argia.eus
INPRIMATU
IRUINEAKO SAN FERMIN IKASTOLA
1974ko urriaren 27a
San Fermin ikastolako Jesus Atxa zuzendariari elkarrizketa.

IRUINEAKO SAN FERMIN IKASTOLA
Euskal giro haundia dago Nafarroan. Jesus Atxarekin solasean
Gero eta gehiago ohartzen ari da Nafarroa bere euskal izateaz. Izan ere badu euskarak Nafarroaz berjabetzeko eskubidea. Artzainen antzera mendian bildurik geratu zaio.
Baina ez du bere hizkuntza zaharra galtzerik nahi. Berpizt dadila nahi du berriz ere, galdurik duen lekuetan. Ikastola dugu berpizte horren ezaugarririk eta nahirik nabarmenena.
Nafarroak duen ikastolarik haundienari ondora hurbildu gatzaizkio jakinminez. San Fermin ikastola deritza. Zizur-en "Verbo Divino" deitu mixiolariek duten etxean dago kokaturik.
Bazkal ordua da nonbait. Zazpiren bat autobus datoz haur bila. Andereñoek lagundu diete haurrei autobusean sartzen txikiei behintzat. Ez dut sail haundi baten argazkirik ateratzerik izan. Gelaka eta tantaka bezala irteten zuten atarira.
Telebistakoak zituzten etortzekoak eta telebistakoren bat ote naizen galdatu didate. "Ez, Zeruko Argiarako" ditut, erantzun diet. Penaz entzun dutela nere erantzuna uste dut. Arraio pola, ikastolaren barruan ere hautsi behar ote gaitu!
Jesus Atxa dugu Ikastola honen zuzendari. Atzera eta aurrera dabil umean emanari begira. Halere ez digu elkarrizketarik ukatu. Bazkal orduko atsegintxoa eta atsedentxoa hondatzeko haina kopeta izan, nonbait, guk ere.
-Ikusten dudanaz ikastola haundi bateko zuzendari zaitugu. Nola eraturik duzue?
-S. A. bat sortu zen lehenik hamabiren artean. Hori izango zela legeztatzeko biderik azkarrena pentsatu bait zen. Hamabi hoiek dira, beraz, legez ikastolaren erantzunkizuna dutenak. Baina bazekiten herriaren ordezkari batzuk besterik ez zirela eta beste hamabi aukeratu ziren gurasoen artetik eta beste zortzi edo bederatzi irakasleetatik batzorderako. Hogeita hamabi edo hogeita hamairu hoiek osatzen dute hemengo "heziera batzordea". Denek dute hitza eta hautarkia. Baina azkenean legearen aurrean hamabi akzionista hoiek izango lirateke erantzunpidearen jabe. Horregatik lehengo ikastaroaren bukaeran egin zen batzarre nagusian guraso guztiak akzionista egiteko erabakia hartu zen. Guraso bakoitzak bostehuna pezetako bi akzio izango ditu. Guraso denen artean aukeratuko dute, beraz, laster batzorde berria. Kooperatiba moldetan ibiltzea da denon gogoa. Agian, legez ere kooperatiba bihurtuko gu egunen batean.
-Zenbat ikastola da Nafarroan?
-Hemeretzi uste dut. Altsasun, Olaztin, Lekunberrin, Urdiainen, Lakuntzan, Etxarri Aranazen, Leitzen, Olaguen, Tafallan, Otsagin, Lizarran, Iruinean bi, Beran, Lesakan, Zubirin, Elizondon, Jaurrietan, Jaunsarasen. Beste bost, berriz, datorren hilean irekiko dira: Irurtzunen, Betelun, Donezteben, Arbizun eta Auritz-Berrin.
-Zenbat haur dabiltza bataz beste denetan?
-Herri txikiak dira Nafarroan. Herri haundi asko da Gipuzkoan, baina hemen ez. Haur gutxiko ikastolak dituzu, beraz. Legeak, berriz, haur kopuru haundi samarra eskatzen dizu legeztatuak izango baldin badira. Datorren astean irekiko den Espinaleko edo Auritz Berriko ikastolan hamabi bakarrik dira hiru urtetatik sei urte bitartekoak. Estaduaren eskolak ere bailaraka pilatzen ari dira. Guk ez dugu horretarako indarrik. Inon egitekotan "Sakana" aldean egin daiteke. Ezin legeztatu ditugu herri txikietako ikastolak. Gurasoek, berriz, behin sei urtetatik aurrera Estadaduaren eskoletan sartzen dituzte beren haurrak zorioneko"kartillak" mugiturik. Halere aurrera joko dugu. Gero gerokoak.
-Bai al duzue Diputazioaren babesik?
-Bada ikastolen aldeko jenderik Diputazioan. Baina denek ez dute berdin pentsatzen. Aldeko hoiei esker egiten da egiten dena ere. Sei mila pezeta eman izan ohi ditu hilero herrietako andereño bakoitzeko. Aurten hamar milaraino jasoko ote duen itxaropena dugu. Iaz guri milloia pasatxoa eman zigun. Baina ikastaroa hasi eta handik oso gerora jakiten dugu, urte hartan zenbat emango digun. Ikastaroaren haseran jakin beharko genuke guk ere geuron kontuak atera ditzagun. Diputazioan ere denetarik dago. Halere Nafarroako Diputazioa da txapeldun. Hor nonbait hartzen du, zenbaitek, gauza hauek euskaraz mintzatzen den herrietan egitea, baina ez du onartzen erdara jabetu den herrietan egiterik. Aurten bertan Lizarran egin nahi zen ikastolen eguna, baina ez da hori lortzerik izan. Jende ona bada, baina borroka gogorra egin behar izaten du zerbait iritxiko badu.
