argia.eus
INPRIMATU
DOMINIQUE PEILLEN MINTZO
2021eko uztailaren 16a
Txomin Peillen idazleari elkarrizketa.

EUSKAL HERRIA ALDATZEN ARI
DOMINIQUE PEILLEN MINTZO
Udako oporraldiak direla eta, gure artean izana dugu Dominique Peillen, Aukera ezin hobea, beraz, Parisko euskal idazle honekin buruz buru hitzegiteko.
Guraso zuberotarrez Parisen jaio zen 1932 urtean. Hainbat euskal familiatan gertatu bezala, ez zuen etxen euskaraz ikasi, hamasei urtetan bere gogo eta kabuz baizik, Sorbonako Unibertsitatean biologi ikasketak egiten ari zelarik.
Miranderekin batera, eta Andima Ibiñagabeitiak eragiñik, euskaraz idazten hasi zen bi urteren buruan. Sasoi haretako edozenbat euskal aldizkaritan idatzi zuen. "Gernika". "Euzko-Gogoa", Egan" eta "Gure herrian" lehenik, eta "Jakin" eta "Anuario de Eusko-Folklore" delakoan gero. 1962 urtean hainbat istilu eta zer-esan erakarri zuen "Igela" aldizkaria sortarazi zuen.Etnologi-lan, hiztegi, kanta bilduma, azterketa eta beste zenbait lanez gainera, hiru nobela argitara emanak ditu: Gauez ibiltzen dena (Kuliska Sorta,1967), 1964 urtean Euskaltzaindiaren Agirre Saria irabazi zuena. Itzel gorria (Kuliska Sorta, 1972), 1967 urtean Agirre Sari berberaz berriro ere saritua, eta Gatu Beltza (Gero, 1973). Horrez gainera, Tximinoak izeneko laugarren bat argitaratzekoa du, LUR editorialaren eskuetan dagoena eta duela hiru urte argitaratzeko zena.
Bestelako aurkezpenik gabe, eta aste honetako solasari dagokionez, ez dugu gai zehatzik erabilille. Txominek etengabeko hitz-jaioari ekin dio, guk berrizamain eman, haren iharduna geldiarazi gabe.
Jon Mirandez, Zuberoago egoeraz eta Euskal Herriko aldakuntzaz eta bestez mintzatu zaigu. Den dena ezin agertu ahal eta, laurdenen bat baino ez dugu azalduko. Laurden hau, bestalde, ez da han-hemenka eginiko montaje baten ondorio, hitzez-hitz -hitzez-hitz, gero!- bere solasaldiaren zati hautatu bat baizik.
Txomin Peillen mantso-mantso mintzatu zaigu, hitz-neurtu batere gabe, berriketak irakurlerik izan behar ez balu bezala. Egi-zale, maitakor ohiturik ez gauden liberal zentzu batez...
HEGO EUSKAL HERRIAN LEHEN ALDIZ
Lehenbiziko aldian, Gipuzkoara, duela hogei bat urte etorri nintzen. Donostian ezagutu nituen orduko euskaltzale batzuk. Haiekin hemengo euskara pixka bat ikasi nuen. Gero, Gotzon Egaña eta Jon Etxaide ezagutu nituen. Sasoi hartan hamabost bat egun pasatzen nituen Gipuzkoan eta bosten bat Zuberoan.
Baina... neri gertatzen zaidan problema nagusia da... ez naizela Euskal Herrian bizi... sekula ez naiz Euskal Herrian bizi... urtebete pasatu dut Euskal Herrian, duela... zenbat urte... hogeita hamalau urte... txiki nintzenean... urtebete pasatu nuen Euskal Herrian eta itzuli nintzen euskararik jakin gabe.
Geroztik beti Parisen nago eta handik ezin atera eta ezin atera. Batzutan nere buruari esaten diot. Euskal Herrira bizitzera joan behar duk. Eta joan behar dudanean ba... joan eta gero zer egin han, Euskal Herrian? Nere tankerako mutilak ez dira beharrezkoak, ez dira... pertsona gratak.
-Zergatik ez?
-Zergatik ez? Ez dakit zergatik... nere ideiengatik... ni ateoa naiz. Ez dakit ateo batek Euskal Herrian tokirik duenez...
-Lehen behar bada, orain dela zenbait urte ez baina... orain?
