun herrigintza hori, ordea, besterik da: hautabeharra; orain, hemen eta gai jakin honetan hautabeharra. Eta hautatzeko ordua datorrenean, zinetan hautatzekoa alegia, hor ikusiko zaharragoek maizegi ikusi duguna: otso goseak ardi otxan bihurturik, eta alderantziz. Izena, badakizu, ez da izana, eta izana ez da izena.
Zer diote kanpo aldean Euskal Herriaz?
Aski da entzutea eta, entzuteko modurik ez baduzu, irakurtzea. Aspaldi ez duela, aldameneko hauzoan zer gertatzen ari zon jakiteko, Paris eta Londres barrena (eta hori, onenok) ibili behar izaten genuen. Orain, berriz, Madril aldera jo behar, berri bila Bitartean, "gure" erdal egunkariak (euskal orri, zerrenda, mendiko oihartzun eta guzti) hor ari zaizkigu noiz alboka, noiz xirula, noiz adarra joaz.
Zer urrats eman beharko ditugu esku hutsik harrapa ez gaitzaten?
Hona premiazko iruditzen zaidan zerbait, eta ez da gehiegizko eskea. Nork geure inguruan eta ahal dugunaren neurrian behintzat, gogo-bihotzetan daramaguna aditzera eman behar genioke besteri, Josatateko bileraren begira egon gabe Uste dut, eta oker nabil agian, badela franko gure artean hain luzaroko hodei ofizialen ilunbeei ederretsi dielako edo, nahiago duena inoren iritziaren berri jakin, harrika nondik emango, berea jendaurrean argi eta garbi azaldu baino. Ez gara, dirudienez, elkarren fio. Gaitzak eta etsaitasunak, ordea, larritu eta gaizkoatu besterik ez dira egiten isilpean. Elkar hobeki ezagutu behar genuke eta noraezekoa da horretarako bata bestearekin mintzatzea. Badakit ez dagoela biderik aski elkar hizketarako, baina balia gaitezen bederen eskuan ditugun eta eskura ditzakegun bidexkez. Azkonean muturjoka ibili behar badugu, jakinaren gainean ibil gaitezen behintzat,
Zuri ere esan dizute, bada, gairik premiazkoenetan beti itzuri eta ibespide bila zabiltzala, pentsatzen duzuna kolkoan gorderik daukazularik.
Bai, horrelako zerbait entzuna dudala iruditzen zait. Lanbideak, noski, bestetara narama. Halaz guztiz, eta lanbidea lanbide, ez dut uste ditudan iritziak inori sekula izkutatu dizkiodanik. Ahal zitekeen neurrian, jakina. Ez hor eta ez hemen. Hori bai. Ni, linguistikaz kanpo, ez naiz teorikoa, eta linguistikan bertan ere ez gehiegi. Bestetan zorioneko "praxis" horren aldekoa naiz, burutik oinetaraino Horrela mintzatu behar da, ezta? Ea, bada, noiz mintzabidea bihurtzen zaigun jokabide.
Horrexegatik beragatik, bada galdera mota bat neure aldetik, ahal dudalarik, erantzunik gabe geldituko dena. Honelakoxeak, gora-behera, eta "herrigintza" aldera itzuliak: "Sutan daukazun etxean, lo daude lasai iloba ttikia eta amagiharreba ezindua Zein aterako zenuke lehenbizi?". Holakorik gertatzen denan, ikusiko dugu. Gerta daitekeena baita, besteak beste bat baino gehiago, haurra eta atsoa bertan behera utzirik, ihesi joatea sua itzaliko duen jandearen bila edo.
ERRIALDE
1