argia.eus
INPRIMATU
Felipe Uriarte, «Tximist» Taldeko Gazteena
1973ko azaroaren 18a

Otsallean Everest Mendiruntz Abiatuko Dira

"Tximist", taldea osatzen duten euskaldun mendizale onenetakoak, datorren urtean Everest mendi larria igotzeko asmoz gertutzen ari zaizkigu. Ez da txantxetako gauza lortu eta iritzi nahi dutena!

Felipe Uriarte dugu Tximist taldeko bat Pasai Donibanen jaioa eta parte hartuko duten taldeko gazteena hain zuzen.
Kalean arkitu dugu etxeruntz zihoalarik ZERUKO ARGIA asteroko honentzat zenbait galdera erantzungo ote ligukeen, erregutzen diogu. "Gogotik!, euskal asteroko hau oso maitea bai diat", esan digu. Hona bada Felipe adiskideak erantzundakoak,

Mutil kozkerretan mendi zaletasun gehiegirik ez huen; noiz hasi hintzen eskalatzen?

Mutil kozkorretan, hik ongi dioanez, ez ni an mendi zaletasun gehiegirik senditzen. Hemeretzi urte bete arte, mendirako gogorik eta zaletasunik ez nian nabaitu; eta 21 urte nituelarik eskalada ikastaro bat egin nian. Ikastaro hone tan, orain taldekide izango ditudan R. Gallardo eta L. M. Abalde, irakasle izan nizkian hain zuzen ere.

Bizi garen gizarte aspergarri honetatik "Ihes" egiteagatik, eskalatzen ote duk?

Ez horixe! Bizitzari helburu bat bilatze arren, eskalatzen diat. Gaurko gizarteak izan ere, xede gabeko bizitza eskeintzen bai ziguk. Mendiak, arrixku haundiko mendiak, berobiziko barne -ezagutze berezia eman zidak; barne-ezagutze hau, beste aldetik, edozein ekintzatan lort dezakegula deritzat, bai zientzian, bai filosofian, bai olerkigintzan eta abar, norbera errotik eta funtsetik dedikatuz gero.

Mendiak harremanetan jartzen gaituk izadiaz Gizonok betidanik izan ohi diagu hurbiltze hau: baina, azkeneko 50 urte hauetan, gizarte industrializatu honek, aldendu eta baztertu egin gaitu izaditik.

Zer-nolako preparazina daramak, gorputza arin eta gertu izan dezaan?

Egunero aritzen nauk zenbait korrikalari adiskiderekin ejerzizio bereziak egiten. Astegunetan, ahal dudan neurrian, inguruko mendixka gailurretara igotzen nauk. Igandero, berriz, mendi haundietara abiatzen nauk. Pirinioetara gehienetan.

Everesta aldera abiatzeko haizela eta, zoratzen egongo haiz noski?

Nahiz-eta Everest mendia zenbaitetan menderatua izan, biziki zoraturik negok ibilialdi honetan parte hartzeko. Mendizaleontzat, betiko amets zoragarria, egia bihurtzea duk. Mundu honetako mendi aunitz ezagutzeko irriki bizia diat. Urrun daudela? Ez zaidak axolarik! Han zeudek eta haruntz joango nauk!

Tximist taldeko gazteena haiz. Zergatik aukeratu hintuen?

Andesera joan zen taldetik sortua duk Everest mendira abiatzeko asmoa. Talde hau aritu huen zenbait mendizale biltzen. Hoien artean ni aukeratu nindutean. Ni taldeko gazteena izatea beraz, hala beharrez izan duk.

Talde berruan zer eginkizun beteko duk?

Taldeko guztiok diagu geure betebeharra Hemen, abia aurretik, Alfonso Alonsok eta biok janaria gertutzea eta aukeratzea izango duk gure eginkizuna. Han, Everest-ko bidean, "BETI GORUNTZ" izango duk eguneroko leloa.

Mendi gallurrera iritxiko al haiz?

Gure helburua hauxe duk: taldeko bi, edozein gailurretara irixtea. Bakoitzak jakina, bere barruan, nork berak igo nahi lukeala pentsatzen dik; baina, gailurrera igotzeko aukeratuak izango direnei, prest gaudek laguntzeko.

Eskalatzen hasi berriak edo hastekoak diren gazteentzat, zer aholku edo kontseju duk?

Bi aholku, batez ere, emango nizkieke mendizale gazteei: A) Benetako mendi kirola, gogorra denez gero, eskalatzen hasi berriak direnentzat batipat, mendizaleak preparazio haundia eta berezia behar duela. Nere ustez, gutxienez, astero behar liake entrenatu. B) Eskalarien akats haundiena zera dela, harrokeria eta fanfarroikeria; apaltasuna berriz birtute gorena. Lehenengoa utz dezagun mendizaleok eta bigarrena geuregana dezagun.

Hemen amaitu dugu Felipe Uriarterekin izandako elkarrizketa hau. Tximist taldea osatzen duten guztiei, basarka dezatela Everest tontor bildurgarri hori opa diegu bene-benetan.

 

Iñalurretak