Martin Ugalde idazleari elkarrizketa.
MARTIN UGALDE
Elkarrekiko arremanetan jartzeko garaia eldu zaie taldeei
Jo-muga direnak bide-uts direnetatik berezi behar dira
Bere bi liburu hauek -"Hablando con los vascos" eta "Síntesis de la historia del País Vasco"- izan duten arrakastak eraman gaitu Martin Ugalderengana.
Ez zaigu erraza gertatu Martinen etxea aurkitzea. Donibane Lohitzungo Urdazuri auzoan bizi da, ibai ondoan. Hortxe kokatu behar izan du Venezuelatik erri-minez etorri zitzaigun Martinek.
Alabatxo txikienak ireki digu atea. "Txiki" deitzen dio aitak. Idatzi eta idatzi ari zen Martin.
Berehalaxe sartu gara elkarrizketa jorian. Gure herriko giroaz zer pentsatzen duen jakin nahi genuen atzerrian ibili den gizon honen ahotik.
Itxia ala irekia ikusten duzu euskal gizartea?
Bitarteko aukerarik uzten ez badidazu: itxia.
Nola ikusten duzu itxia etxe-barruko dugun gure giro hau?
Hara, aspaldi hontan, kanpoko giroa eta barruan beharko luketenak berezi-ezinezkoak jartzen ari zaizkigu, izan ere batzuk eta besteak, denok gurutzaturik bizi gara. Noski, oso ondo babesturik dauden errien artean gu osorik zurtz aurkitzen gara; gure erriko eremu hontan, giroak agintzen duen bezala daude gauzak; bestela gertatzea, milagro litzateke. Geronez elkar egiteko ditugun itzak zapuztu eta elkar burrukatzeko ditugunak zorrozten ahalegintzen bagera, ondorenak txarrak izan behar: milagroa, alderantziz gertatzea litzateke. Beti ohi den bezala, gizonak kasu hontan ez du kanpokoa arerio bakarra, guretako bakoitzak arerioa bere baitan du; askotan, maizegi, bakoitzak geure barruan daramagun banderizo hau ateratzen zaigu, eta, are gehiago, batzuetan jakinean, anaia den inoren aurka xaxatzen ere badakigu.
Eta gure erri honi kanpotik begira jartzen bazatzaizkio, nola ikusten duzu?
Kanpotik, diozu... Nondik? Gure erritik kanporako mugaketa-neurriak badira. Munduan zehar erri bezala antzinatik ongi artuak izan gara, gure aurrekoen merezimenduei esker noski; eta gaurko ekintza-neurriz ere aintzat artzen gaituzte; gehienetan (eta orain gaurkoaz ari naiz) gure ekintza edo erantzun-bideagatik da, eta ez, behar litzateken bezala, sort-neurriagatik. Badugu, bai, izan, Oteiza aundi bat, eta Chillida bat ere bai, gure emaitza erakusteko; baina Euskalerriak ez du gure gaurko ukabil-esku gogorra besteko bat ematera zabaltzeko behar duen hainbat askatasun. Mugaketan mundu zabaletik gure erriak gaur dituenetara bazatoz, berriz (eta agintariez kanpo, noski) erriek berek errespetatzen gaituzte, askotan gure erri-arazoa behar bezain ongi ulertzen ez badute ere.
Uler-bide bezala asmatuta egin dutuzun zure azken bi liburu hoiek arrakasta aundia izan dutela dirudi.
Bai, eta poztu ninteke hontaz. "Hablando con los vascos" lehenengoa, agortua da, eta bigarrena, "Síntesis de la Historia del País Vasco", ere bai. Azken hontatik Donostriako liburu-denda bakar batean mila ale saldu direla esatea nahikoa da. Bigarren agerraldia prestatzen ari dira, esan didatenez.
Zergatik idatzi dituzu erderaz?
Behin baino gehiagotan egin didaten galdera. Bestetan bezala xuxen-xuxen erantzungo dizut: Batetik: ni ogeita bost urtez kazetari eta idazle bezala Venezuelan lanean airua nauzu; honek betiko markatu nau, eta batez ere pelota-jokuan eskuinak duen antzeko gaitasun bat eman dit gaztelaniaz idazteko; ezin zitekeen bestelako milagrorik gerta; hala ere, erbestaldi luze hontan, beste kazeta-lan asko gainera, lau liburuxka idatziak ditut euskeraz, eta erderazko beste batzuetan euskera izan dut barruko akulu bakarra; gaur, euskera-lan batzuetan ariaz gainera, gure erriko behar batzuk larru-gorrian ikusi ditudanean, gai honetarako ongarrien iruditu zaidan erderazko bidea artu dut. Hontaz, egia esateko, Euskalerriaren historia labur hau aspaldi dago beste lagun batzuk euskeratua eta ikutu baten zai (nere lehenengo asmoa aurrena euskeraz ateratzea izan bait zen) baina, hara, erderazkoa da lehenik irten. Bestetik: nik, eta kanpoan luzaro egon naizelako nonbait, gure errian bizi ez direnen asmoak ditut oso kontuan; bakarrik egin dezakeguna asko bada ere, ez da nahikoa, eta Espainiako jendeak euskaldunen berri gure esku eta buru bideez jakin dezan saiatzeko beharra ikusi dut; eta, kontuz, gure erriko zenbait erdaldun ere sartzen dut lo aundi hau betetzeko kezkak auhemen. Ikusten duzun bezala, zurrea artu dit. Badut euskerazko lanik buruan, eta dagoeneko eskuetan ere. Aro bakoitzak bere fruitua eman ohi duen moduan itxoin beharko nik nere idaz-sasoikoei.
