Balendin Enbeita bertsolariari elkarrizketa.
Balendin Enbeita bertsolaria
Urtarilak 12. Egun zoragarria. Udaberri giroa. "Urretxindorraren" umeari elkarrizketa egitera goazkio. Balendin Enbeita bertsolariari hain zuen ere. Izan ere Otsailaren 3an, Donostiako Astorian, egiten bait zaio gorazarre.
Muxikan gaude. Goizeko hamaika eta erdiak ingurua da. Non bizi ote duk Balendin? galdatzen diot neure buruari.
Eskolameak jolasean elizaurrean. Bi emakume umei begira.
Mesedez, badakizue non bizen den Balendin Enbeita bertsolaria?
Bai, aurreraxeago joan behar duzue. Gero ezkerrera hartu behar duzue halako ostaturen ondoan. Baina kontuz trenbidean. Ezbehar asko izaten da.
Bostehunen bat metro egin ditugu. Ostatu bat parean. Emakume bat atarian.
Aizu, hemendik hartzen al da Balendin Enbeitaren etxera?
Bai, bai. Baina kontuz gero trenbidean. Oso toki txarra da. Oraintxe pasako da trena.
Zorioneko trenbidea Arraroi zuten. Ez dut ikusi behin ere honelako bidegurutzerik.
Inor ez dago Balendin Enbeitaren etxean. Kateko txakur beltz haundi batek zaintzen du etxe ataria. Zaunkalaria da, baina ez dirudi hain gaiztoa. Auzoko beste bi txakur txiki bildu zaizkio zaunka egiten laguntzera.
Miatu ditugu etxe jirak eta ardi soroak. Inor ez dago. Auzoko amona batek ere ohean egon daitekeela eta egin dizkio oihu batzuk: "Balentin, Balentin, Balentin....".
Neska txiki bat heldu da eskolatik. Honek esan digu Balentin non jardun den txerri hiltzen. Ikusiak genituen bide ertzeko etxe batean bi txerri makilak zintzilik. Han bizi omen du Balendinek arreba ezkondurik. Ez zegoen bide galtzerik.
Balendinena joanez gero, ezin beronen aitarik aipatu gabe gera. Zure aita ospetsua izan da Euskal Herrian euskaltzale, bertsolari eta idazle bezala. "Urretxindorra" deituraz ezagutzen da. Zer eritzi duzu zure aitaz?
Nik neure aita ezagutzerako nere aita nahiko zaharra egin zen. Berrogeita bi urtetarako bertso kantuari utzi beharra izan zion. Eztarria ondatu zitzaio. Baina nire aita baino bertsolari ederragorik ez dut ikusi. Asko ibili naiz bertsolariekin, baina haren tankerako eta jokerako bertsolaririk ez dut iusi. Orduko eta gaurko bertsolaria zen. Bere bertsoak gaurko egunerako egin zituela ikusten da. Bertso asko idatzi eban. Liburu bi: bat Arjentinan ateratakoa eta bestea Aita Onaindiak argitaratakoa. Baina bertsolari legez oso abots ona zeukan. Idazten ere ona zen. Baina nik ikusi dut plazan mitinetan eta bertsotab eta txori baten antzera jaikitzen zela zirudien. Txaloka eta orroaka ipintzen zuen herri osoa.
Beste inor baduzu, bertsolaririk, zeure aurrekoetan?
Bai, nere aitaren anaia Manuel ere oso bertsolari ona zen. Eztarririk ez zeukan. Baina oso bertsolari ona zen. Bertsolaria nuen aitona ere. Aitonarekin hasi nintzen bertsotan, lotsatu egiten bait nintzen aitarekin jardutea. 18 urte arte aitonarekin jarduten nintzen tabernan eta txerria hil ondoan egiten ziren afarietan.
Zer eskertzen diozu gehienbat zure aita zenari?
Aitari zor diot gaur dakidan apurra. Aitari eta aitonari. Nere aita oso aita ona zen. Oso gizona, eta kristau bezala, onenetarikoa. Euskaltzale amorratua. Inor izan bada euskaltzale, hura izan da. Nahiz eta erdaraz ondo jakin., beti euskaraz egingo zuen lehenengo, edozein tokitan. Lagun haundia izan zuen Lizardi olerkaria. Horregatik Bizkaian baino Gipuzkoan gehiago ibili zen.
