argia.eus
INPRIMATU
"Errria Dut Gogoan, Bertsotan..."
1973ko apirilaren 29a
Jose Migel Iztueta "Lazkao-Txiki" bertsolariari elkarrizketa
Jose Migel Iztueta "Lazkao-Txiki"
"Errria Dut Gogoan, Bertsotan..."
Isilik arkitzen da txori abeslaria, isilik, alabeharrez, "Lazkao-Txiki" bertsolaria. Euskalerrian zehar ainbeste saio eta bertso eskaini dizkigun Jose Migel gure artean dugu. Era guztitako gaiak erabili izan dituen bertsolaria: bai alaiak, baita egoki asko ilunak ere. Amaika txalo jaso duen bertsolaria dugu Lazkao-Txiki. Ezagutzen ez duen euskaldunik ez badago ere, entzun dezaiogun berak zer dioen:
Enaiz mutil aundiya ta
ezta're lizuna,
Txiki xamarra bañan
ez oso illuna,
gixen xamarra eta
gañera leguna,
orain falta zaitana
neguan laguna.
Bertso hauxe eskaini zigun 1965 garren urtean Urteberri egunez egin zen txapelketa hartan. Uztapideren ondoren, bigarren gelditu zitzaigun Lazkao-Txiki.
-Bertsolariak nun nahi arrera ona izan du, jendeak ezin hobeto erantzun du, eta hori da bertsolarientzat pozgarriena Entzulea arretaz eta adi-adi egon ohi denean, bertsolariak orduan abesten duen gustoen.
-Gazte zaitugu Jose Migel, baiñan aspaldiko ere bai bertsolari bezela.
-Amabost urte nituelarik asi nintzen bertsoak botatzen. Gogoz entzuten nituen bertsoak, eta zaleturik egoten nintzan bertsolarien saioak entzuteko. Poliki poliki niren baitan bertsoak botatzeko gogoa ere piztu zitzaidan eta horrelaxe asi nintzen.
-Lehenengo saioaz oroitzen al zera?
-Ia ogeitamar urte dira Saiburu eta Basarri bertsolariekin batera Lazkaon plazaratu nintzala. Jendaurrean lehenago, antzerki jaialdi batean agertua nintzan, baina aipatu dizuten hori izan zan lehenengoa. Geroztik, beldurra alde batera utziaz, erriz-erri amaika saio egin izan ditut.
-Bertsolaria berez behar al da? Jardunaren jardunez ez al da bertsolari izatera iristen?
-Bertsolari doaia eta sena berez behar ditu, ez da nolanahi eskura edo lortu ditekeen zerbait. Hortaz gain, nor bera saiatzea, lantzea onurakorra izango da ezpairik gabe. Baiña berezkorik ez bada, gaiñontzeko guztiak alperrikakoak izango dira.
-Lehengoak ala oraingoak, zeintzu dira bertsolari obeak?
-Bertsolari on ugari eman du Euskalerriak, eta zalla da galdetu didazunari erantzutea. Lehenago era batean abesten zan, entzuleak eta giroa gaurkoak ez bezelakoak ziran, bertsolari bikaiñik bazegoen.
-Atseginen zaizkizun bertsolariak?
-Pello Mari Otaño, Udarregi, Xenpelar, Gaztelu eta beste asko oso gogozkoak ditut. Baiñan Juan Cruz Zapirainen bertsoak, Genovevarenak batez ere, gaurregun ain ezgunak ez badira ere, oso oso onak dituzu.
-Bertsolaritzaren etorkizuna, nola ikusten duzu?
-Orain bertsotan ari garen gehienak lagun artean sortutako bertsolariak gara. Gaurko giroak, bizikerak kuadrillak ahuldu ditu, ez dugu ainbesterañoko arremanik eta lagun artean ia ez da bertsorik ezntzuten. Kale giroan, bestalde, bertsolariak nekez sortuko da, erdal giroa nagusitzen ari zaigulako. Bertsolariak, berriz, euskaldun osoa, erabateko euskalduna behar du bertsoak tajutuko baditu. Sariketa eta txapelketa onurakorrak dituzu, baiñan ez da nahikoa. Baserrian lan gehiago egin behar litzateke.
-Zer eginik badago beraz.
- Euskera jo duen pipiak bertsolaritza ere gogor jo du. Gaztetxoek ez dute bertso zaletasunik, beste musika eta ritmoak daduzkate gogoan. Etorkizuna iluna dakusat luzarora.
-Musika aipatu duzunez, Jose Migel , bertsoen doiñuak zuek asmatzen al dituzue?
-Ez, gehienak ikasiak ditugu. Bakoitzak, bere nortasunez abesten du, baiño lehengo doñuei jarraiki. Doiñu berri gutxi sortzen da.
-Zeintzuk dira gogozkoen dituzun gaiak?
-Amaika izkirimiri kantatu izan dut bertsotan, jendeari irripar eta par-algara sortarazi ere bai, baiño gehiagotan. Bertsolariak gai asko erabiltzen ditu. Nik, nerez, gai ilunak eta gertaera garratzak ditut gogozkoenak.
-Zure kezkarik nagusiena?
-Erriari abesten diot eta erria dut gogoan bertsotan. Zoritxarrez, gure erri giro ontan gure arteko batasunik eza da gehien sumintzen eta samintzen nauena. Erdal eragina sumatzen da edonon, eta euskera bera arriskupean ikusten dut alderdi ontatik. Idazleengan ere, erdal esaldiak, joskera eta erdal itzak gehiegi nabarmenduz doaz. Ez dakit, etxeko aurra il eta sasikoa etxeratzen ez ote geran ari.
Lazkao-Txiki kezkati ikusten dugu, nahigabetua, etorkizuna ilun ikusten duelarik. Berak badu euskal kontzientziatik eta ez nolanahikoa, gaiñera.
Baserritik sortu izan dira bertsolariak, baiña baserria ezinean aurkitzen da. Ara Lazkao-Txikik utsik zegoen baserri bati ipinitako bertsoak:
O, baserritxo, artuko dezu
biotz barrenetik min
eskerrak mirik ez duzu eta
ezin dezu gaur itzegin;
zenbait famili azi dezuen
Jainkuak bakarrik jakin,
orain bakarrik uzten zaituzte
ondotik danak aldegin.

Zuk eman duzu ainbat aurtxoren
babesa eta epela,
ikusten zaitut gaur egunean
eskerrik gabe zaudela;
bertsolaria minberatzen da
zu ikustian onela, gaur baserri au ikusten det nik
gure euskera bezela.

Agur jose Migel, agur Lazkao jai egun hauetan. Euskera eta baserria, zer esanik ez Euskalerria, egoera obean ezagutzeko zoria izan dezagula.
11

GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaLAZKAO-TXI1
PertsonaiazLAZKAO-TXI1