argia.eus
INPRIMATU
Zaharra etetzeke, gaurko giroari atxiki
1972ko abenduaren 03a
Karmelo Etxegaray taldearekin elkarrizketan.
Urola Ibarreko Biltzarrak
Zaharra etetzeke, gaurko giroari atxiki
Urola ibarreo "Karmelo Etxegaray" taldeak lehen pausoak emanik, eta Azpeitiako Antxieta etxea leku berezi-berezitzat harturik, Abendu hontako zazpian emango zaie hasiera "Urola Ibarreko Biltzarrei". Jende asko ibili da lanean, herri guztiak hartu baitu eta aurkitu dugunez, elkarrizketa hau eskeintzen dizugu, irakurle. (Ikus 7garren orrialdean, biltzrren araudia).
-Zer dela eta antolatu dituzue "Urola Ibarreko Biltzar" hauk?
-Garai batetan Euskal Herriko hainbat herritan, "Euskal jai" izenez antolatzen ziren erromeri giroko jaialdi soil batzuk. Haiek beren egitekoa beterik utzi zuten; eta folklore kutsua bazuten ere, ez ziren guztiz baztergarriak. Orduz lehen galdu ere egin ziren, eta kito ezer gabe gelditu ginen.
Haiek utzi ziguten hutsarte bete nahirik goaz, Urolan Biltzarrok eratzera. Lehjengo zaharra etetzeke gaurregungo giroari atxikiaz.
Bestalde, azkenaldi honetan bailaran gose-egarri bat nabari da, kultura alorrean. Jende kezkatu asko zerbait egiteko gogoz arkitzen da. Haiek guztiei erantzutearrei ere, bagoazkie ekintza hau tajutzera; eta denen gainetik gure kultura indarberriturik ahal dezakegun prestuena egin nahi genduke.
-Noiztik ari zerate antolaketan?
-Joan zen abuztuan hasi ginan lehendabiziko urratsak ematen. Lanean pittin bat hasi orduko, jendearen arrera beroaz oartu ginen. Ateak zabaldurik aurkitzen genituen toki gehienetan; eta onek aurrera jarraitzeko gogoa ematen zigun.
Pundu asko zegoen ikusi eta aztertzeko, batzuek guk bakarrik soilki tajutu ezinezkoak. Joxanton Arze, Ormazabal, Zumeta, Uria, Unzurrunzaga eta Balerdiri joan gintzaizkien gure asmo guztiak agertzera. Jaun haiak, lehenengo monentutik aldez edo moldez guri laguntzeko prest aurkitu gintuen.
Egitaraua mamitzen ari zen arabera, jende gehieagoren premian aurkitzen ginen. Erantzuna ordea, ezin arretatsuagoa izan. Erriko koadrilla, gazte, zahar, elkarte guztiak, irrati, hiru diru etxe, e.b. Denek artu dute parte antolakizunean. Egitaraua beraz arras herrikoia da. Halare pulitanoren bat egonen da oilarrak kukurrukurik jotzen ahal duen galdegingo duena.
-Nagusiki, zer lortu nahi zenduke Biltzar hauekin?
-Banan bana has gaitezen guk lortu nahi ditugun xedeak aipatzen. Ez ditugu luzegi jardungo. Zeren edeak ehunka orri betetzeko lain haina eman bait dezake. Bost puntutan bilduko dizugu; eta ez dira gainera pundu metafisikoak eta utopia lorkaitzak.
1) Gure kultura ikuspegi berri batetatik azter nahi genduke. Egitarauan badira zenbait zati, oraino gutxi landu direnak; baina gure kulturaren nortasuna sakontzeko erruz lagun ahal dezaketenak. Aztergailu berri hauek herri-kulturan atxikitzea, gure helburu nagusi bat da.
2) Lehenengo "Euskal Jai", eta egungo kultura ekintza hauen lokarri izan. Bien arteko utsunea beteaz. Helburu hau, kultura jorratuaz eta goragoko mailara jasoaz iritsiko dugu.