Noiz hasi zinen bertsotan zure aitarekin eta beste bertsolariekin?
Hogeita bat edo hogeita bi urte nituelarik hasi nintzen aitarekin kantari. Hogeita hiru urte izango niuen lehenengo txapelketa edo nor gehiagoka batean parte hartu nuenean. Mungian zen. 1929garrengo urtean izango zen, noski. Bartolo, Betolaza, Uriarte, Bidaurrazaga, Zarraga eta nik parte hartu genuen. Urrengoan Getxon jokatu genuen. Lehengo denok eta, Eibarko Aizarna azaldu ginen. Bietan txapeldun geratu nintzen. Gero bizimodua ere atera behar eta bertsolaritzari utzi nion. Kamion batekin hasi nintzen lanean. 27 urterekin utzi nion, urte mordoska baterako, bertsolaritzari.
Noiz etorri zitzaizun berriro bertsotarako gogoa?
Puerto Santa Marian hain zuzen ere. Hango itzalean sortu zitzaidan ikaragarrizko sua. Giputzak ziren nerekin batera zeuden gehienak. Egarri horrekin etxera nintzen. 1944garrengo urtea izango zen. Basarri eta Uztapide ziren bertsotan Bergaran. Haruntz joan nintzen lagun batzuekin, haiei entzuteko asmoz. Gero afalostean nik ere ekin nion bertsoak botatzeari. Ezin moldatu inolaz ere. Erdoiturik nengoen. Hala esan zidan Basarrik: "Asko bajatu zara, Balentin". Zeharo lotsatu nintzen. Baina hartu nuen erabakia eta, egunero egunero, neure gisara bertsotan jarduten nintzen.
Noiz egin duzu bertsotan ibilirik gogozkoena?
Basarrirekin ekin neban nik ibilirik ederrena. Hiru eguneko bira. Nafarroatik Donibane Garazira: Atarratzetik Kanbora. Mattinen aitonarekin egin nuen Kanbon bertsotan.
Hemen, noiz hasi zinen berriz bertsotan?
1958garrenean hasi ziren txapelketak. Honela geratu ginen 1958-garrenean, Bilbaon, egin zen txapelketan: Balentin Enbeita, Juan Ormaetxe, Joxe Alberdi, Axentxio Bidaurrazaga, Eusebio Zubiaga, Pedro Castrejana eta Florentzio Zarraga. 1959garrengoan ere txapeldun geratu nintzen. Bigarren, berriz, Jon Azpillaga. 1960garrenean Jon Azpillaga txapeldun eta bigarren Deunoro Sarduy.
Irakurri izan dut zerbait Muxikako bertsolari eskolaz. Zer da Muxikako bertsolari eskola?
Berrogeita hemezortzian sortu zen. Larunbatero larunbatero biltzen ginen. Launa bertso ekarri behar genituen. Lopategi, Iturri, Ireneo, Jon, "Gure Txikia", Deunoro, Basabe eta abar biltzen ginen. Eskola horri eskerak dira Muxikan 12-14ren bat bertsolari. Gaur oso bertsolari ona da Lopategi, onenetakoa zenbait gaitan, nere ustez, baina orduan ez zen batpateko bertsoa botatzen. Beronek esan ohi du: "ingeniero errazago egingo nintzen bertsolari baino". Jardunak jardunaz heldu da maila horrtara.
Galtzen ari dela uste al duzu bertsolaritza Bizkaian?
Beheraka doala uste dut. Baina ez bertsolaririk ez dagoelako. Bada bertsolaririk Herrigoitin, Gernikan, Txorierrin eta abarretan. Besteak beste, Amuriza anaiak.Baina Bizkaian ateak itxi zaizkie bertsolariei. Orain dela hiru urte asko ibili ginen herriz herri. Iurretan bederatzi urte jarraietan izan gara Lopategi, Azpillaga eta hirurok. Egin zidaten hango gazteek omenalditxo bat. Orain elizetan abestu ohi dugu sermoi ordez. Alkateak saiatu ezkero, egin diteke Bizkaian ere, bertso saiorik. Muxikan izan dira bertsolariak azken bost urteotan.