Goazen fruituak eskatzen ari den beste arlo batetara: bai ahal da une hontan, zure ustez, gainontzeko politika-taldeekin mahai baten inguruan, eskubide eta indar berdinez, elkarrizketara eta arremanetara bil daitekeen euskal talderik?
Talde bat osatzen duten buruek erantzun behar duten gauza da hau. Hala ere, nik nerea dena (ni tarteko naizen taldea alegia) buruan dudala nere asmo pertsonal bat besterik ezin dizut hemen eman. Giro makala salatu dugu hemen lehen, gure elkarren arteko arremanetan, eta honek ez ditu taldeulerbideak errazten; ezta taldeak non-nolako eta norainokoak diren ikusten laguntzen ere. Mugaketa aundiak ditugu, beraz, elkar aditzen jartzeko. Hala ere, gaur erantzunpide edo erresponsabilidade bat erakusten duten taldeei elkarrekiko arremanetan egiaz jartzeko garaia eldu zaie, eta dagoeneko asiak izatea ere baliteke. Nik uste, gure artekoetan, eta gainontzekoetan ere bai, noski, ezin dira gauza guziak une berean eta ongi egin, eta hau nahi izan dutenek edo oraindik nahi dutenek jai dute. Nondik asi, ordea? Lehenengo lana, nere ustez, jo-muga direnak bide-uts direnetatik bereiztea da, eta gero bi maila hontako gai hoiek jerarkia edo zer-lehen eta zer-geroko aukera bat egin. Hortik kanpora, elkarrenganako errespetoa eta denen lana.
Honetarako talde aundi eta indartsu bat osatzeko behar den irekitasuna da lehen galdera egin dizudanean buruan nuena.
Irekitasunari buruz aipatu ditugun oztopo berak ageri dira berriz hemen; eta berezi ditzagun; batzuk gureak dira, eta gure korapilo hoiek askatzen saiatzea gure lana da. Behar bada abiatua da da dagoeneko gure erria zentzu-bide hontatik. Hala bedi.
Zer diozu euskal kulturaz?
Gainontzekoak bezala, babesa (Mitxelenak dioen instituzionalizazioa) behar duela. Lehen mailako behar gorri bat, Unibertsitatea da. Ikastola bideak (eta gure erriko amaika giza-emakume isili esker, eta gure apaizei arlo hontan zor dioguna ere aipatu behar) aurrera dijoaz, eta behar eta ain merezia duten laguntzarekin aixa ugalduko dira; baina Unibertsitatea da gure kultural duen jo-muga nagusi-nagusia gaur. Gure erriko aberatsak ez du gure erriko jendeak joka duen bezala jokatu, eta esana egia bada, infernuko larratz bihurtzeko unean dagoela esango nuke. Gero, erri-komunikabide guztien laguntza behar du gure kulturak, batez ere telebixta.
Eta euskal kazetaritzaz, zer?
Egin dena ez da gutxi; hala ere, bide zabal baterako lanean ari beharrean bide zidorra urrtazen asi gara, eta honek kalteak ekarri dizkigu...
Euskera batuaz ari zara orain...
Nik ikusten dudan bide zabala euskera batua da, noski. Ezin dugu egoera larri hontan ahuldua dagoen gure izkuntza berez errian, eskola gabeko gure errian, itzegiterkoan gorde diren lau-bost euskalkitan batera landuaz indartu. Hau oso polita litzateke, eta nahiko nuke nik ere; baina bixtan da ezina dela. Gauza politak utz ditzagun indartzen garenerako. Gaur-gaurkoz iraun-bideak dira, nere ustez, lehentasuna dutenak. Euskera batua non, noiz eta nolakoetan daude, nere ustez, oztopoak. Aur-neurriak, komunikabideak eta landu edo sor-lanak ez dira berdinak; hemen behar dugu buruz jokatu. Baina izki bat gora-behera armatzen ari garen ixtiluak lurperatuko ez bagaitu, gure erantzun beharrak lepoan artu eta aurrera jarraitu beharko dugu. Bakoitzak berak artu beharko ditu, noski. Nik nere aldetik, eta agerian, idatzi-bidez, gaia ondo aztertu eta gero (Zeruko Argian idatzi nituen zortzi elkarrizketa: Lekuona, Lafitte, Mitxelena, San Martin, Intza, Satrustegi, Akesolo eta Kintana-rekin eginak) erri barruan bizirik geratzen zaizkigunen arteko euskal instituzio baten iritzia, ez agindua, onartu nuen, eta ordurarte erabiltzen ez niten molde batzuk artzen ahalegintzen ari naiz. Gure euskera bizi dadi, bide zabal eta berri bat behar dugu egin denon artean. Jo-muga nagusi-nagusi onek denok behartzen gaitu nolabait, baina euskera egiaz maite duenak behar luke bide zabal hau onartzeko norberaganakoa dusun maitasun edo "amor-propio" hori jimnasia egiten jarri. Orduan, bai, zuk aseran aipatutako eta ain beharrezko dugun gure erri-giroa irekiko litzaiguke.
ERRIALDE
1
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakUGALDE2
PertsonaiazUGALDE2
EgileezHERRIALDE1Kultura