3) Jendea, kultura arkoan hezi. Hezi molde berri baten hastapenak agertuaz. Sarritan abusatu egin da, jendea kezkatzeke dagoen ustetan. Maiz guk uste baino kezka haundiagoren jabe da jendea. Beti kezkatu zai egoteke, hezibideak aurkezteko garaia ere iritsi zaigu.
4) Artistak herriarengana urbildu edo alderantziz. Euskal Herrian hainbat artista dugu mundu guztian barna dabilena, eta guk ez bide dugu ezagutzen. Tamala da herriko artistak erdal aldizkarien bitartez bakarrik ezagutzea. Leize zulo honen zubi izan nahi nuke.
5) Iruña eta Tolosan ospatu ziren kultur saioei jarraipen bat eman nahi izan diogu. Haietan xautu ziren lan eta esperientziek, Hamabostaldi batetan agortzeko lujorik ez bide dute. Honela jokatzera beharturik gaude, Euskal Herri osora ekintzaok zabal ditezen.
-Zer moduzko Euskal giroa duzue Urola alde honetan?
-Hemen berizkuntza bat dugu. Gipuzkoa guztian euskara gehien bat egiten den ibarra berau izango dugu, eta gertaera honek beti ere Euskal giroa berotu egiten du. Orain arte eratu izan diren ekintzak, arrera ona izan dute. Azkenengo hau berau lekuko. Baina oraindik Euskal giroa jorratzen bada lanik franko, eta egiteko honetan Loiolan sortu den "Gogarte-etxeak" erruz lagun dezake. Bestetik, Azkoitian bertan oraintsu "kimu" deritzon kultur talde berri bat ere sortu da. Guztion artean zerbait funtsesgorik egingo ahal dugu.
-Artea eta hirigintza nola lotu dituzue?
-Zenbaitentzat badirudi artea museoko hautsartean egon behar duen zirriborro bat dela. Artea, olerkia bezala, mezua eta sena duen zerbait da; eta egungo egunean herrian sekula baino arte behar gehiago dugu. Hirigintza berriz arte aplikatu bat dela esango genduke. Guk arkitektura Euskal estetikaren baitan sartzen dugu. Gaurregun industriagintza eta espekulazioaren astakerak birrintzera deitua dago hirigintza. Noiz ukan dute gure herriak gaur hainako premia poluziopetik irtetzeko?...
Hilso honetan, Xabier Unzurrunzaga bere taldearekin egiten ari den lana benetan ixtimatzekoa da.
-Arte gaia gehiegi bezala ez al duzue hartu?
-Gure ustez ez. Orain arte gisa honetako antolaletan, bertsolari, kantari, trikitilari etb ez dira faltatu; baina bai arte gaia.
Guk beste haiek arbuiatu, artea ere sartu dugu, urtean zehar, beti antolatzen ditugu ekonomia, gizartegintza, kondaira, teologia eta beste gai askori buruz azterketak. Arteari gagozkiola ordea egungo ez. Beraz artistaren gorazarre bat ere izan nahi dute Biltzar hauek.
-Artista, artista, dantzari eta erresilen artean, zer arrera izan duzue?
-Oso pozik gaude egin diguten arreraz. Esku zabaltasun guztiak hartu gaituzte. Herriarengana askoz gehiago hurbildu nahirk dago artista asko.
Orain arte, artistaren lana jauntso dirutsu bakar batzuek eskuratu dute. Hemendik aurreruntz artistaren produzinoa herriarentzat izatea nahi genuke. Agian onen soluzioa, ibarretan espozizio iraunkor batzuek lortuko genuke. Artistak gure kulturaren bideak zabaldu nahirik aurkitzen ditugu. Biltzar hauek antolatzen ere parte haundia artu dute. Gutxienik esperientzia bat jasoko dugu behintzat.
