"Irun Hiri Saria" irabazi du Joxan Mauxikak
JOXAN MUXIKA
-Prosa egiteko dago oraindik, neurri handi batean behintzat
-Itzultzaileen lana beharrezkoa da edozein kulturatan
-Idazlanak aztertuto dituen kritika bat beharrezkoa zaigu
"Irun Hiri Sari"ko saria irabazi du, oraindik orain, Joxan Muxikak, ipui sailean, "Ez duk balio" ipuiaz. Nahiz eta Z. Argiako idazle izan, euskal letren plazara, askorentzat, sari honen bidez atera dela esan dezakegu.
Nahiz eta Donostiako Herreran jaio eta hazi ez dio etxean irakatsi zioten euskarari muzin egin. Gero eta gehiago lantzen eta sakontzen ari da.
Zenbait jendek izan du kanpoko hizkuntzak ikasteko astia, baina ez du izan berea, euskara, ikasteko eta lantzeko betarik. Joxanek, aldiz, gaztelania, frantsesa, italianoa, ingelesa, latina, grekoa, ebreoa, ugaritikoa, alemana, eta arabea ikasiarren izan du euskara ikasteko eta lantzeko denbora. Ez du euskararik saldu beste zenbaitek bezala.
Pentsatzaile ona da Joxan. Berezko senaren lagungarri izango ditu, noski, filosofi ikasketak. Euskal literaturgintzari buruzko gogoetan murgilerazi nahi genuke. Ez dakit, neure galderek, horretarako biderik emango dioten ala ez.
Ipuin sariketa batean saritua zaitugu, Joxan. Beraz, bi mintza-gai baditugu horretan: sariketei dagokiena bat eta ipuingintzari buruzkoa bestea. Has gaitezen lehenengotik: zein da, zure ustetan, literatur sariketen egitekoa?
Hara, hitz batean esango dizut: zuzpertu. Gure artean era desberdinetako sariketak baditugu. Batzuk eratzaileen aldeko propagandari begira daude batik-bat; besteak, ordea, erabat literaturaren zerbitzura emanak daude. Baina denek, era batekoek nahiz bestekoek, zerbait izan behar badute, zuzpertzaile behar dute izan. Jende berria, editorialetan ezezaguna, lanean jarri behar dute eta lehengoa beren lanean adoretu. Gure literaturaren bete beharrak beteko dituen jendea zuzpertu behar dute.
Bete behar horien artean ipuingintzak ere baduke bere lekua, noski.
Bai, dudarik gabe. Begira, gauza ezaguna da gure prosagintzak ez duela gure poesigintzaren mailarik lortu. Bultzada eman behar zaio prosazko literaturari. Eta hor sartzen da ipuingintza ere...
Bego, baina zer da berez ipuina?
Izen horren azpian literario mota desberdinak sartu ohi dira eta askotan jendeak ez ditu ondo berezten. Hasteko, hor daude haurrentzat fantasiaz asmaturiko kondakizunak. Hauek beren funtsa izan arren, askotan mespretxuz hartzen dira, batere garrantzirik ez bailuten. Gero, folkore mailan, hor daude gizaldiz-gizaldi herriak kondatu dituen istorio-misterio eta leyendak. Hauek, normalean, aho literaturari lotuak daude eta garrantzi handikoak izaten dira herrien arima ezagutzeko. Horretan aberatsa dugu geure herria. Baina bada beste hirugarren mota bat ere: narrazio laburra, nobela txikia edo horrelako zerbaitez adierazi behar genukeena. Gaur-gaurko literatura da eta ez bereziki haurrentzat egina. Nobelagile famatu askok landu duen jeneroa da hau. Baroja, Böll... mila aipa litezke.
Zertan datza mota horretako ipuinen funtsa?
Nire ustez, ipuinak gizartearen edo-ta gizonen egoeraren adierazgarri izan behar du. Fantasiaz asmatua, behar bada, eta estiloz idatzia, baina ez denbora-pasa hutserako. Bere laburrean ere, iraakurlearen barnea hunkitu nahi duen gizartearen edota gizonen ispilu behar luke izan. Ez ditu derrior, hori ez, gauzak diren bezala markatu behar, erretratu literario bailitzan, baina ezin du, eztare, gizonekiko loturarik galdu. Halakorik, tamalez ez da gehiegi egin gure artean.
Bai, lehenago ere esan duzu gure artean prosak ez duela poesiaren mailarik lortu. Zergatik ote hori?
Begira, beharbada gehiegi aztertu gabe esango dizut ondorengo hau, baina ez dut uste egiatik oso urrun dabilanik. Gaur egun, gure artean, saiakera asko idazten da eta, arlo honetan, taldeetan banaturik azaltzen da gure liburugintza: talde bakoitzak bere influentzi ingurua du eta horretara lehiatzen da gehien bat. Kreaziozko literatura, berriz, eskasagoa dugu. Eta poesia hor nonbait. Baina prosa (ipuin, nobela, historia, biografiak...) egiteko dago oraindik, neurri handi batean behintzat. Eta, haatik, beharrezkoa dugu, poesia bera baino beharrezkoagoa behar bada. Gaur, euskera literarioaren inguruan dabilkigun borroka honetan, nahi eta ezkoa dugu prosazko tradizio sendo bat osatzea. Irakurlego zabal eta gure kulturaz jantzitak bat osatu nahi badugu, prosazko liburu irakurgariak eman behar ditugu argitara. Egungo prolematikari lotuak, gaurko egoeraren adierazgarri direnak. Minorietatik irten nahi badugu eta gerorako oinarri sendoak finkatu nahi baditugu, hortik jo behar dugu derrior. Zuek ere, periodistok baduzue alderdi horretatik zer egin franko. Ari zaretela ere aitortu behar zaizue.