Zu, batpateko bertsolari ezezik, idazle ere bazara bai hitz neurtuan eta bai hitz lauan, hots, bertsoan eta prosan. Zergatik idazten duzu?
Gogo haundia dut horretarako. Nere lan bitarteak, bertsoak jartzeko edo idazteko izaten dira. Baina, zoritxarrez, tarte gitxi izaten dugu. Lan asko bait dugu.
Zer gai erabiltzen dituzu?
Denetarikoak. Bai gai serioak, bai alaiak. Gizonaren bizaz, Udaberriaz, bertsolariaz...
Bertsolariaz idatzi duzunez gero, zer behar du izan zurekiko bertsolariak?
Lehendabizi gizon. Gero horretarako jaioa, buru argikoa, bihotz honekoa eta eztarri indartsukoa. Ez du bertso nabarmen edo lizunetan jardun behar. Gogo haundia izan behar du bertsotarako. Nork berak saiatu behar du. Baina berezko bertso senarik ez duena alferrik ahaleginduko da.
Txapelketa batzuetan hartu duzu parte. Nola ikusten dituzu txapelketak?
Beharrezkoak direla, nik uste, txapelketak. Eztabaidak sortzen ditu baina bertsolaritza erpizten eta indartzen du. Estuasun larriak ere igaroarazten ditu txapelketak. Ni hiru egun eta hiru gauetan egon nintzen batere lorik egin gabe aurreneko txapelketan. Txapelketak ekarri ohi ditu bere gorabeherak, baina Bizkaian ez zen gaur dagoen hainbat bertsolari izango txapelketarik izan ez bazen. Harrokeriak alde batera utzirik Mugartegik dioena egin behar da: "Bertsotan gogotik egin eta ematen dutena isilik etxera ekarri".
Zerk ematen dizu minik haundiena Euskal Herrian?
Bere egoerak. Egia esan, pena haundia ematen didate gure arteko borroka eta ezin konponduak. Geuk etxea jasotzen ez badugu, kanpotik ez zaigu inor etorriko jasotzera. Euskara eta beste edozer indartu behar badugu, nere iritziz, banaka ez dugu ezer egingo. Batasuna beharrezkoa da, baina egiazko batasuna. Horretan Zeruko Argiak lan asko egiten du. Neri asko gustatzen zait aldizkari hori. Joera guztietako idazleak onartzen ditu. Kritika beharrezkoa da, baina ez zenbait aldizkaritan bezala hitz mingarriz josia.
Idazleon arteko nahasketa honetan zuk zeuk zeri helduko zenioke?
Nik Euskaltzaindiari helduko nioke. Honen erabakietara makurtuko nintzake. Euskaltzaindia da honetan buru. Beronek eman behar dizkigu argibideak. Mitxelena, Villasante eta abar oso gizon argiak ditugula uste dut. Nori jarraitu Euskaltzaindiari ez jarraitzekotan?
Zerbait esan nahi al diezu bertso entzuleei?
Eskerrik asko guztiei, aldez aurretik. Pozgarri zaio bati, bizitzan egin dituen lantxoengatik omenaldi bat eskeintzen diotela ikustea. Han izango dira bertsolaririk onenak. Joatekoak eta abestekoak dira nere seme Abel eta Jon ere. Egun horretan abesteko moduan izatea nahi nuke Lopategi eta Azpillaga ere. Badago modu hori egin dezakeenik bertso entzuleen artean.
Mahai baten gainean daude txerriaren barruko puskak. Txerrikiak on egin diezaiola opa diogu Balendini. Guk berriz, Donostia bidea hartu dugu. Otsailaren hirurako iritxiko ahal gara behintzat.
ERRIALDE
Kepa Enbeita, "Urretxindorra", Balendinen aita zena.
Balendin Enbeita bera
Familiarekin
"Ormaetxe" baserri zaharra eta berria
12
Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Bertsolaria\ENBEITA1
Pertsonaiaz\ENBEITA1
Egileez\HERRIALDE1\Kultura