-Gainera, aintzina-aintzinan eskuindarra nintzen, gainera eta, orduan... orain ez dakit zer naizen...ez dut alderdirik... gauza bakarra dut, abertzalea naizela, hori bai... aspaldidanik... hori ez da mugitzen, ez da aldatzen.
Eta, nora joan... batzutan pentsatzen dut Zuberoan dagoela nere tokia... badagoela euskal giro bat, euskal giro txiki-txiki bat, baina inork ez duela gidatzen... Zuberoa gaizki dabila gauza batzutan....orain dik jendeak euskaraz hitzegiten du baina ez da kontzientziarik, ez da euskal kontzientziarik. Eta, gero, Zuberoan bizitzen naiz eta, ikusten dut Zuberoan jendea ez dagoela nere ideiekin ados, ez dela konforme nerekin... nere tokia ez da hemen.
Gainera, sekula Euskal Herrira etortzen banaiz, ez dut gehiago idatziko... konturatzen naiz idatzi ditudan gauzak Parisko giroan idatzi ditudala, Euskal Herrira pentsatua baina frantses giro batean, esan nahi dut... internazional giro batean...
EUSKALDUN BERRI
-Zuk hamasei urtetan ikasi zenuen euskaraz, ezta?
-Bai, 1948. euskara ikasi nuen, eta handik bi urteren buruan etorri nintzen hona. Gurasoak zuberotarrak nituen. Euskaraz hitzegiten zuten beti beren artean, baina guri frantsesez egiten ziguten. Zuberoan pasatu nituen egunetan hasi nintzen lehenbizi arduratzen. Hasi nintzen gauza praktikoagatik... osaba-izebak nituen frantsesez oso txarto egiten zutenak eta, horregatik hasi nintzen euskara ikasten. Salaberriren kanta liburu bat erosi nuen, frantsesezko itzulpenarekin eta... musika ere bazegoen eta... horretara hasi nintzen.
Gero, berehalaxe, esan nahi dut, pixka bat hitzegiten hasi nintzela eta... bretoinak topatu nituen, bretoin abertzaleak, eta bretoin abertzale haiekin hasi nintzen bretoina ikasten, eta, abertzale haiek ezagutarazi zizkidaten bi zuberotar... oso desberdinak... bata Jon Mirande, faszista eta abertzale, eta, bestea... nola zen... Pettiri Ezpirondo, troskista, orduko troskista, eta abertzalea. Biok gizon desberdinak baina oso adiskideak. Zuberoan halako tipo asko dago orijinal asko. Ez da bata bestearekin konforme, ez da monoteismorik ideietan... hemen orain bezala.
Orduan konturatu nintzen euskal problemaz. Orduan ezagutu nuen Andima Ibiñagabeitia ere, baita Iñaki Rementeria bat ere. Haiekin hemengo euskara ikasi nuen.
ALDAKUNTZA
-Zu hemezortzi urtetan etorri zinen lehen aldiz Hego Euskal Herrira. Zer aldakuntza ikusten duzu orain?
-Ez naiz gero, geroztik, urtero etorri. Azken aldiz, serioski, benetan, duela zortzi urte etorri nintzen Oriora. Zer aldatu den... itxuraz behintzat, fabrika asko dago lantegi berri asko ikusten dut. Estetikaren aldetik esan dezadan ez direla gaizki eginak. Giroa, berriz... orduan ez zen sozialismoa asko animatzen... hori da.
Zer aldaketa den? Ba... Euskal Herrira etorri nintzenean ez nintzen konturatu Herria euskalduna zenik. Eman dezagun, Donostiara joan eta... ez nuen euskaraz entzuten...esaten nuen: hemen euskara galdua da, edo zertan den?
Uste dut -badaiteke engainatzen naizela- kalean behintzat aurreratu dela euskara. Ez du lotsarik behintzat. Euskaraz ez dakit gehiago egiten denez baina... ez da lotsarik kalean euskaraz hitzegiteko. Ni kalean zuzentzen naiz, euskaraz hitzegiten dut eta erantzuna badaukat euskaraz. Antzinan ez neukan beti euskaraz egiten. Entenitzen ninduten eta erdaraz erantzuten. Orduan... giroa aldatu da, kalean bai.
Baserrian ez nuke berdin esango. Uste dut baserrian telebisioak zerbait egin duela. Konturatu naiz hor, San Estebanen (Usurbil), ba telebisioa ikusita, umeak euskaraz hasten direla, baina, gero, pelikulen parodiak egiten dituzte erdaraz, erdara txarrean gainera, ez dakit Espainiako nongo tonoa den hori... bokalak ooo eta aaa...
