argia.eus
INPRIMATU
TXOMIN IZAGIRRE
1974ko urriaren 13a
Txomin Izagirre,Gipuzkoako Ikastolen Elkarte-Batzaren idazkariarekin
TXOMIN IZAGIRRE
Gipuzkoako Ikastolen Elkarte-Batzaren idazkari
Ez dugu zein den eta nolakoa den esan beharrik. Oso ezaguna da ikastola inguruan eta astekari honen irakurleen artean. Lau urtez lan egin du ikastolen zerbitzuan eta Elkartearen idazkaritzan.
Oreka, egonarria, patxada eta zentzua eskatzen ditu gaurregun honelako lanbide batek. Motelegi ibiltzeak hainbat honda dezake presakaegi ibiltzeak.
Heltzen utzi behar zaio uztari. Hori bai, gure esku dago askotan, heltzeko behar duen giro ona sortzea. Baina giro on hori sortzen ez dugun bitartean, alferreko eta kaltetarako dugu, uzta biltzea eta lurra aztakatzea eta zapuztea.
Laster idazkaritza utzi behar duen Txomini hurbildu gatzaizkio ikastolen Elkarte edo Erakundeari pultsua har diezaziogun. Berau izan dugu Elkarte hau sortu zernetik gaur arte beronen lanen eta jokabideen lekuko.
Zer diozu Gipuzkoako Ikastolen Elkarte-Batzaz?
Izan ditu eta baditu orain ere bere akatsak eta hutsuneak. Elkartean dauden ikastolen zerbitzuan ihardun behar du. Ez da erreza zerbitzu horrek eskatzen duen oreka eta langiroa sortzen. Elerrian dabiltzan zurronbilo guztiek erasotzen diete. Erraz pizten dira elkarren indarrak desegiten dituzten tirabirak. Denbora asko gal erazi digute ika-mika hoiek. Enbata eta ekaitz gogor asko jasan eta garaitu behar izan du Elkarteak. Baina elkarturik eta batera lan egin behar dute arlo askotan ikastolek. Beharrezkoa zaigu erakunde bat, Euskal Herri osora zabalduko den erakande indartsu bat.
Zerbait jakina eta mugatua erantzun diezadazun, zer egin du Elkarteak aurtengo urtean?
Zerbitzu txiki asko pilatzen da urtean zehar. Lan asko dago. Ezin iritxirik gabiltza. Baina aurtengo urtean hiru ekintza haundiri eman zaio hasera. Oso pozik bidaltzen dituzte guraso gehienek beren haurrak ikastolara. Baina askoren barruan kezka hau zegoen: "ikasten ote dute gure haurrek? Beste mailatako ikasketak egiteko gai egingo ote dira?". Ez gintezkeen itsu-mustuan ibil. Hiru sikologok ikastoletako haurren jakitate maila aztertu dute. Zorionez oso ondo daudela ikusi dugu. Jakin beharrekoa zaigu gerorako erabakiak har ditzagun ikastolak ugaltzen ari diren ala ez eta ikastolako hexiera amaitutakoan zer bide aukeratuko duten gure haurrek. "Siadeco"ren esku utzi dugu alderdi hau. Eskola-liburuen beharra ere ikaragarria zegoen. Lan asko egin da behar honi erantzun nahiaz.
Eskola-liburuen premia aipatu didazu Horretaz kezkaturik eta zerbait egiten ari den jenderik ere bada. Zergatik erdal testoak euskaratzeari ekin diozue?
Euskaldunok, eta euskal pentsaeraz eta izaeraz, eginiko eta eratutako eskola-liburuak nahi ditugu geuk ere. Ez diagu horretan inori oztoporik jarriko. Horretara eragin nahi genieke hortaz kezkaturik eta arduraturik dauden guztiei. Baditugu horretan diharduenekin harremanak. Baina hori luze joko duen eta ondo egin behar den lana dugu. Ez daiteke bizpahiru lagunen esku utz gainera. Jende askeren iritziak haintzakotzat hartuz egin behar da. Euskaltzaindiaren, irakasleen, gurasoen eta abarren oniritzia behar dutela uste dugu ikastoletako eskola-liburuek. Eman dezala bakoitzak berari dagokion alorrean bere oniritzia. Bien bitartean hutsunea nolabait betetzearren erdal testoak euskaratzeari ekin diogu. Eta euskaraturik daude.
Noizkorako izango dituzte haurrek eskuetan?
Uste baino luzeago joko du noski, denak inprimatzeak. Zirika ari den norbaiten jokabideak ez ditu gauzak bat ere hobetu. Oraingoz multikopiaz aterako ditugu. Eguberriak arteko materiala behintzat. Euskaltzaindiak ere bere denbora behar du lanak orrazten eta zuzentzen. Guk, berriz, ez diogu ikastolari ezer eskaini nahi Euskaltzaindiaren oniritzirik gabe.
