argia.eus
INPRIMATU
Elizaren Berri
1973ko maiatzaren 13a
Elizaren Berri
Estibalizko Beneditar Batekin Elkarrizketan
Maiatzaren lehenak Estibaliza eraman nau. Jende dexente zen mendi tontor hartan. Bertako eliza berritu dutelakoak zirikatzen ninduen. Egiaz, gustatu zait egin duten lana.
Baina, ez nintekeen harrizko elizaren ikusmira hotsean gara. Eliza biziaren funtsezko biizigarritasuna beste nonbait aurkitu nezakeelakoan joan nintzen.
Joan den astean Taizé-ko giroaz zerbait eman nuenez, Estibalizetaz eman nahi nuke oraingoan. Hartaz, Taizé-taz, urrun samarretik mintzatu nintzen; honetaz, Estibalizetaz, hurbilagotik. Hurbilegitik? Arrisku bi nabari ditut: gauza ez-ezagunaz mintzatzekoa, kasu batetan; hurbilegiko gauza batetaz mintzatzekoa, beste honetan. Eta funtsean, azken kasuan, alderakoi samar mintzatzekoa, mutur batera ala bestera jetzekoa, ikuspegi herstuegiz jardutekoa.
Kezka horiek nere baitan, idatzi dut ene idatzi hou. Kezka horiek bortxatu naute gauza eta ikuspuntu asko lumaren puntan gordetzera
Halere, egun horretan Estibalizen zen zalapartaren artean, bertako fraile bati tarte bat har erazi diot ene galderei erantzuteko. Estibaliztar suharra bera. Ene izkribuak jarraitzen amen ditu Z.A.n, eta hasieratik, "hire euskara zaila zaidak" esaka hasi zait, "eta erdaraz egin beharko diagu elkarrizketa hau; euk moldatu gero derizkioan gisan". Hona bada. Erderaz jardun gara. Eta neure "zulotxoan" eman dut euskaraz.
–Zenbat denbora daramak Estibalizen?
–13 urte: 1960an sartu ninduan hemen, komentuan.
–Nongoa haiz izatez?
–Gasteiztarra.
–Eta zer dagik hemen, Estibalizen?
–Soy el "aparejador», esan dit irrifarrez (pareja-egile esan nahi zuen)
–Nolaz, bada? Ezkontzarik ba ahal duzue hemen, ala?
–Ba bai. Urtean ehunen bat, bai.
–Nolaz etortzen duk hainbat jende honera ezkontzera?
–Ba... debozioz. Estibalizko Andra Marirenganako debozioz. Antzinako debozioa duk hori hemen. Estibalizen XVI mendean eginiko ezkontza baten dokumendua badiagu.
–Eta tradizio horri eusteko, alde on eta baikorrik ikusten ahal diozue?
–Ba, bai. Ezkontza-zeremonia hutsean geldituaz gero ez. Baina, ezkontza hori dela eta gertuketarako aukera bikaina izaten diagu.
–Zer-nolako gertuketarako gero? Ez diat entzun Estibalizen ezkontza-kursilorik egiten duzuenik.
–Ez, kursilorik ez. Hor zehar egiten diren talde-kursilorik ez; guk bikoteak bakarka hartzen ditiagu. Eta hori lan pertsonalagoa duk. Eta ezkongaiek ere gogo onez hartzen diate lan hori.
–Eta lan hori nola lotzen diozue zuen moje bizitzari?
–Ba... gure gain saindutegi bat daukagunez. . .
–Baina, arrazoi horri ez ahal derizkiot artifizial samar?
–Ez...
–Nolaz ez?
–Ba... jendea mila asmoz etortzen duk hona: erretiro asmoz, ikasketa asmoz...
–Eta beste zereginik?
–Bai, motel. Gasteizko euskal bataio guztiak hemen egiten ditiagu.
–Nolaz hori? Ez ahal derizkiok. Gasteizko elizaren aldetik euskal nortasuna gatxiestea dela hori, edo euskaldonak marjinatzea bederen?
–Ez diat ikusten horrelakorik. Alde batetik, Gasteizko apaizek bazekitek euskaraz egin nahi dutenek non egina badutela...
–Baina, horri "patxara ederreko" jarrera zerizkioat. Hori duk errazena. Ez duk uste?
–Ez. Norbaitek Gasteizen bertan egin nahi badu hori, badik horretarako posibilitaterik.
–Ez diat uste gauza berdina denik: gauza bat duk erregela bezala egitea, eta beste bat salbuespen edo excepzio bezala egitea, horretan lege sozialogikoak kontuan hartzekoak hituzke. Baina, gatozen harira. Ikusi dudanez, ondotxo berriztatu duzue Estibalizko eliza hori. Ez zirudik lehengoa. Nola moldatu zarete hori egiteko?
–Badakik. Estibalizko Ama Birjina Arabako zaindari edo patroia duk. Horrez gero, probintzia mailako saindutegia duk. Eta Arabako Diputazioa esku-zabal ibili duk.
–Esku-zabal? Gehiegi galdegitea ez baduk, zenbatsu kostatu duk bada?
–Bederatziren bat miloi, uste diat.
–Gainera, probintzia mailako saindutegiaz mintzatu haiz. Zertan geratzen duk, hire ustetan, Elizaren eta ordena politikoaren berezkuntza, Gotzaiek azken aldi honetan aipatu edo dutena? Nolaz lotzen dituzue biak?
–Egia esan, ez diat horretaz irizpide pertsonalik; ez ziat gehiegi pentsatu arazo horretaz.