LITERATURA MAILAN
-Eta, literatura mailan?
-Bai! Literatura mailan aldaketa handia izan da. Esan dezagun, nik hemen harrapatzen dudan gauza da, ba... bariedade gehiago. Antzinan baginen bizpahiru lagun horrelako gauzak, bitxiak, idazten genituenak, eta... Orduan gauza bat gertatzen zen... har dezagun Laspiur, har dezagun Mirande, edo Aresti, edo ni... idazten genuenean zerbait, ez zegoen oihartzunik, horma bati moduan hitzegiten genuen. Orain idazten denean, esate baterako, ni kontra naiz edo ni alde naiz. Baina oihartzunik ez zen, ez genekien jendeak irakurtzen zuenez.
Txillardegik lehenbiziko hautsi zuen hori. Guk idatzi genuenean eskandaloa ez genuen piztu. Mirande eta ni Frantzia aldekoak ginen eta jendeak esaten zuen, ba... hoiek Frantziakoak dira, utzi egin behar dira. Baina, Txillardegi, herriko umea, donostiar bat, gipuzkoar bat hasi denean holako nobelak idazten.. "Orixe", orduan, haserratu da. Baina ez guregatik. Guk idatzi genituen, Txillardegik baino lehen izugarrizko gauzak, nahikoa da "Euzko-Gogoa" irakurtzea.
"Euzko-Gogoa" aipatu dut... Andima eta Zaitegiren kasoa oso bitxia da. "Orixe"rekin hiru lagun ziren, baina desberdinak. Eman dezagun, Andima ez zen jesuitetan geratu, ez eta "Orixe", baina uste dut "Orixe" izpirituz jesuita geratu zela. Andima, ordea, oso izpiritu zabal zen, bai eta Zaitegi ere. Ez dakit nik Andimak kutsatua ala Zaitegiri berari esker, badira "Euzko-Gogoan" izugarrizko obrak. Parapsikologiaz, esate baterako. "Gure Herria" aldizkarian zenbaitek esan du Mirande "espiritista" zela. Zergatik? Ba, parapsikologiaz idatzi zuelako.
Eman dezagun, Zaitegik bazekien aspaldi zer zen parapsikologia. Ipar Euskal Herriko apaizek ez dakite oraindik ere. Zaitegi oso izpiritu zabala zen. Bazekien parapsikologia ez dela sineste bat, zientzia bat dela, zientzia nahi duela izan. Halako gauza gogorrak atera ziren "Euzko-Gogoan", euskaldun asko harritzeko moduan. Gauza sobrenaturalak jakintzaren aldetik aztertzea oso labaingarria da apaiz batentzat. Hala ere, halako lanak, pagano poemak, ipuin beltzak eta, atera ziren.
Bazegoen giro bat gauza batzuk esateko, "Gernika" delakoan ere giro ona zen. Hemen argitaratu ziren lehenbiziko abertzaletasunaren kritikak. "Euskaldungoaren etsaiak" idatzi zituen Mirandek. Oso artikulu gogorrak dira, eta geroztik frogatu dute arrazoi zeukala, zoritxarrez.
Hala ere, literatura hura oso intelektuala zen, nik uste. Ez zen praktikoa. Gainera, ideologiaren aldetik oso klasikoa zen. Orain, neri gustatzen zaidana... euskaraz badaude saio onak, oso onak, antropologiaz, soziologiaz, literaturaz... eta saio maila hontan badira gauza onak.
Gaur gustatzen zait euskaraz irakurtzea. Orduan ez genuen ezer irakurtzeko.
NOBELA, POESIA ETA SAIAKERA
Nobelan... gauza asko dago egiteko. Ez da nobelari asko Euskal Herrian. Ez dakit... behar bada Txillardegi onena izango. Ez da nobelari aski, nahiko... ez da girorik nobelarentzat. Irakurleak eskatzen du nobela ,baina... orain, euskaldunok ideologiatan sartu gara, eta horregatik, gehien erabiltzen diren gaiak saioak dira. Gure bideak oilatzen ari gara. Gauza bat da abertzaletasuna, abertzaletasuna sakontzen alde batetik, baina, bestalde, beste gauza guztiak sakontzen, gizarte problemak sakontzen. Horregatik une txarra da nobelarentzat eta uste dut, poesiarentzat ere ez dela giro eder ederra.