-Beste inon ez duten eskubidea dute Nafarroako Udaletxeek herriko maixua aukeratzeko garaian.
-Paperean bai, baina ezer gutxi egiten da horretan. Gutxi arduratzen dira arlo horretan herrietako alkateak. Halere bada Estaduaren eskoletan euskal maixurik. Euskal maixu jatorra dagoen herrian euskaraz mintzatzen dira haurrak ere.
-Nafarroako gotzaiek euskararen ardura badutela dirudi. Nola hartu du herriak eta nola hartu dute elizaren ikastetxeek?
-Herriak oso ondo hartu du. Euskal giro haundia dago herrian. Jende asko ari da euskara ikasten "Arturo Campion" deitu akademian bertan 290 gazte dabiltza euskara ikasten. Jesuitetan ere badira euskarazko saioak. Baita "Eskolapioetan" eta "Los Amigos del Pais"en ere. Leku gehiagotan ere ematen dira. Giro haundia dago. Giroaren ondotik dator, beraz, gotzaien agiria. Giro honen onespena dela dirudi. Eskertzekoa da. Halere ez du uste zenbait moja-ikastetxetan jaramon haundirik egingo zaionik.
-Zenbat haur eta irakasle duzue San Fermin Ikastolan?
-675 haur eta 29 irakasle gara. Urtero 100 berri sartzen dira. Lekurik gabe geratzan ari gara.
-Nola lotzen dituzue irakaskintza eta heziera ikastolan?
-Zaila da erantzutea. Ez dugu bide jakinik. Irakasle gehienak gazteak dira. Aldaketak ere asko izan ohi dira. Talde elkartu bat osatu behar dugu lehenik irakasleok. Bestela ez dago lanik egiterik. Ez irakaskintza mailan eta ez heziera arloan. Elkarren osagarri dira biak Halere nortasun eta izaera berezi bat dute gure haurrek. Beste ikastetxetan dabiltzenak baino helduagok direla uste dut. Izan ere konfiantza eta askatasun giro haundiagoan hazten dira. Gogorkeria eta zigor gutxiago erabiltzen da. Baina nonek ez du esan nahi bakoitzak nahi duena egin behar duenik. Errazkerian erortzeko arriskua dugu denok.
-Nola daude jakite mailan?
-Ondo. Agian, hizkuntza alorrean aurkitzen dira nagienik. Ezta harritzekoa. Bi hizkuntza landu behar dituzte batera. Ehunetatik larogeita hamabost euskaraz ez dakiten familietako haurrak dira. Baina beste gaietan ez diote beste ikastetxetakoei zorrik. Burua askatuagoa eta zorroztuagoa dutela uste dut hemengo haurrek. Beste ikastetxetan jasotzen ez duten euskara eta euskal nortasuna jasotzen dute gainera.
-Sortzen al die haurrei euskaraz eta erdaraz iharduteak atzerapenik?
-Horretaz asko pentsatzen dut. Gehienek ondo gainditzen dute zailtasun hori. Sei edo zazpi urterekin egoten dira hutsunerik haundienean. Ez euskaraz eta ez erderaz dakite beren barrua azaltzen. Une hori iritxi baino lehen irakurtzen eta idazten ikasirik egon daitezela nahi izaten dugu guk. Lan hori, bederen, eginik eduki dezatela garai horretarako, nahi izaten dugu. Halere urtero izaten dira lau edo bost haur zaputzaldi gogorra harrapatzen dutenak. Bakartzen hasten dira. Beren buruak gutxiesten. Babes eta laguntza berezia zor zaie orduan. Honelakoetan andereñoa bera joan ohi da egun batzuetan haurraren etxera. Etxekoekin batera bizi ohi da. Haurrak bere gurasoen lagun dela ikusten du andereñoa. Konfiantza hartzen du. Harro etorri ohi da haurra ikastolara andereñoa bere etxera joaten delako. Berehalaxe sartzen da berriro lagunartean. Azkar joaten zaio zaputzaldia. Berehala aldatzen da.
-Bai al dute Nafarroako ikastolek elkarrekin harremanik?
-Lanean elkartuko gara. Bakoitza bere buruzpiderik harriegarrien eta aurrerakoiena agertuz joaten denean, zatiketa besterik ez da sortzen. Zenbat buru, hainbeste aburu. Premiak eta hoiei erantzun beharrak elkartzen gaitu. Gero eta elkartu behar haundiago sumatzen da. Ari da elkartasun bat sortzen piskana piskana.
-Zer asmo dituzue eskuartean?
-Ez dakigu iritsiko dugun ala ez, baina gu BUP eskatzera goaz. Lekuaren buruhaustea ere haundia dugu. Hau "Verbo Divino" deitu mixiolariena da. Hiru besterik ez dira bizi. Badute Unibertsidadean ikasten ari direnentzat Egoitza bat ere. Geuk hartu eta erabili nahi genuke etxe osoa. Gauza askotarako jar daiteke. Ikasten ari diren gazteentzat egoitza bihur daiteke. Amets hutsetan geratuko ote gara?
Arratsaldeko ordubiterdiak dira. Tripan zorriak egin zaizkit oraintxe. Jesusi ere bai, noski. Goseak ez da lan onik egiten Jesusek bazkaria; eskaini dit. Ez dut gelditzerik.
ERRIALDE
12

GaiezGizarteaIrakaskuntzEskolakIkastolakIkastolak
PertsonaiazATXA1
EgileezHERRIALDE1Gizartea