–Bederatzi miloi kostatu dela esan duk. Ez ahal derizkiok zuen eliza horretarako gastu gehitxo dela?
–Andra Mariren saindutegiak hala eskatuaz gero, ez diat uste gehiegizko denik.
–Eta gaur zer jai ospatzen duzue bereziki?
–Ba, gaur, aldare nagusiaren sagaratzea diagu. Eta, gainera, beneditarrak Estibaliza etorri zirenezko 50. urtea ospatu nahi izan diagu bidebatez.
–Jende gurutzedun eta eraztundun asko ikusten diat. Zer dela eta abate horiek guztiak?
–50 urte horietan Estibalizekin zerikusi handiena izan duten beneditar elkarteak gonbidatu nahi izan ditiagu jai honetara. Horrela, Silostik, Leiretik, e.a.tik etorri dituk.
–Eta datorren igandean ere zerbait baduzuela ikusi diat kartel handi horietan. Zer duzue xuxen?
–Maiatzaren 6 an, Estibalizko Ama Birjina koroatu zeneko 50. urtea ospatzen diagu.
–Eta Estitalizkoek ba ahal duzue zerikusirik euskal arazoekin?
–Ba, bai. Uste diat, Estibalizko beneditar elkartea oso sensiblea dela euskal arazoekiko.
–Zertan hezur-mamitzen duk sensibletasun hori?
–Hori konkretatzea gauza zaila duk; baina, adibidez, gure arteko batek Gasteizko Ikastolan nola-halako parterik badik.
–Horretara mugatzen ahal duk zuen sensibletasun guztia, ala, beste eraginen bat ba ahal duzue Euskal Herrian?
–Baietz uste diat. Guztien gain, jakina, Araban diagu geure zeregina; baina, Euskal Herri osoan ere bai. Alde guztietatik etortzen dituk exkursioak, ikastetxeak...
–Baina, talde horiekiko zein eragin duzue? "Bar" bat irekitzen diezuela?
–Tira, tira, motel. Ez zetozek hona denbora-pasa hutsean, ez eta jolasera bakarrik ere. Uste diat, Estibalizek baduela jende horrentzat izpiritu-esanahiren bat.
–Zer-nolako esanahia? Jainkoa izadi edo paraje eder delako zerbait, ala?
–Horiek dituk ateraldiak, motel! Hori guztia, izadi edo paraje eder eta beste, Jainkoaren errainu duk. Jainko pertsonalarenganako bide duk, ene ustez.
–Oraingo honetan, sakon samar jo diagu. Goazemak aurrera. Hori ahal duk zuen egiteko guztia?
–Adarra jotzeko gogoz etorri ahal haiz gaur? Ez ahal duk ezagutzen gure biziera, ala?
–Baina, hire ahotik jaso nahi nikek ene irakurleentzat.
–Ba, igandetan ere, jendetza handia biltzen duk hemen. Eta ez duk denbora-pasa hutsean etortzen. Bere ahotik entzuna diagu, hemengo predikuak baduela berezitasun bat; konkretuagoa dela...
–Ez haut nekarazi nahi. Beste galderarik izanen nikek; baina, hona azkena: Elizarako hartu duzuen diru-laguntzak ez ahal zaitue aginte-zibilaren morrontzara edo eramaten?
–Bai, hein batetan, bai. Baina, bestalde, esan behar diat, ez garela ibili laguntza bila, "gure" eliza apain dezaten, arabar herriari saindutegi apain bat antolatzearren baizik.
–Oraingo hau azkena: Nere azken artikulua Zeruko Argian Taize-taz egin nian, Hartan bizitasun bat nabari huen. Bestalde, nere elkarrizketalariak Euskal Herrian antzeko zentroren baten ametsa agertzen zian. Zer derizkiok? Estibalizek beteko ote likek zulo hori?
–Ez zegok gonbaratzerik; biak oso desberdinak dituk.
Egiaz, ez dago gonbaratzerik. Halere, buruak eman dit, desberdintasun aldetik gonbaraketa bat egiten ahal litzakeela. Estibalizen entzun dut Meza Nagusia. Ama Birjinaren irudia toki garai-garaian ezarria ikusi dut. Baina, burua alde batera eta bestera bihortu, eta gurutzerik ez inon. Gero, meza ondean, zoko batean atzeman dut: pareta ertz batean, garai batetan prozesiorako erabili ohi zen horietakoa. Probisionaltasun batean han emana. Eta hauxe etorri zait burura: Ama Birjinalatriarako arriskua ez ote daguen Estibalizen. Agian, aldarea eman nahi izan dute Kristoren irudi bikain bezala; agian, amaitu gabeko berriztatze-lanaren arazoa izan da. Dena den, Mezatan Ama Birjinaz mintzatzeko moduak berak ere, halako gauza xelebre baten inpresioa egin dit. Inolaz ere, ekumenismo kutsu gutxi iritzi diot, bai batari, bai besteari. Eta esan dezadan, ekumenismoa ez dudala ipintzen, beste kristau Elizei lausengaka aritzean, kristautasunaren funtsezkoari atxikitzean baizik.
Hori izan da, funtsean, Taizé-taz eta Estibalizetaz ene baitan egin dudan kontraposizoko gonbaraketa. Agian, beste mailakorik ere eginen ahal litzateke. Utz dezadan hori beste norbaitentzat.
AMUNSA
11

GaiezGizarteaErlijioaBesteak
EgileezAMUNSA1Gizartea