-Euskal Herrian, gaur nola ikusten duzue euskera alorra?
-Azken urteoten Euskal Herrian mugimendu haundi bat sortu da kultura sailean. Ikastola, alfabetatze, irakasle, kantari, aldizkari, e.a. Denok ongi ezagutzen ditugun zipozkeria batzuk izan ez bagenitu (eta honetan denok gara errudun) gorakada bikainagoa izanen zukeen.
Gaur ZUZENDARITZA baten premia dugu batipat kultura arazoetan. Zenbaitentzat kultura ez da herria ezitzeko bide bat; aitzik nor bere prestigio bide, eta jostailu, nor bere "gelatxoan" sarturik jarrai nahi dute. Hautxek ditugu, sarritan taldekerian ez dela erori behar, esaten dutenak. Ez bide dira ohartzen, bere sujetibismo ustelak inongo taldekeria guztiak sutzen dituela.
Orain arte egin denakin ezin gindezke liluratu. Egungo ikastoletako barne liskarrak ere erro-errotik aztertu beharrezkoak dira. Euskal Herriko kondaira, G. Veneroren gisako atzerritarrak egiten ari zaizkigu. Honetan kondairagileak oso bakarka, elkarren arteko loturarik gabe ari dira lanean.
Bestetik zerbait lan-sail erabat profesionalizatu beharrean ditugu. Orain ez gara hasiko lan sail bakoitza aipatzen. Baina kulturaren barrutian zehar abiatu dena, arin oartzen da hutsune guztiotaz.
-Inongo diru laguntzarik izan ahal duzue?
-Herrian bertan eta zehatzagi esanda, antolatzaileon artean, ordaindu dugu gastu guztia. Berrogeitamar eta ehun pezetako bono batzuk aterako ditugu borondatez lagundu nahi diguten guztiontzat. Hortik aparte sarrerak ipiñiko ditugu ahal den modurik onenean. Arazo onetan gure helburua zera da: Alegia Biltzarrotan parte artu nahi duen jendeak ahal duen dirurik gutxiena xahu dezala; zeren beste asteko soldata osoa gastatu beharko luke. Ez dugu uste inor atzera geldituko denik, diru kontuagatik.
Diru txamarrenbat gelditu balitz, arras herriko beharretarako izango litzake. Baina gaurkoz sail somatzen dugu sobrakinik gelditzea. Gastu haundiak eginik bait ditugu. Baina tira! Sinekoak kendurik larru gorrikorik ez ahal gaituzte utziko.
-Jarraipenik izango ahal dute biltzar hauek?
-Ez jarraipen hutsa; bakarrik guk utzi ditugun zenbait zulo beteaz jarraitu behar dute gainera. Hala gerta dedin ari gara lanean. Lehenik behintzat Azkoitiako Iñaki Uriarekin hitzemanen gara. Azkoitiarrek ere badituzte beren asmoak Intxaustiko jauregian betetzeko. Antxietan agertuko den espozizinoa, Azkoitian ere aixa eratu daiteke. Bestetik udaberri aldera, arkitektura gaitzak harturik, lan sakon bat egin nahi genduke. Geroxeago beste hainbeste musikarekin ere. Kontuan ar ezazu astapenetan gaudela oraino. Aldiz aurrez badakizu, Biltzarrok geuk nahi genduken bezain ongi ez zaizkigula aterako; baina ongi merezi duen esperientzia bat urratzera goazkizu.
Bestalde tamala izango litzake Urolako mugetan bakarrik gelditzea. Guk bezain ongi eratzeko bait da beste zenbait "Elkarte". Adibidez or ditugu Arrasaten Danok eta Bergaran "Alkartasuna". Beraz jarraitze kontu onekin beste ibarrek ere badute hitza.
IZARRAITZ

Antxieta etxea, Azpeitian.
1

GaiezKulturaArteaBesteak
EgileezIZARRAITZ1Kultura