argia.eus
INPRIMATU
JUAN MARI IRIGOIEN
1974ko azaroaren 17a
Juan Mari Irigoien idazlearekin
JUAN MARI IRIGOIEN
Buruz baino gehiago senaz idazten dut nik
Nere etxeko leihoak askatasun bide ziren
Herria artaldez aldatu nahi ote dugun pentsatzen dut

Norbaitek jakin nahi badu Donostiako Altzan jaioa eta Oiartzunen bizi dena dugu Juan Mari Irigoien.
Ez da euskal letretan lehiatzen den injineru bakarra, ia bakarra bada ere. Ikastolan maixutzan lan egiten duen injineru bakarrenetakoa, ordea, agian.
Ez da makala "Sanse"ko futbolari izan zen mutil hau. "Hutsatik esperantzara" deitu poesiaz sartu du lehen gola poesi sariketan. "Irungo Hiri Saria" irabazi du, 75.000 pesetako saria hain zuzen ere.
Noiz hasi zinen, Juan Maria, idazten?
Hamaika urte nituela idatzi nituen aurreneko poemak. Gaztelaniaz egin nituen. Izan ere, orduan, ez zen ikastolarik. Erdaraz eman nituen, beraz, lehen urratsak. Horrela jarraitu nintzen hemezortzi urte arte edo. Geroztik dena, gutxi bada ere, euskaraz egina dut.
Etenik gabeko segida, izan al da zure lana?
Izaeraz edo eskarmentuz, agian, baina ni izatez "anarkiko" samarra nauzu. Bestela ere nahiko programatuak bagaudela uste dut. Buruz baino gehiago senaz idazten dut nik. Egunero baino, tarteka-marteka, une berezietan, idazte nahiago dut.
Zertan oinarritzen duzu "Hutsatuk esperantzara" deitu poema?
Txikitan, askatasun giro batean bizi izan naiz ni. Nere etxeko lehioak askatasun bide ziren. Nere haur ametsetarako ez nuen etxean oztoporik aurkitu. Irekia zen alderdi guztietatik nere jaioterri, Altza. Hor, zalantzarik gabe, nere askatasun zentzua erruz hazi zen. Baina gero "Colegio" hoietako batean hasi nintzen. Hezketa estu bat jasan behar izan nuen han. Halere seguru sentitzen nuen nere burua une honetan. Ni "hipersensiblea" naiz gainera. Zer sentiko duzu, bada? Hutsune haundi bat. Eragin gehiago ere badira, gun pentsatzen dut, baina beste artalderen batean sartuz, alegia. Eta, jakina, gu geu artzai izanaz, ez noa nere bizitza kontatzera. Hutsune haundi bat nioen, bai... Bapatean mundua hankaz gora jarri balute bezala. Nere dogmak dogmakeria bihurtu ziren, eta gizona zulo haundi batean bilakatu. Baina ez nintzen hor geratu. Bizitzeak merezi duela deritzat. Esperientzia baikorrak sortzen dira eskarmentu ezezkor horren ondotik. Honek, berriz, esperantzarako bidean jartzen nau. Zer nahi duzu...?
Herrikoia al da zure poesia?
Beste galdera bat egin nahi dizut erantzun baino lehen: zer esan nahi du "herrikoiak"? Gaur hitz asko egiten dugu Herriaren izenean. Herria, berriz, mutu. Nik ezin dut herriaren izenean hitzik egin. Ni herritarra naiz, baina ni ez naiz herria. Herria teoria mailan jainkotu egin dugu, baina errealidadean bost axola Herria gurekin konforme ez dagoenean. Herria artaldez aldatu ote nahi du noski. Dogma berriak jarraitzen zaizkie lehengo Eliza eta dogmei. Sloganak, manipulazioa, dogmakeria. Gaur denok dugu arrazoi eta trikuaren antzera geuron larru zorroan biltzen gara. Zail egiten zaigu elkarrizketa. Eta hau beharrezkoa iruditzen zait.
Badirudi pesimista zarela.
Neretzat, bizitza ez da lerro zuzen bat, ezta zirkulo bat ere. Neretzat bizitza espiral bat da. Gizonaren mugak gaindituak izango direla horregatik pentsatzen dut Ezin naiteke pesimista izan, beraz
Zer eman dizu sariketa irabazteak?
Poz haundi bat, konfiantza. Baina ez dut uste horrek, funtsean, nere izaera aldatu duenik.
Sariketaz ari garenez gero, zer egiteko dute euskal sariketek?
Zer esanik eta zer adieraztekorik baduela uste izaten du idazten ari denak. Komunikazio horretara iritsiko bada jendeak irakurri egin behar du. Jendeak irakurriko badu, berriz, liburuak argitara behar dira. Hauxe da neretzat sariketek duten zeregin bikaina: idazle berriak sor eta beroien idazlanak argitara.
Zer iritzitan duzu gaurko euskal literatura?
Ni ez naiz kritikoa. Halere zertxobait esatera behartua nago hasera ez zaitezen. Landu gabe dagoela uste dut euskal prosa, hori asteko. Baina, izenik aipatu gabe, bada horretan lanean zintzo ari denik. Poesia, berriz, landuagoa iruditzen zait, euskal literaturaren alderdirik landuena. Ikusten duzunez ez naiz oso zehatza. Hain zuzen, kritika alorrean, zeregin haundia dago. Kritika zehatz baten beharrean gara.
Entzun dudanez baduzu libururen bat ere idatzia.
Badut bai, poema hauen aurretik, nobela bat egina. Argitaldari baten eskuetan jarria dut. Ikusiko dugu. Badut beste nobela bat ere buruan. Gizon baten bizitzako gorabeherak agertu nahi nituzke giro estu eta dogmatiko hau oinarritzat harturik. Ea noiz hasten naizen...
Juan Marik ez luke gaurregur gurpil presatiak azpian harapatzerik nahi. Halere presaka dabil Juan Mari. Zai dauzka ikastolako haurrak. Hor zerbitzatuko duela uste du Herria, une honetan, ondoen Ikastolako kaiolak bahitu du askatasuna maite duen Juan Mari.
Badute haurrek irudimena. Ez dugu uste Oiartzungo haurrek irudimena antzutuko diotenik Juan Mariri. Lan oparoa eta joria eman diezalola Euskal Herriari Altzako poeta berri honek.
ERRIALDE
Joan Mari Irigoien
1

Gaiez\Kultura\Literatura\Idazleak\IRIGOIEN1
Pertsonaiaz\IRIGOIEN1
Egileez\HERRIALDE1\Kultura