argia.eus
INPRIMATU
Aiatar Batzukin Elkar-Hizketan
1973ko maiatzaren 27a
Aiatar Batzukin Elkar-Hizketan
Aiako festak ere badatoz. Maiatzaren 31an ospatzen da Santa Isabel eguna. Hori dela eta, ilunabar batez, Aiara joan ginen bertako zaharren bat, gazteren bat eta apaizarekin hitzegiteko asmoz.
Zenbait galdera egin genien, eta baita besteak erantzun ere Z. Argiaren irakurlegoarentzat.
Lehenik, on Juan Lekuona erretorearekin joan ginen. Ta beste gabe, hona hemen galde-erantzun laburrak.
Baduzue eliza bat. Emanen al zeniguke bere berri laburttoren bat?
Gaurko eliza hau, ez da lehenengo eraiki zena. Lehenengoa orain "Toki Alai" taberna dagoen lekuan zegoen. Oraingoa berriz, 1914 eko maiatzean inauguratu zen. Eraikitzen, bi urtez lehenago hasi ziren (1912. Urtean, alegia). Bestalde, esan beharrekoa da, hauzo lanean egina dela eliza hau. Herriak, lehengo eliza finkaturik zegoen lurraren truke, 5000 pezeta eman zuen berria eraikitzeko, gutti gora-behera. Kanpotik ere, hartu ziren laguntzak, bainan ez oso haundiak.
Jenderik joaten al da elizara?
Bai, gehienak joaten dira.
Euskara lantzeko gogorik nabari al da?
Bai; haurren artean, esate baterako, "KILI-KILI" derizten hamalau kuaderno banatzen eta betetzen dira. Eskolan zebiltzan umeentzako, alfabetatzeko eskola bat ere eratu zen. Larrien artean berriz, ni etorriez gero bi ikastaro eratu ziren: alfabetatzekoak, noski!
Euskal irakurlegoa?
Urria. Badira Z. Argiaren zenbait harpidedun. Baita Gero editorialeko beste zenbait ere. Anaitasuna-ren bat edo beste ere bai, naiz ta duela guttiarte gehiago egon.
Ta beste gabe, erretorearekin, elkar-hizketa bukatu dugu. Eta ondoren, hirurogei urteko Patxi Agirrerengana jo dugu. Berak, humoretsu eta ongi hartu gaitu bere Etxeberri baserrian.
Arren, Patxi, kontatuko al zenizkidake Aiako ohitura zahar batzu?
Bai gizona bai, kontatuko dizkitzut. Orain mementuan asko gogoratzea ez da errez, bainan... Lehen, festak, San Martin-dik gurutzea ekarriaz egiten zen prozesioarekin hasten ziren. Prozesioa irixterakoan, "altxafuegoak" botatzen ziren, ezkilak (kanpaiak) jo; eta izugarrizko alaitasuna sortzen zitzaigun. San Martingo Migel Maria zena izaten zen txistulari. Gu berriz, etxean genituen jantzi hoberenak jantzita joaten ginen elizara.
Ohitura hori, ordea, duela hemezortziren bat urtetatik etorri zen hozten eta moteltzen (indarra-galtzen). Nik uste dut, prozesio hura indarra galtzen joatearen arrazoi bat, egin zen bide berria dela. Gero, duela bosten bat urte gutti gora-behera moztu zen.
Ederki, Patxi. Ta beste ohituraren bat esanen al zeniguke?
Ba... lehen, festatan, herriko alkatea hemen zegoelarik, "dantza-soka" egiten zen. Hauzoko gazteak izaten ginen dantzari. Aurreskua dantzatzen zutenetan lehenengo zegoenari alkateak eramaten zion neskatxa bat. Eta gertakizun horrek, izugarrizko alaitasun bat sorrarazten zuen. Gaurregun ordea, ohitura horiek galdu egin dira, tamalez.
Geroztik, ohitura baztertzeak, pentsakera aldaketak, eta beste aldaketa asko izan da Euskal Herrian. Baita Aia hauzo hontan ere. Zer deritzazu?
Ongi ez zait iruditzen, bainan...! Zaharroi pena haundia eman digu ohitura horiek baztertzeak. Aiako hauzoari, nere ustez, aldaketa horiekin indar haundi bat kendu zaio.
Aian, dantza-askatua egiten, onak omen zineten. Geroztik ordea, guttituz doaz era hortan dantzan dihardutenak. Zergatik iruditzen zaizu?
Bai, lehen Aian, baziren dantza-askatuan ibiltzen zirenak, onak gainera! Ibili, denok ibiltzen ginen. Gaur ordea, zeuk esan duzun bezala, ez. Eta, ene ustez, aldaketa honen (lehen aipatutakoaren: dela ohitura baztertze, eta abar) fruitua da hori.
Eta, bukatzeko, azken galdera: bidezkoa al deritzazu horri?
Ez, ez; ez zait bidezkoa iduritzen. Euskal-kutsu haundiakoa da dantza-askatu kontu hori. Eta gainera Aian zerikusi haundia eduki duena. Zeren eta alaitasunezko indar haundi bat eman izan dio. Eta Aiari indar hori kentzea ez deritzat ongi, ezta ondo-erdi ere.
Ta honenbestez, Patxirekin egin genduen solasaldia. Gure erantzule prestua afaltzen geratu zen , eta gu, gazte batengana jo genduen: Jon Agirre gaztearengana hain zuzen ere. Hemeretzi urtetako mutil hau, han aurkitu genduen bere Arbilleta baserriko sukaldean. Erantzuteko prest hura ere.
Hik gazte horrek, Aian bizitzeari zer sentidu ikusten diok?
Ba, sentiduak asko. Alde batetik, neroni jaiotako hauzoa delako; bestaldetik, berriz, gazteen artean giro berezi bat dakusadalako.
Hemen Aian, gazteok zelan jokatzen duzue?
Igandetan mendira irteera batzu egiten ditugu.; zenbait euskal jaialdi eratu; uda garaian hitzaldi batzu, euskal alfabetatzeko ikastaroren bat edo beste noizpehinka. Eta abar. Gutako beste gazte batzu, berriz, bertsolaritzan dihardute. Bestalde, gazteok nehiko kezkati agertzen gara euskal gaietaz, eta noizpehinka egiten ditugu zenbait bilera, eta abar.
Ta bukatzeko: zer etorkizun dakusak Aian?
Etorkizun exkaxa, egia esa. Hala ere, gazte jendea euskalzaletasunari asko atxikirik dago, eta zerbait ona itxaro dut hortik. Badira baserri haundi ta ondo moldaturiko batzu, bainan orohar, baserriak ez dira haundiak eta bizibide bat ateratzeko haina ez dute ematen. Umeengan berriz, alaitasuna nabari dut eta euskal giro batetan itsatsita daudela dakusat. Eta horiengan, etorkizun nahiko aberatsa ikusten dut. Kirol aldetik, exkax ikusten dut Aia: pilota lekurik ez, eta beste erarik era ez kirolzaletasuna sortu eta lantzeko.
Eta honenbestez, Jon Agirrerekin izan dugun elkar-hizketa laburra.
Ta guk, gure eskerrik beroenak ematen dizkiogu erantzule guztiei. Zahar, gazte, apaiz, era askotako jendearen eritziak agertu nahi izan ditugu. Aiari buruzkoak, noski!
Aiatar guztiei, eta festa horietara inguratzen diren guztiei, jai alai batzu opa dizkiet.
TRIKUARRIETA
12

Gaiez\Gizartea\Besteak
Egileez\TRIKUHARRI1\Gizartea