Edozer gauza esateko euskerak duen gaitasuna ikusi dut. Beste profesiodunentzat pizgarri izan nahi du iztegi honek
1973ko martxoaren 25
Aita Goena Sikiatra
Edozer gauza esateko euskerak duen gaitasuna ikusi dut. Beste profesiodunentzat pizgarri izan nahi du iztegi honek
Aita Goena jesulaguna dugu. Sendagile-sikiatra. Lan horri lotu zaio orain dala amaika-amabi urtez gero. Bere sendagiletza batez ere euskaldunen artean erabili du. Jakina da sikiatrarengana doan eri batek konfiantza osoz itzegin behar diola. Medikuari bere sentimenak ahal denik eta garbienik azaldu behar dizkio, sendabidean jarri nahi badu. Hortaz jabeturik, Aita Goenak berehalaxe ekin zion lanari. Bere konsultako joan etorriari begiratu besterik ez dago, euskaldun jende asko dabilela ikusteko.
Aita Goenaren joera hortatik beste ondorio bat ere bazetorren: Sikologi inguruko gaietaz itzaldiak leku askotatik eskatu izan zaizkio, batez ere errietatik. Euskeraz, noski. Eta lan horretan ere jardun du Karlos Goena sendagileak.
Baina gaur, orrialde hauetara dakargun elkarrizketa hau egitera, beste zerbaitek bultzatu gaitu. Izan ere, Aita Goenak "GIZA-BIZIA" izeneko iztegia argitara berri du. Gazte-euskaldun anatomi iztegia. Liburu ederra eta garrantzi berezikoa. Ikus ditzagun egilearen asmo eta iritziak.
-Nola sortu zan iztegi hau?
-Azkeneko urteotan erriz erri ibili behar izan dut itzaldiak ematen. Guraso askoren edo gazteen jakin minari erantzunaz, jakina, euskeraz eman behar izaten nituen itzaldi horiek eta lanbide horretan sortu zitzaidan kezka. Egia esan, gaiak azaltzean, aldi bakoitzean sumatzen nuen iztegi baten falta, euskal iztegiaren falta, nik nerabilzkien gaiak garbi azaltzeko, ez neukan patxada osoan, lasai, gustora itzegiterik. Beti erdarara jo behar eta eta ezinean ibili behar, benetako oztopoa aurkitu nuen itz falta horretan.
Bestalde, inbiria ere ematen zi dan, gaztelaniaz edozer itz nola erabiltzen duten eta euskera maila horretara ez zela iritxi oraindik ikusteak. Landuz gero, euskera bera ere horretarako gai izango ote zen ere jakin nahiak asko bultzatu zidan nere lanari ekiteko.
-Zer ikusi eta ikasi duzu zure lan honekin?
-Egia esan, asieran euskera ez zela gai uste nuen, baina arian arian ikusi dugu erriak guk uste baino askoz ere itz gehiago esan dituela, gauza asko adierazi dituela bere izkuntzan, alegia. Beste gauza pozgarria hau izan da: Edozer gauza azaltzeko euskarak duen gaitasuna ikustea.
–Zenbat itz bildu dituzu?
–Bi multzo berezi behar dira iztegian. Bata, "Nómina Anatómica In ternacional" deritzanaren euskeratzea, hau da, anatomi-iztegi osoa. Horrek lau bat mila itz izango ditu. Baina gainera, beste zati batean, histologi-fisiologi-psicologi aldeko beste biren bat mila itz daude.
Eraskinean berriz, nahiz eta ez egon itz asko, bidea azaltzen dut beste itz batzuk sortzeko. Hori onartuz gero, beste lau edo bost mila itz berri erabiltzeko gauza ginake.
–Zenbat denborako lana izan duzu hau?
–Ia iru urtetako lana.
–Zure iztegian argi dakusagu nola jokatu duzun atzizkiez. Bainan zer oztopo eta zailtasun aurkitu dituzu prefijo edo aurrizkiez?
–Iztegia bera halakoa delako edo, ez dugu aurkitu hor gehiegizko prolemarik.
–Zure lan horretan izan al du parterik Euskaltzaindiak, baiezteko edo babesteko bederen?
–Bi euskaltzain ari izan dira lanean nerekin: Anbrosio Zatarain eta Josu Oregi jaunak. Baina erakunde bezala, Euskaltzaindiak berak ez du parterik izan.
Jakin, jakin dute nola ari ginen. Orain, nik Euskaltzaindiari nere lana eskeintzeko asmoa dut, azter dezan eta bere babesa edo aholkua eman dezan. Benetan bere eskuetan uzteko asmoa dut nere lana.
–Zure iztegi hau goi-mailan sortua da. Goiko maila horretan jaiotako itzak egokiak izango ote dira izkuntza arruntarako ere?
–Mitxelena jaunak esan berria duen bezala pentsatzen dut nik ere gai honetan: Alegia, iztegi guztiak egin betar lirakeela goitik behera, ez alderantziz askotan gertatzen dan bezala. Behetik asiz gero, ez baitakizu goragoko mailetarako gai izango ote diren itz haiek. Irizpide egokia iruditzen zait neri orain, nere lana egin eta gero, Mitxelenak adierazitako hori.
Nere iztegi honetan badaude oso teknikoak diren itzak, bai eta arruntak ere. Goi-mailako zabaltasunean jaiotako itzak egokiagoak izaten dira bizikera arrunt batean erabiltzeko ere, askox ere aberatsagoak. Behetik asita, itsu-itsuan jokatzeko arriskua dago.
–Euskal Errian lanean ari diren sendagileak, izkuntza arazo honetaz kezkaturik ote daude?
–Banaka batzuk, bai. Euskaltzaindian ere badago medikurik. Bai nik orohar, ez dut ikuten horrelako kezkarik. Profesio mintzaira hau euskeraz erabiltzeko, asko falta zaigu. Horregatik nere lan han pizgarri izan ditekeela uste dut, bai sendagileen artean eta bai beste profesidunen artean ere. Euskerak merezi du, gai da, eta eman behar zaio konfiantza hau.
–Iztegi hau profesio-mailan dihardunentzat egina duzu batipat. Baina ez al litzake erraza zure lan hortaz baliatuz, ikastola-mailako iztegitxoren bat, marrazki eta guzti, egitea?
–Liburuan bertan hori eginik dago. Hain zuzen, bigarren zatia, irudiz jantzirikoa, ikasleitari begiratuaz egin dut. Batez ere "bachiller" mailan pentsatuaz. Agian, bigarren zati horrekin liburuxka bereziak osatzea litzake egoki.
–Zer garrantzi ematen diozu marrazkilariaren lanari?
–Garrantzi ikaragarria. Oso onak dira, garbiak, argiak; Garridok egin dituen marrazkiak; eta pedagogi aldetik beharrezkoak. Zientzia-aldetik begiratuz ere oso egokiak dira. Marrazki hoiekin, umeek eta gaztetxoek, jolasean bezala ikasi ditzakete gauza asko eta itzak erraz-erraz bereganatu. Horrela ez zaigu gertatuko, erri txiki batzutan ikusi dudan bezala, "birika" esan beharrean jendeak "pulmoia" esatea, ezjakintasunez. Zer mina ematen zidan!
Zer gehiago erantsi behar ote zaie Aita Goenaren esanei? Gauza bat azpimarkatuko dugu: Beste profesio askotako jakintsu euskaldunak ere saia ditezela horrela jokatzen. Euskerak mundura irten behar badu–eta garaia heldu zaio– ezin utz dezakegu lan hau gerorako.
ERRIALDE
1