Zer dela eta horrenbesterainoko begirunea Euskaltzaindiari?
Euskal Herriak ez dezake iraun erakunde batzu gabe. Euskara mailan, dagoena, nahi dugu indartu. Ez dugu hoberik ikusten. Irakaskintzan ere horixe berbera lortu nahi genuke. Beste hainbeste egin behar dela uste dugu beste alor guztietan ere. Guk Euskaltzaindiaren nortasuna eta itzala haintzakotzat dauzkagu. Talde gehiegi eta zatiketa gehiegi dauka lehen ere gure herriak gauza onerako. Guk ez dogu edozein euskara nahi eta bide batez Euskaltzaindiaren nortasuna aitor eta indarrerazi nahi dugu.
Badirela beste itzulpen batzuk eta zuek "itzulpenaren itzulpena" egin nahi izan duzuela irakurri dut oraindik orain?
Herri bakoitzeko ikastolak bere bidea hartua eta erabakia dauka euskara kontuan. Gehienek Euskaltzaindiak markatutako bidea hartu dute. Eskola-liburuetarako egin zen bileran bi ikastolek bakarrik eskatu zuten euskalkietan eginak izan zitezela. Halere bi joeratakoei eskeini genien laguntza. Inor ez dezakegu batzer. Are gutxiago gehiengoa. Eta biak egiteko moduan ginen, ANAIA argitalpena presta bait zegoen horretarako. Ez da, beraz, egia "geiegikerietan dirua erretzea" dela. Guk ez genuen gehiangoa zerbitzurik gabe utzi nahi.
Beharrezko lanak egiten ari zarete ezpairik gabe. Baina irakaslea da zenbait gauzatan ikastolaren ardatz. Zer egiten du Elkarteak maixugaiak euskalduntzeko?
"Egoitza" bau hartu zuen orain dela bi urte horretarako. Baina honelako egoitza batek gure esku ez dauden erantzunkizuna eta ardura eskatzen ditu. Horren ordez 7.500 pezetako 15 beka emango dizkiogu maisu-ikasketak hasi dituenari. Horretarako herriko edo bailarako ikastolaren idazkariak izenpetutako agiria ekarri beharko du. Ikastolan lan egiteko hitza eman beharko du maixutza buka dezanean.
Ikusten denez, asmo ederrak dituzue buruan eta lan haundiak eskuartean. Nondik sortzen duzue dirua?
Herri bakoitzeko ikastolak ematen dio Elkarteari zerbait. Ez denek, noski. Atzeraturik ere badabil zenbait. Dirua behar du Elkarteak zerbait egingo bada. Badakigu ikastola bakoitzak nahiko lana izaten duela urteroko zorra edo koska berdintzen. Halere zerbitzu hauek denak nahi baditu nahitaez luzatu behar dio eskua Elkarteari. Baina beste diru-iturri batzuk ere aurki nahi genituzke. Dirua ematen ikasi behar dute euskaltzale dirudunek. Hasiak gaude ate joka.
"Talde Bateragilea" deitzen diozue ikastolen Elkartearen batzordeari. Urtero berritzen da gainera, ikusten denez. Zer eskatuko zenioke batzorderako aukeratzen den ordezkariari ?
Bailaraka eta urtero berritzen dira "Talde Bateragile"ko gizonak. Lanerako era eta gogoa eskatuko nizkioke horretarako aukeratua denari. Lan asko dago egiteko. Arretaz eta gogatsu hartu behar da kargu hau. Jai egunetan edo gauetan eta sarri izan ohi dira bilerak. Ez da norbait aukeratu behar dela eta nolanahi aukeratu behar. Horretarako egokien dena hautatzen saiatu behar da. Udazken honetan berrituko da batzorde hau. Eginkizun eta erantzunkizun honetaz jabetzea nahi genuke ikastola bakoitza. Lanari, familiari eta lagunarteari ordu asko kentzea eskatzen du hemen iharduteak.
Azkeneko galdera, Txomin. Uztera omen zoaz idazkaritza. Zer eskatuko zenioke ondorengoari?
Direnak direla "Talde Bateragilekoak", gehiengoaren iritzia errespetatzen jakin dezala.
Eskerrik asko, Txomin. Urte zailetako eta bihurrietako idazkaria izan zaitugu. Buruhausteak buruhauste eta nekeak neke Elkarteari iraun dezan lagundu diozu. Irakaskintza mailan herriak erakunde bat izan dezan ahaleginak egin dituzu. Inork eskerrik askorik eman ez badizu ere, jaso zazu Errialderen esker ona.
ERRIALDE
1

Gaiez\Gizartea\Irakaskuntz\Eskolak\Ikastolak\Konfederazi\Besteak
Pertsonaiaz\IZAGIRRE3
Egileez\HERRIALDE1\Gizartea