argia.eus
INPRIMATU
"Kultura honen erakusle nahi genuke izan herriarentzat"
2007ko otsailaren 21a
Kresala dantza taldekoei elkarrizketa.

"Kultura honen erakusle nahi genuke izan herriarentzat"
Kresala taldea mintzo
Amaitu berria dugu Donostian Folkloreaz izan den jardunaldia. "Sinesmena dela folklorearen oinarri" esan digu Lucille Armstrong irakasleak, aste horretako hitzaldian. "Sinesmenak aterako duela estualdietatik pentsatu izan du gizonak. Pentsaera hori dela eta sortu ditu beharraldietatik onez aterako duten dantza eta kantuak" zioen.
Folklore giro honetan oraindik hain ezaguna ez den dantzari talde batengana jo dugu, "Kresala" taldearengana, alegia.
-Noiz sortu zen "Kresala" taldea?
-1968garreneko Urrian sortu zen "Kresala" dantza taldea, KRESALA elkarteko adar bezala.
-Zertarako edo zer asmoz, helburuak, mugak...
-Talde hau osatzearen arrazoi nabarmena, folklore arloan, batipat, euskal dantzen arloan zenbaiten lan egin nahia izan zen. Euskal dantzaren alde bakoitza aurrera eramatea da gurekiko garrantzitsuena; euskal dantzaren iturburua, esanahia, joskera, ikasketa eta abar, alegia. Horretaz gainera kultura honen erakusle nahi genuke izan herriarentzat.
-Zer da zuentzat euskal folklorea?
-Herri arimaren agerpena da guretzat euskal folklorea, hots, herriaren ohitura, sinesmen, izaera eta abar azaltzen dituen zerbait.
-Nola ikusten duzue euskal folklorea; beste taldeetan, herrian, ikerketa mailan?
-Une honetan, oso pozkarri zaigu, gure folklorea berpizten ikustea, alde orotan, Une honetara iritxi arte, bebarrezkoak izan dira, ez dantza taldeen lanak bakarrik, baita abeslari, antzerki talde eta abarrenak ere. Era guztietako folklore agerpenetan ibiltzen diren jende multzoak ikusirik erraza da gogo eta zaletasun hau sumatzen. Ikerketa lanari oso garrantzitsua deritzagu, folklorearen mamia bait da, eta eskertzekoa da honetan ari direnen lana.
-Betiko gauzak ikusten direla euskal "folk" taldeetan dio zenbaitek. Zein bide duzue hau eraberritzeko?
-Folkloreak, herriaren arimaren denez, beti berdintsua izateko arriskua du. Herri baten barrengo aldaketak emeki gerta ohi dira. Orobat gertatzen zaio bere agerpenetan ere.
Gure ustez, ikerketa arloan lan egiten dugunon gain dago eraberritze hori; era berriak agertuz, beste batzuk sortuz eta abarrez. Gure herriaren izaeraren barruan ernetzen diren neurrian behintzat.
Herriari bere folklore agerpen eder bat eskaintzea da gure asmoa; dantzarik ikuskarrien eta trebeenak eskaintzea. Zenbait dantza, Zuberoko maskarada, esate baterako, ezin ager dezakegu osorik, bere iraunaldi luze eta pertsonaje urritasunak beharturik. Horrela maskarada orotatik, laburpen berezi bat eskaintzen dugu. Bestalde hor dituzue Gene Yurre, gure gidariak, osatutako "Irule" eta "arrantzale" dantzak. Antzinako iruleen lana eta gure itsas bazterreko edozein kai giroa agertu nahi dute.
-Zenbat zarete taldean eta zein da zuen maixu?
-Gaurregun 15etik 22ra bitarteko 46 langile eta ikaslek osatzen dugu taldea. Gure gidari, berriz, OLDARRA eta ETORKI taldean eratzaile izaniko Gene Yurre dantzari ospetsua da.
Hona, ia gehiena ikasle jendez osatutako "Kresala" dantza taldea, asmo eta egitarau jatorrez beterik. Denboraz gaizki eta diruz okerrago, baina gogotsu eta gazte. Lucille Armstrong-ek zioen bezala, "gaurko gazteek, biharko bidean abia daitezen, atzokoa aztertu behar dute. Irudi adigarri eta gidatzaileak behar ditu gure izpirituak, bestela oinarririk gabeko edo zainik gabeko etxe edo zuhaitz ginateke. Ez etxeak oinarririk gabe es zuhaitzak zainik gabe irauten dute zutik".
ERRIALDE
8

Gaiez\Kultura\Dantza\Euskal Dant
Gaiez\Kultura\Dantza\Taldeak\KRESALA
Egileez\HERRIALDE1\Kultura