Prosazko literatura landu behar da, beraz, zure iritziz. Eta zerbait ere egiten da, noski. Baina zar gehiago egin dezakete liburu argitaratzaileek beren eskuetara lanik iristen ez bada? Nobelagile gutxi eta nobela asko, hori ez da posible.
Hara, zulatuz-zulatuz, sakoneraino iristen ari gara. Zure galdera horri honako beste galdera hauekin emango nioke erantzuna: eta nola arraio sortuko da, bada, nobelagilerik horretarako girorik egiten ez badugu? Berez eta mirari harrigarriz sor daitezela nahi ahal dugu? Begira, politiko, ekonomiazko eta gisa honetako beste baldintzak alde batera utzita ere, programazio jator baten beharrean gaudela deritzat. Giroa sortu beharrean garela, alegia. Jendea idazten eta irakurtzen jarri beharra dago. Errazenatik hasita, jakina.
Eta zer da, zure ustez, errazena?
Nik sariketa honetan egin dudana, adibidez. Ipuin labur bat. Nobela luze eta sakonik idaztea ez zitzaidan sekula bururatuko. Horretarako luma trebatua izan behar da. Narrazio laburrak, ordea, hasera egokiak dira bai idazle eta bai irakurleentzat ere. Sariketa eratzaileek gogoan hartu behar luketen gauza da hau. Baina bada beste zerbait eta garrantzi handikoa gainera. Gu ez gara eremu bakartian edo eta urruneko uharte batean bizi: sartaldeko kulturan murgilduak bizi gara. Zer oztopo dago, beraz, kultura horretako liburu interesgarrienak euskaratzeko? Gaur egun, edozein herri beste herrien kulturarekin harremanetan bizi da: itzultzaileen lana beharrezkoa da edozein kulturatan. Kreaziozko lanik ez denean, itzulpen lanak ez dira,behar bada, hain gaizki etorriko.
Beharrak behar, kritikoen beharra ere bada, ez dea?
Horixe baietz! Liburuen presentazio hutsak ez dira nahikoak. Gure idazleen obren tendentziak, joerak, ideologiak, formak, teknikak, eboluzioa etab. aztertuko dituen kritika behar dugu. Taldeak eta eskolak -edo, gutxienez, joerak- ahal den neurrian aztertuko dituen kritika beharrezko zaigu. Goi mailako eskolek eta aldizkariek badute hor nahiko lan. Gaur-gaurkoak aipatzekotan, Juan Mari Lekuonaren "Muga beroak" ez ahal du azterketa sakon bat merezi? Eta Anjel Lertxundiren nobelek? Eta beste idazleenak ere berdin. Kritika sakonak agertuko luke, behar bada, balioko lanik ere badela gure gaurko literatura eskas horren barruan.
Ariaz-ariaz, Joxan, hitz handitan sartu gara eta saritu duten zure ipuina urrunsko gelditu zaigu. Nola klasifikatuko zenuke zuk zeure ipuin hori?
Zaila da, noski, nork bere lanen juizioa ematea. Hara, azken aldiko gure nobelagintza sinbolismora emana ikusi dut. "Ajea du Urturik", "Gatu beltza" eta "Haurgintza minetan" liburuetan, batez ere, nabarmen da joera hau. Gure herriaren egoera zenbait sinboloren bidez adierazten dute. Behar bada, herria abstraktoki hartzen da nobela horietan. Eta uste dut herri honetan bizi diren gizaki konkretoen egoera, sikologia etab. ere adierazi behar direla eta margotu gure literaturan. Ni behintzat, neure neurrian, horretan saiatu naiz: kontradikzioz betetako gure gizarte hautsi honetan maiz eta franko askotan azaltzen diren sikologia frustratu horietako bat margotzen saiatu naiz. Nahi eta ezinaren sikologia. "Balio ez duen" baten sikologia. Teknika oso erraz eta sinplea erabiliaz, gainera. Oso lan sinplea eta erraza da, benetan. "Amateur" baten lehen lana.
Lehen lanak segida behar.
Agian izango du...
Lanpetuegia dago, zoritxarrez Joxan idazle bezala lan egin dezan. Lehengo lanak aski ez balitu bezala, ikastolara deitu diote, titulodun baten beharrean aurkitzen direlako.
Halere asko dezake Joxanek. Ez dugu uste geldirik egongo denik. Idazteari lotuko zaiola uste dugu.
ERRIALDE
Joxan Muxika
12
GaiezKulturaLiteraturaSariakIrun Ipuin
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakMUXIKA1
PertsonaiazMUXIKA1
EgileezHERRIALDE1Kultura