Ez da gaur poeta handirik Euskal Herrian. Izan dira, uste dut izan direla. Ez dakit nik Lasak zer egiten duen, ez du gehiago idazten Arestik guti idazten du eta... idazten duena beti betikoa izan behar duela... iduri du ba... gauza berdinak errepikatzen dituela. Azurmendik... bai... gauza batzuk bai. Baita Gandiagak ere. Baina poeta handi handirik ez da, beste maila berri batetan, kantu egileak bai onak Benito Lertxundi eta beste, poetak ez, ordea.
Saiolari handisk badira, asko, saio egile onak badira, ez dira falta. Azurmendik. esate baterako, ez du gaizki idazten. Batzutan huts batzuk egiten ditu, baina informazio gabe, nik uste. Horregatik esaten dut, .ez bait gaitu Mirande eta ni konprenditu. Baina hori beste problema bat da, ez gaitu ezagutu eta. Ez dugu elkarrekin hitzegiten eta... urruti bizi gara eta. Gauza batzuk oker esan ditu, baina okertuta, ez du gero gaizkirik esan!
JAKINTZA MAILAN
Neretzako gauzarik garrantzitsuena, orain, Ikastola da, ikasto!a eta irakaskintza. Bide honetan aipagarri da Elhuiar taldeak egin duen, ,egin nahi duen lana. Euskaldun gehienak sartuak dira soziologian, filosofian eta holako gauzetan, kaina, hor bakoitzak hitz egin dezake nahi duena, eta asko hitzegiten da, eskola asko dago gainera, bakotzak bere eskola dauka. Esan nahi dut, psikologia jakintza mailan dago, baina soziologia kontxo... bada ez dakit zenbat eskola. Ez dakit ez ote duen gazte askok denbora galtzen... soziologiako hori politika eskola bat da, eta politika ez da jakintza, orain arte behintzat.
Jakintza zaharretan ez dago engainatzeko arrixku handirik, eta merezi luke euskaldunok horretan gehiago salatzea. Entzun dudanez, Elhuiar taldea jakintza maila honetan abiatu nahirik ari da, monografia bezalakoak egiteko.
Nik uste dut ez dugula euskara jakintza gaietan nahikoa erabiltzen. Euskaltzale handi batzuek exenplua ematen dute, eta beren obra guztiak erdarak ematen dituzte. Eta horregatik esaten dut.. ni konforme nago... ba, erderaz eman behar dira, baina monografia txikiak euskaraz bederen.
Eman dezagun, pintore batek bere oihala egin baino lehen bere saioak egiten ditu, hau eta bestea, eta gero sintesi bat egiten du. Sintesia erdaraz egitea izan daiteke onena jende askok ezagutzeagatik.. baina zergatik ez monografia txikiak euskaraz? Hau da guk egin behar dugun bidea, euskara gai egin eta jakintza gaietan erabili, monografietan behintzat.
Suezian edo Japonen, esate baterako, monografiak herri-hizkuntzan egiten dira, eta gero sintesi bat egiten denean ingelesez egiten da, edo hizkuntza zabalagoan. Eta guk berdin egin behar dugu. Tresna umila izango da, baina gurea izango da, eta gainera behar beharrezkoa.
Artikuluak hor-hemenka baino, izpiritua aldatu egin behar dugu, eta gure monografiak egin. Euskal Unibertsitate bat izan behar bada, monografiak egin behar ditugu, hiztegia konpondu eta, euskara ez ba dugu gai egiten horrelako mailetan erabiltzeko, ez dugu deus egingo...
Eguzki epelak jotzen du Usurbilgo elizaren atzekaldean. Txominek hizketan jarraitzen du etenik gabe. Entzun baino ez diogu egiten. Hainbat gauzatan oker egon daiteke, baina ez lioke behintzat inork sinetsiko sekula Euskal Herrian bizi ez denik.
Txomin Peillen ez da, ez, Euskal Herrian bizi. Txominek Euskal Herria bizi du. Makinatxo bat da alderantziz egiten duenik.
Koldo Olazabal
Txomin Peillen Usurbilen
1

GaiezKulturaLiteraturaIdazleakPEILLEN1
PertsonaiazPEILLEN1
EgileezOLAZABAL1Kultura